Konstituzionalak ontzat jo du etorkinak sartu orduko jaioterrira itzularaztea

PPk onartutako 'mozal legea' babestu du Espainiako auzitegiak. Protestetan hartutako irudiak ezingo dizkio kendu Poliziak hartzaileari

Mozal legearen aurkako protesta bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak babestu egin du mozal legea. Gehiengo osoa baliatuta, PPren gobernuak jarri zuen indarrean 2015ean Herritarren Segurtasunerako Legea, mozal legea deritzona. Espainian gobernu aldaketa izan da geroztik; orain PSOE eta Unidas Podemos daude agintean, baina, lege hori Konstituzionalak berretsi egin duenez, betearazi egin beharko dute, nahiz eta gobernuan dauden alderdiak arauaren aurka egin zuten 2015ean.

Herritarren Segurtasunerako Legea edo mozal legeak biltzen dituen alderdi ia guztiak onartu ditu Auzitegi Konstituzionalak, aldeko bederatzi botorekin eta aurkako birekin. Horrenbestez, Ceutako eta Melillako hesiak igaro eta Europara sartzen diren etorkinak berehala itzularaz ditzakete jaioterrira —ez diote egiteari utzi, gobernuz kanpoko zenbait erakundek salatu dutenez—. Horretarako, otsailean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak argitaratutako epai batean bermatu dira. Epai haren arabera, «mugan dagoen pertsona bati sartzea debekatzea bortxazko ekintza bat da, zeinaren helburua den berehala konpontzea lege hauste bat atzerritik datorren pertsona batek egin nahi duena, mugako toki jakin horretan modu irregularrean sartzen saiatuta».

Epaiaren testu osoa datozen egunetan jakinaraziko dute, baina auzitegiak aurreratu du kanporatze horiek arauen, akordioen eta nazioarteko itunetan oinarrituta egingo direla, eta, gainera, poliziek arreta berezia jarri beharko dutela egoera zaurgarriagoan dauden pertsonengan, hala nola adingabeengan, haurdun dauden emakumeengan edo adinekoengan.

Etorkinak babesgabe

Kanporatze mota horiei dagokienez, gutxienez 2005etik egiten dira, 2015ean arautu arren. Europako muga zeharkatzeko ezarrita dauden hesiak gainditu ez dituzten etorkinak Marokoko agintarien esku uztea da kanporaketa horien oinarria, eta, ondorioz, migratzaileek ezin izaten dute helegiterik aurkeztu eta Espainian asiloa edo nazioarteko babesa eskatu. Legearen interpretazioaren arabera, hesiak gainditzea helburu duten pertsona horiek Espainiako lurretan sartu gabe daude oraindik, eta hori horrela, ez da aplikagarria Atzerritarren Legea, ezta Espainian indarrean dagoen nazioarteko edozein arau eta itun ere.

Epaiak PPren legearen puntu guztiak babestu ditu, bat izan ezik: 36. artikuluko 23. puntua. Horrek arau hauste larritzat jotzen zuen agintarien edo polizien irudiak eta datu pertsonalak grabatzeak, eta legeak baimentzen zion Poliziari irudi horiek grabatu zituenari kentzea. Baina auzitegiak baliogabetu egin du puntu hori. Konstituzionalaren ustez, irudi horiek balio handia izan dezakete iritzi publikoarentzat, batez ere Poliziaren ustezko abusuak salatzen badira. Hala ere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi polizien segurtasuna arriskuan jar dezaketen irudiak argitaratzeagatik jazarpen penala eragozten denik.

Mozal legeari helegitea jarri zioten 2015ean Auzitegi Konstituzionalean PSOEk, EAJk, IUk, orduan CiU zenak eta UPDk, baina PPk gehiengo osoa zuen, eta aurrera atera zen. PSOEk eta Unidas Podemosek osatzen dute egun Espainiako Gobernua, eta Konstituzionalaren epaiaren berri izan ondoren, Arantxa Gonzalez Laia Atzerri ministroari galdetu diote gai horren gainean. Esan du gobernuak itzulketak egingo dituela legearekin bat etorrita, orain arte moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.