EAEko lau biztanletik hiru prest dira berriztagarriren bat edukitzeko hurbilean

Xede ekonomikoak eta klimari dagozkionak uztartu ditu Basque Green Deal-ek. Kontsumoaren %20 berriztagarriekin betetzea da erronketako bat

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua, atzo, Basque Green Deal aurkezten. IREKIA.
Irune Lasa.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gizarteari eta elkarlanera deituz aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal delakoa. Europako Itun Berdearekin eta hark ezarritako helburuarekin lerrokatuta ere, «Euskadik bide orri propioa» proposatuko duela azaldu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.

Bide orri horretan, elkarri lotuta ageri dira klimari eta ekonomiari dagozkion helburuak, hala nola langabezia %10etik behera kokatzea, industriak ekonomiaren %40 hartzea, 2030ean berotegi gasen isuriak %45ra murriztea eta 2050erako karbono neutraltasuna iristea. Asmo horietarako tresna garrantzitsua izango da, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, Tapiaren ustez.

Bai Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian, bai Tapiak, behin baino gehiagotan aipatu dute trantsizioak bidezkoa izan behar duela, eta bidezkotasuna batez ere enpleguarekin lotu du Tapiak.

Adostasunak

Berriztagarrien inguruan adostasun maila handia nahi du Jaurlaritzak, eta Tapiak aitortu du «oso konplikatua» izango dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako energia kontsumoaren %20 energia berriztagarriekin betetzea. «Une honetako erronkarik handiena da», harentzat. «Uste dugu Euskadik debate hori bere gain hartu behar duela, itzulingururik eta estalkirik gabe. Gaiari modu errealistan eta sendoa heldu behar diogu»; hala azaldu du Tapiak.

Hain zuzen, berriztagarrien gaiari lotutakoa izan da Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko azterketa soziologikoaren galderetako bat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %75 prest agertu dira bere inguru hurbilean energia berriztagarrien instalazio bat edukitzeko; esaterako, eguzki parke bat edo haize erroten instalazio bat. Aldiz, %12 ez leudeke prest, eta %9k «segun eta» erantzun dute, batez ere instalazio motaren arabera, eta kokapenaren eta distantziaren arabera.

Inkesta

Horrez gain, herritarrek arazo larritzat jotzen dute klima aldaketa; 0tik 10erako eskalan, larritasuna 8,1ean jarri dute. Herritarren %54ri klima aldaketari lotutako gauzek ezintasuna eragiten die, eta haserrea, berriz, %42ri.

2017ko inkestarekin alderatuta, gehitu egin da energiaren eta klima aldaketaren artean lotura handia edo nahikoa ikusten dutenen kopurua, %83tik %88ra. Aldiz, orain gutxiago dira uste dutenak dagoeneko klima aldaketaren ondorioak jada sentitzen direla: %77 ziren 2017an, %73 dira orain.

Dena den, klima larrialdiaren aurkako borrokan zatiketa antzeman daiteke: galdetutakoen %48k uste dute borroka horrek «lehentasunezkoa izan behar duela Euskadirentzat», baina %49en ustez,«momentu honetan beste lehentasun batzuk daude».

Bultzatu behar diren energia motei buruz ere galdetu dute inkestan, eta, 2017an bezala, herritarrek berriztagarrien alde egiten dute oraindik ere. Eguzki energia, eolikoa eta itsas energiak zortzia gainditzen dute zerotik hamarrerako eskalan; geotermiak zazpi puntuak gainditzen ditu; eta biomasak ere nota hobea lortu du, 6,6tik 6,7ra igota. Hidrogenoa ere sartu da bultzatu beharreko energien artean, eta 6,3ko nota lortu. Gas naturala 5,4an kokatu da, eta petrolioaren deribatuak jada azpitik daude. Dena den, bultzatu beharreko energien artean,energia nuklearrak du arrakastarik txikiena, 1,8ko nota baizik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.