Mugimendu feministak esan du Algortan ez zietela oztoporik jarri ertzainei

Nabarmendu dute ez dutela mugimendu feministaren «kriminalizaziorik» onartuko, eta azaldu dute jaietako protokoloa bete zutela

Mugimendu feministak atzo egin zuen agerraldia, Getxon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Algortako Portu Zaharreko jaietan (Getxo, Bizkaia) gertatutakoak segida izan zuen atzo. Neska batek esan zuen ziztatu egin zutela, eta Ertzaintzaren eta mugimendu feministako kideen artean desadostasunak daude ondoren gertatutakoaren inguruan. Ertzaintzak ziurtatu du hura artatu zuten bi arduradunek oztopoak jarri zizkietela hari arreta emateko, «txosnak ziztaden harira jarduteko bere protokoloa zuela ziurtatu ondoren». Bi pertsona horiek ikertzen ari dira desobedientzia delitu larria egotzita. Atzo, Algortako mugimendu feministak prentsaurrekoa eman zuen, bere bertsioa hedatzeko. Azaldu zuten mugimendu feministako bi kide arduratu zirela artatzeaz, eta ukatu egin zuten Ertzaintzari oztopoak jarri izana: «Inork inongo momentutan ez zuen oztoporik jarri».

Areago, nabarmendu dute ziztadaren berri izan bezain laster 112 larrialdietarako zenbakira deitu zutela, anbulantzia eskatzeko: «Jaietarako prestatutako protokoloak halaxe zioen, Ertzaintzaren zein Eusko Jaurlaritzaren protokoloei jarraikiz». Eta, gainera, ziurtatu dute Ertzaintzarekin adostu zutela nola jokatu: «Eraso polizial eta judiziala jaso duten bi kideak dira, hain justu, egun hartan 112ra deitu, gurasoekin harremanetan jarri eta Ertzaintzarekin urrats guztiak koordinatu zituztenak. Hortaz, egin diren adierazpen faltsuak atzera botatzea eta mugimendu feministako gure bi kideen aurkako salaketak berehala bertan behera uztea exijitzen dugu».

Ertzaintzaren jarrera ez ezik, mugimendu feministaz ematen ari diren irudia ere deitoratu dute: «Mugimendu feminista kriminalizatzeko eta jopuntuan jartzeko estrategia politiko orori irmotasunez erantzungo diogu». Ez daude geldirik egoteko: «Jarraituko dugu eraso matxistarik gabeko Euskal Herri feminista bat eraikitzen».

Soka luzeko auzia

Jai giroan gertatzen ari diren eraso matxistei erantzuteko protokoloen harira, zalaparta sortu da azken egunetan. Algortako gertakarien ostean, Ertzaintzaren Esan sindikatuak zer edo zer egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, eta segidan etorri zen Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren erantzuna. Esan zuen «larria» dela ziztada kasuetarako ondua duten protokoloa ez betetzea: «Jarduera zabar horrekin arriskuan jarri ahal izan zuten biktimaren osasuna». Harrezkero Erkorekak ez du adierazpenik egin, eta, BERRIA Segurtasun Sailarekin harremanetan jartzen saiatu bada ere, ez diote telefonoa hartu.

Segida izan du auziak. Atzo El Correo egunkariak eman zuen albiste baten arabera, Eusko Jaurlaritzak Bilboko konpartsei exijitu die ziztadengatiko salaketarik «ez oztopatzeko»: «Gobernu autonomikoak lehenbailehen SOS Deietara hots egiteko beharra nabarmendu du, eta eskatu du asistentzia lana ez oztopatzeko». Gezurtatu egin dute Bilboko Konpartsek: «Eusko Jaurlaritza ez da gurekin harremanetan jarri inolako eskaerarik edo exijentziarik egiteko». Zehaztu dute zein modutara jardungo duten ere: «Bilboko Konpartsen jai gunean zerbait gertatuz gero, betidanik, Bilboko Udaltzaingoarekin jartzen gara harremanetan».

Esan sindikatuak berean segitu du: kritikatu du hainbat herritako festetan jarritako puntu moreetan —informazioa ematen dute, baita eraso matxistak jasan dituztenak artatu ere— ez dutela Ertzaintzarekin kolaboratzen. Donostiako kasua aipatu du, eta esan du bertan «traba asko» jarri dizkietela. Horrela adierazi du: «Eskatzen dugu [Segurtasun] Sailak talde antisozial eta totalitario hauen aurka egitea, gazteak ezin direlako jende honen eskuetan utzi». Ernek ere bide beretik jo du, eta esan du «zentzugabekeria» dela txosnek, konpartsek edo festa batzordeek hartzea ziztadak jaso dituztenei laguntzeko lana.

Sexu eraso gehiago

Ziztadez gain, beste zenbait eraso matxista ere egon dira. Laudioko mugimendu feministak (Araba) salatu du astearte gauean eraso matxistak gertatu zirela, eta, gaitzesteko, protesta egin zuten atzo. Amurrion ere herenegun gauean eraso matxista bat egon zela jakinarazi du herriko mugimendu feministak, eta atzo hura gaitzesteko batu ziren. Udalak ere deitoratu du: «Gaitzespenik sendoena adierazi nahi dugu, baita biktimari eta ingurukoei laguntza eta haiekiko hurbiltasuna ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.