EBk akordio bat egin du Nekazaritza Politika Bateratua berritzeko

Estatu kideek ia 390.000 milioiko aurrekontua adostu dute programa berrirako. Euskal sindikatuek bertako plan estrategikoa eskatu dute

Klockner Alemaniako Nekazaritza ministroa eta Planas Espainiakoa, atzoko bileran. FRANCOIS WALSCHAERTS / EFE.
aitor biain
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren ikurretako bat da, eta hura berritzeko izandako zailtasunak eta eztabaida luzeak dira horren erakusgarri: bi urte eta erdiko eta azken uneko 42 orduko etengabeko negoziazioak behar izan baitira akordiorako oinarri bat jartzeko. Baina NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformak badu lehen oniritzia: atzo goizaldean egin zuten akordioa 27 estatu kideetako Nekazaritza ministroek.

2023etik 2027ra arteko nekazaritza arloan indarrean izango diren politika ildoak finkatzen ditu erreformak, eta, horiek aurrera eramateko, 387.000 milioi euroko aurrekontua adostu zuten atzo kontseiluan. Akordioak herrialde guztien babesa izan zuen, Lituaniarena aurkako botoa eman zuen bakarra izan zen, Errumaniarena, Bulgariarena eta Letoniarena salbu abstenitu egin ziren.

EBko Nekazaritza ministroek oniritzia eman zieten erreforma osatzen duten hiru araudiei: herrialdeen plan estrategikoei, merkatuen antolaketa bateratuari eta laguntzen finantzaketari buruzko erregulazioari. Eta, hain zuzen ere, azken puntu horrek eragin zuen bazkideen arteko desadostasunik handiena. Izan ere, estatu kideek oreka bilatu nahi izan zuten, nekazaritza eredu ekologikoago baten aldeko eskarien eta sektoreko profesionalen errentagarritasun eta lehiakortasun eskakizunen artean. Modu horretan, ekoeskemak deituriko aparteko laguntza lerroa sortzea erabaki zuten bileran. Laguntza horiek klimaren eta ingurumenaren onurarako izango diren nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak sustatzeko izango dira, eta hobari gisara funtzionatuko dute.

Diru poltsa horren zenbatekoak eta derrigortasunak eragin zuen bazkideen arteko desadostasuna. Bada, azkenerako, herrialdeek onetsi zuten zuzeneko ordainketen %20 bideratzea ekoeskemak finantzatzera, eta %60 oinarrizko errentetara. Estatu kideentzat derrigorrezkoak izango dira gainera, eta borondatezkoak nekazari eta abeltzainentzat lehenengo urteetan.

Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformak lehen urratsa egin du, baina bide luzea du oraindik guztiz onartua izateko. Izan ere, nekazaritza ministroek Europako Kontseiluan egindako akordioa parlamentuan eztabaidatu beharko dute lehenik. Erreforma ostiralean bozkatzea aurreikusten da, eta estatuek behin betiko oniritzia eman beharko diote ondoren.

ENBAren eskaria

Behin NPB berria onartuta, estatu bakoitzak bere plan nazionala garatu beharko du, eta bide horretan, ENBA ez dator bat Espainiako Gobernuaren plan bakarraren asmoekin. Sindikatuak uste du euskal plan estrategikoa garatu behar dela sektoreak bertan dituen beharrizanei erantzuteko.

Izan ere, sindikatuak ohartarazi du NPB berria kaltegarria izan daitekeela abeltzainentzat bereziki, mendiko larreen kontserbazioa «indartu beharreko ekoeskema gisa» hartzen ez bada, esaterako. Hori dela eta, «mendiko nekazaritza eredu bat» eta «lurraldean finkatutako familia nekazaritza eredua» sustatuko dituen plana eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.