Zamaketariek portuko egoera desblokeatzeko eskaintza egin dute

Enpresak ez du onartu lehen bileran; beraz, grebak indarrean dirau. Bi dira eskaerak: behin-behinekoak itzultzea eta euren lana berma dadila

Zamaketariek iragan astean antolaturiko manifestazioa, Santurtziko kaleetan barrena. GOYODOCKER.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko portuko zamaketariek lan gatazka desblokeatu eta negoziazio epe bat hasteko eskaintza egin diote BilboEstibari. Egun indarrean dagoen greba deialdia aldi batez bertan behera uzteko prest daude mahaiaren inguruan eseri eta lan hitzarmena negoziatzeko. Lehen bileran, baina, ez da akordiorik izan, eta zamaketariek egun indarrean duten greba deialdiari eutsiko diote —txanda bakoitzeko erdia azaroaren 9ra arte—. Dena den, gaur ez du eragin handirik izango, portuko agintaritzak gutxieneko zerbitzu izendatu baititu gaur iritsiko diren ia itsasontzi guztiak.

Bilera eguna izan zuten atzo BilboEstibako buruek eta zamaketarien sindikatuetako ordezkariek —Coordinadora, UGT, ELA, LAB eta KAIA-Bes—. Ia hilabetez elkarren berri izan gabe egon ondoren, goiz eta arratsalde bildu ziren. Goizean, telematikoki, Lan Harremanen Kontseiluaren artekaritzarekin, eta arratsaldez potuan bertan, Santurtzin (Bizkaia). Zamaketariek azken horretara eraman zuten idatziz eskaintza, eta negoziazioei ekiteko beharrezko den lehen pausoa eman zuten. Edizio hau ixtean oraindik bilduta zeuden.

Sindikatuek bi oinarri ezarri zituzten hizketan hasteko: batetik, aldi baterako langile poltsa historikoko 103 zamaketariak berriz ere lanera deitzea; eta, bestetik, finkoen lana bermatzea, lan hitzarmenean agertzen diren funtzioekin. Atzoko talka nagusia aldi baterako langileen baldintzetan egon zen, enpresek lan hitzarmen txarragoa aplikatu nahi baitiete. Sindikatuek ez zuten aldaketa hori onartu, eskatzen ari direna ez baita berria, aurretik agertu izan da negoziazioetan, eta horregatik eutsi diote grebari. Dena den, litekeena da hurrengo egunetan berriz ere biltzea, BilboEstibak ez baitu eskatu greba bertan behera uztea elkartzeko. Halere, enpresak behin-behinekoen inguruko jarrera leundu ezean, akordioa ez da erraza izango.

Zamaketarien ordezkariek etsipenez hartu zuten enpresaren jarrera. Behin-behinean dauden lankide horiek hamabi urte daramatzate egun bakarreko kontratuak pilatzen, eta Ranstad aldi baterako enpresaren bitartez egiten dute lan. Multzo horretako langileek greba egin dute kontratu finkoa dutenekin batera. Iragan astean, baina, BilboEstibak ezzituen deitu gutxieneko zerbitzuetan laguntzeko. Are gehiago, agintaritzak indargabetu egin zituen portuan sartzeko dituzten identifikazio txartelak.

Negoziaziorako beste oinarriazamaketarien lan hitzarmenak ezartzen dituen funtzioak haiek egingo dituztela bermatzea da. Finkoak BilboEstibako langileak dira, eta funtzio jakin batzuei dagozkie: ontzietan, biltegietan, portu barneko garraioan... Poltsa historikoko zamaketari askok ere kualifikazioa dute lan berezi horietako batzuk egiteko. Azken egunetan, baina, Adecco aldi baterako enpresaren bitartez kontrataturiko langileek funtzio horietako batzuk egin dituztela salatu dituzte sindikatuek.

Zamaketariek txandei eta soldatei buruzko eskaerak badituzte, baina horiei buruz negoziatzeko prest daude. Bilboestibak, berriz, herenegun ohar bidez azaldu zuenez greba «kalte larriak» eragiten ari dela, eta erdira jaitsi dela portuko jarduna. Euskadiko Lehiaren Agintaritzak ere greba deialdi berria ikertu du. Sindikatuek erakunde horren «mehatxuak» salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.