Greziako Gobernuaren immigrazio planaren aurka ari dira herritarrak

Gobernuak iheslarientzako zentro itxiak eraiki nahi ditu Egeoko uharteetan, eta bertako herritarrak ez datoz bat asmo horrekin

Lesbosko hainbat herritar eta poliziak, parez pare, atzo. PANAGIOTIS BALASKAS / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Greziako Gobernuaren immigrazio planak aurrera jarraitzen du, aste honetan liskarrak eragin baditu ere Egeoko uharteetan: Lesbosen, Kiosen, Samosen, Lerosen eta Kosen. Hori jakinarazi zuen atzo Stelios Petsas bozeramaileak. Istilu larriak izan dira, herritarrek gogor ekin baitiote polizien kontra, plan horretako neurri baten aurka daudelako. Gobernuak iheslarientzako zentro itxiak eraiki nahi ditu Egeo uharteetan, eta bertakoak ez daude ados asmo horrekin. Astearte goizaldean hasi ziren protestak, eta gobernuak istiluen aurkako polizia gehienak uharteetatik ateratzea erabaki zuen atzo.

Orain, 42.000 iheslari daude uharteetan, baldintza kaskarrak dituzten guneetan, baina berez 6.000 pertsona bakarrik hartzeko daude prestatuak. Immigrazio planaren arabera, zentro itxiek 25.000 lagunentzako lekua izango lukete, eta gainontzekoak Turkiara bidaltzeko asmotan dabil Demokrazia Berria alderdiaren gobernu kontserbadorea. Hain zuzen, asiloa eskatu eta onartzen ez zaienak deportatu nahi ditu alboko herrialdera; 93.000 lagunek dute eskatuta.

Herritarren haserrealdia baretze aldera, Kostas Muntsuris lehen ministroaren gobernuak neurri zehatza proposatu die Egeoko agintariei: iheslarien oraingo esparruak ixteko data zehatz bat jartzea. Lehendik ere iragarriak zeuzkan hainbat asmo; horien artean dago itsasoan hesi flotagarriak jartzea, iheslariei uharteetara iristea galarazteko.

Gobernua eginahalak eta bi ari da egiten herritarrak arrastoan sartzeko, eta, aurrekoak bezalako neurriez gain, adierazpenen bidez ere nahi ditu uharteko bizilagunak limurtu. «Zentro itxi berriak eraikitzea ezinbestekoa da uharteen segurtasuna bermatzeko», esan du Petsas bozeramaileak egun hauetan. Elkarrizketaren bideak ere irekita jarraitzen du, eta atzo bertan bilera bat egitekoa zen uharteetako agintariekin.

Nazioarteko Erreskate Batzordeko Greziako buru Dimitra Kalogeropuluk ere hitz egin du auziaz: «Ez da ona iheslari kopuru handia pilatuta egotea oraingo esparruetan. Herritarrak beldur dira uharteak espetxe ez ote diren bihurtuko. Iheslariek uste dute, aldiz, behartu egiten dituztela orain bezalako bizi baldintza arriskutsuetan bizitzera».

Herritarrak etorkinen aurka

Egeoko uharteetako herritarren jarrera iheslarien kontrakoa zen bestela ere; hala diote inkestek. Bizilagunak sutan jarri dituena astearte goizaldean gertatu zen, orduan lehertu baitzen liskar giroa. Zentro berriak eraikitzeko makinak eta langileak itsasontziz iritsi ziren, poliziek lagunduta eta babestuta. Gobernua asteetan zebilen uharteetako agintariekin hizketan gaiaren inguruan, eta, bertakoen arabera, «inori ezer jakinarazi gabe» bidali zituen makinak eta langileak.

Bizilagunek kalera ateratzea erabaki zuten, eta hainbat ekintza egin zituzten asteartetik aurrera: zentroak eraiki behar dituzten lekuetara doazen errepideak eten zituzten; greba orokorra ere egin zuten herenegun; baita polizien hotelei eraso egin ere, handik ateratzeko. Istilurik larrienak Lesbos —19.000 iheslari daude— eta Kios uharteetan izan izan ziren. Hirurogeitik gora lagun zauritu dituzte egun hauetako istiluek, horietako gehienak poliziak. Herritarrek tiro ere egin diete poliziei. Gobernuak, bestalde, txalotu egin du segurtasun indarren lana: «Inoiz ikusi gabeko moderazioa erakutsi dute», esan zuen atzo Petsas bozeramaileak.

Immigrazio planak arrakala eragin du Demokrazia Berria alderdian: uharteetako kide batzuek dimisioa eman dute. Herritarren oldarraz gain, gobernuak uharteetako agintarien hitz gogorrak ere entzun behar izan ditu, Ipar Egeoko gobernadore Kostas Muntsurisek Poliziari «okupazio indar» deitu ziolako. Diktadura garaian «egitera ausartu ez zirenak egitea» ere leporatu zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.