Adineko andreen aurkako indarkeria ikusgai jartzera deitu du Emakundek

Zazpi emakumeren testigantzak bildu dituzte azaroaren 25eko kanpainarako, eta haiekiko «enpatiaz» jokatzeko eskatu du Landaidak

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, atzo, kartelarekin. J. FONTANEDA / FOKU.
Maialen Arteaga.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Entzunez gero ikusiko duzu, soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeriarik ezkutukoena. Hori da Emakundek azaroaren 25eko kanpainarako aurten kaleratu duen leloa. Adineko emakumeek jasaten duten bortizkeria izango du aurtengo gai nagusia Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunak. Gasteizen aurkeztu zuten atzo kanpaina hori, eta edadetuek jasaten duten bortizkeria ikusgai jartzera eta salatzera deitu zuen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

«Emakumeen kontrako indarkeria ez dute soilik gazteek edo adin ertaineko emakumeek jasaten. Nagusiek ere pairatzen dute, eta indarkeria horrek berezitasun batzuk ditu», zehaztu du Landaidak. Ezaugarri horien artean aipatu ditu «ikusezintasuna», «sistema patriarkalean sozializatu izana» eta «garai hartako gizartean genero indarkeria aintzat hartu ez izana»: «Kontu korronte bat irekitzeko baimena eskatu behar zieten senarrei, eta bizitza osoa beste pertsonak zaintzen eman dute», jarri du Landaidak adibidetzat. Leloaren bitartez, emakume edadetuen aurkako jazarpenaren «ikusezintasuna» hautsi nahi dute, eta gizarteari zuzeneko deia helarazi nahi diote, indarkeriaren aurrean adi egon dadin eta «enpatia» izan dezan.

Testigantzak oinarri

Kanpaina «prozesu baten emaitza» izan dela adierazi du Landaidak. Izan ere, bizipen errealak hartu dituzte kontuan. Zehazki,55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakumeren testigantzak jaso dituzte. Andre horietatik bik, indarkeria psikologikoaz gain, fisikoa ere pairatu izan dute. Testigantzak biltzea zaila izan dela azaldu du Landaidak: «Emakume hauentzat ez da erraza izan honetaz hitz egitea, eta horren adibide da beraien aurpegiak erakutsi nahi ez izatea. Beste emakume batzuk laguntzeko egin dute, eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez». Beraz, emakume horien bizipenak biltzen dituen iragarki bat kaleratu dute kanpainari hasiera emateko; azaroaren 25era arte iraungo du.

Andre edadetuen inguruko kezka aregotzen ari da erakundeen artean. Hain zuzen, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak joan den astean aurkeztutakoikerketa baten arabera, adineko emakumeek indarkeria matxista «are biziago» jasaten dute: «Ahanztura bikoitza jasaten dute emakume edadetuek», adierazi zuen Rut Iturbide ikerlariak. Gizartea gero eta zaharragoa dela, eta, ondorioz, errealitate hori landu beharreko «ezinbesteko» gaia dela azaldu zuen. Horregatik, adin horretako emakumeentzako egitasmo bereziak abiarazi behar direla azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.