Gas isuriak %4 murriztu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2018. urtean

Hala ere, murrizketak ez zuen berdindu aurreko urtean izandako gorakada. Arriola: «Ekonomia modu jasangarrian suspertu behar da»

Auto ilarak, Errenterian (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ezagutarazi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2018ko datuak berotegi gasen isuriari dagokionez. Positiboak dira datuak: hiru herrialdeetan gas horien isuria %4 murriztu zen aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, murrizketak ez du lortu aurreko urtean izandako gorakada berdintzea, 2017an isuriak %5,45 ugaritu baitziren. Edonola ere, Ingurumen Sailak nabarmendu du igoera hura «abaguneari lotutakoa» izan zela eta orain «beheranzko bidera» itzuli direla hiru herrialdeak.

Iñaki Arriola sailburuak nabarmendu du 2018ko jaitsiera hura «hazkunde ekonomikoko testuinguru batean» gertatu zela, urte hartan BPG barne produktu gordina %3 hazi baitzen; ekonomia hazi izanagatik ere berotegi gasen isuria 20 milioi tonen langaren azpitik gelditu izana 18,9 tona isuri ziren lorpen handitzat jo du.

Elena Moreno sailburuordeak sektoreka aletu ditu isurien datuak. Esan duenez, murrizketarik handiena industria eta energia sektoreetan izan da, eta, neurri apalago batean, garraioarenean. Datu hori nabarmendu nahi izan du: izan ere, hiru sektore horiek dira berotegi gas gehien isurtzen dutenak, isuritako guztiaren %86 zehazki: %34 energiaren sektoreak, beste %34 garraioarenak, eta %18 industria sektoreak.

Energiaren sektorean, isuriak %5 gutxitu dira, eta industriarenean, berriz, %9. Azken datu hori bereziki azpimarragarria da, Morenoren esanetan, kontuan izanda sektore horrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen garrantzia, eta azken urteetako joerari segida ematen diolako: esan duenez, 2005etik isuriak %38 jaitsi dira. «Horrek agerian uzten du sektore horretan gertatu den eraldaketa», esan du.

Garraioan, «kezka»

Garraioan ere gas gutxiago isuri dira, baina %1 gutxiago baino ez. Gainera, Morenok azaldu duenez, garraioarena da Jaurlaritzari «kezka» eragiten dion arloa eta «etorkizunerako gakoa», gas isurien arazoa konpondu nahi bada: isuri iturririk handienetan bigarrena da, eta 2005etik %15 igo da. Batez ere, errepideari lotutako garraioa da ardura gehien sortzen duena, eta etorkizunean horri oratu beharra nabarmendu du Morenok.

Bizitegi eta zerbitzuen sektorean, berriz, berotegi gasen isuriak %5 gehitu ziren 2018an, etxeetako gas naturalaren eta petrolioaren deribatuen kontsumo handiagoaren ondorioz. Morenok garrantzia kendu dio horri, sektore horiek oso pisu txikia dutelako isurketetan: isuritako gasen %7 baino ez dira.

Pandemiaren ondorioak

Oraindik denbora beharko da 2019 eta 2020ko datuak eskuragarri izateko, baina begien bistakoa da COVID-19ak ekarritako konfinamenduak eta jarduera guztien etenaldiak eragina izango dutela berotegi gasen isurian ere. Iñaki Arriolak aurreratu duenez, isuriak %20 inguru murriztu ziren martxoan, eta %40 apirilean.

Orain, berriz, ekonomia suspertzeko neurriak iragartzen ari diren honetan, arriskua dago klima aldaketaren kontrako jardunbidea bigarren mailan gelditzeko. «Beharrezkoa da ekonomia suspertzea, baina modu jasangarrian egin beharko genuke hori», esan du Arriolak, eta iragarri du kanpaina bat abiaraziko dutela ideia hori gizarteratzeko.

Jaurlaritzaren helburua da 2030erako isuriak %40 gutxitzea, eta 2050erako %80, 2005ekoekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.