Hitzarmena izenpetu dute autobus sare publikoetan «segurtasuna hobetzeko»

Ipar Euskal Herriko autobus sare osorako balioko du. «Zinezko garraio polizia» baten sorrera dela erran du Eric Spitz prefetak

Hitzarmenaren sinatzaileak, atzo, Tarnosko Herriko Etxean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Tarnose
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Oihartzun handia izan zuen iazko uztailean Philippe Monguillot Chronoplus sareko autobus gidariaren heriotzak: erabiltzaile batzuekin izandako borrokan jasotako kolpeen ondorioz zendu zen. Ipar Euskal Herriko autobusetan dagoen segurtasun falta azpimarratu zuten sindikatu eta langile batzuek, eta hura hobetzeko neurriak hartuko zituztela hitzeman zuten hautetsiek. Atzo izenpetu zuten autobus sare publikoan «segurtasuna hobetzeko» hitzarmena Tarnosen (Frantzia), Landetako hegoaldeko herri hori ere Euskal Hirigune Elkargoko garraio sindikatuko kide baita. Pirinio Atlantikoetako prefetak, Baiona, Angelu eta Miarritzeko (Lapurdi) auzapezek eta garraio sindikatuko presidenteak izenpetu zuten, besteak beste.

Neurri nagusia da geolokalizazio bidez autobusen zuzeneko jarraipena egin ahalko dutela. Arazo bat duen gidariak botoi bat sakatzea aski izanen da Poliziarekin harremanean ezartzeko. «Haien irratia entzuteko aukera izanen dugu, larrialdia neurtu eta agenteak bidali behar ditugun neurtzeko», adierazi du Agnes Mazin-Bottier Pirinio Atlantikoetako Segurtasun zuzendariordeak. «Garraio publikoan Polizia egoteak gidariak eta biztanleak lasaitzen ditu». Halaber, Lapurdiko hiru toki horietako udal poliziak haien herrietako mugetatik ateratzeko eskubidea izanen dute larrialdietan esku hartzeko. Autobus gidariei ere prestakuntza berezia emanen diete, tentsio uneetan nola erantzun jakiteko.

Departamenduan «ez dago segurtasun arazo handirik», Eric Spitz prefetaren hitzetan, «hemen ez dago Errepublikak birkonkistatu beharreko auzorik». Baina Monguilloten heriotzaren ondotik, neurriak hartzeko beharra ikusi zutela nabarmendu du. Hitzarmena «zinezko garraio polizia» baten sorrera dela erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.