Koronabirusa

2020ko udatik izandako kasu kopururik apalena zenbatu dute Hegoaldean

Beste 79 kutsatu atzeman dituzte. Biztanleen %80k baino gehiagok dute dosiren bat, eta hasiak dira egoiliarrak hirugarren aldiz ziztatzen

Berra zaharren egoitzako bi erabiltzaile solasean. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian atzemandako kutsatuen kurban aski agerikoa da amildegi ertza, bistakoa da transmisioaren hondoratzea. Osakidetzak eta Osasunbideak 79 kutsatu zenbatu zituzten igandean egindako probetan. Hamalau hilabete baino gehiago egin behar da atzera kopuru txikiagorik aurkitu nahi bada; izan ere, 2020ko uztailaren 14tik, egun bakarrean izandako kasu kopurua inoiz ez da izan hain apala. Zehazki, herenegun 4.882 test egin ziren birusa detektatzeko, eta, beraz, %1,6 izan zen positiboen ehunekoa.

Hegoaldeko lurraldeetako datuak banan-banan aztertuta, Bizkaian 33 positibo zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 26; Nafarroan hamar atzeman ziren, eta Araban, berriz, zortzi.

Kutsatzeei buruzko aldagaietan ez bezala, ospitaleetako okupazioaren gainekoak ilundu egin dira azken egunean, leunki bada ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta, beraz, oraintxe guztira 224 pertsona dira Hegoaldeko zentroetan. Halaber, zehaztu dute horietako 64 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan direla erietxeraturik. Bezperan baino sei gehiago dira, hain zuzen ere.

Gainera, birusarekin loturiko heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat hil dela herrialdean. Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoei buruzko informazio eguneratua.

Bestalde, COVID-19aren izurriteak Nafarroan hartua duen joeraz mintzatu zen atzo goizean Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite. Hain zuzen, nabarmendu zuen datuak onak izaten ari direla azkenaldian, eta adierazi zuen berriki arauetan egindako moldaketek zer eragin duten aztertu beharko dutela orain, «erne», indarrean diren neurriak are gehiago arindu ote daitezkeen ondorioztatzeko. «Goiz da oraindik. Astea nola doan ikusiko dugu, joerak bere hartan segitzen duen ikusi; orduan erabakitzen ahalko dugu hemendik hamabost egunera neurri gehiago leundu edo ez; hori egiteko desiotan gara».

Hirugarrenaren txertaketa

Txertaketa kanpainaren abiadari buruzko datuak eguneratu ditu Espainiako Osasun Ministerioak. Emandako informazioaren arabera, hamar herritarretik zortzik jadanik hartua dute txertoren bat Hego Euskal Herrian; 2.301.688 dira, zehazki.

Halaber, Osakidetza hasia da zahar etxeetako erabiltzaileei eta desgaitasuna dutenenei hirugarren dosia jartzen. Osasunbidea gaur hasiko da zeregin horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.