Barcina: «Ez dago gure esku; giltza, aurrekoetan bezala, PSNk dauka»

Nafarroako presidenteak ez du baztertzen aurten bigarren aldiz hauteskundeak egin behar izatea.«Edozer gauza gerta daiteke»

Erredakzioa
Iruñea
2015eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak ez du erraza ikusten foru hauteskundeetarako iragarpen bat egitea. Parlamentuan zortzi alderdik ordezkaritza lortuko dutelakoan dago, eta horrek zailtzen ditu aurreikuspenak. «Edozer gauza gerta daiteke», Barcinaren ustez, eta, maiatzaren 24ko emaitzen arabera, ez du baztertzen handik gutxira berriro hauteskundeak egin behar izatea ere. «Ez dago gure esku; giltza, aurrekoetan bezala, PSNk dauka», hausnartu du Barcinak, Efe berri agentziari emandako elkarrizketan.

UPNko presidentea ez da aurkeztuko aurtengo hauteskundeetara zerrendetan. Berretsi egin du Javier Esparza alderdiko hautagaiaren aldeko apustua, eta berriro haizatu du EH Bildu boterera iristearen arriskua. «Kezkatzen gaitu Espainiak 16 autonomia erkidego izateak, 17 izan beharrean», esan du EAEren eta Nafarroaren balizko bat egite bati erreferentzia eginez. Eta horregatik egin dio keinua berriro PSNri.Maria Txibitek esana du sozialistek ez dutela UPNrekin gobernu hitzarmenik egingo, baina Barcinak ez du uste gerora horri eutsiko diotenik. «Zergatik lotsatzen dira Nafarroan adostutako gauza on guztiez?». 2011n adostu zuten koalizio gobernua, eta urtebete iraun zuen bakarrik.

«Erregimena» aldatzeaz mintzo dira asko Nafarroan. Tartean PSNkoak. «Hitzak bilatzen artista batzuk dira», esan du Barcinak horiei buruz. Nafarroako Gobernua aldatzeaz mintzo direlako, eta «erregimena» aipatzen dutelako. «Andaluziakoa aldatzeaz ez dira mintzo, eta PSOEk 30 urte daramatza han gobernuan», ekarri du gogora. Eta jarraitu du EH Bilduren kontrako beldurra haizatzen, eta galdetu dio bere buruari «aldaketa» ote den «oraindik ETAren hilketak kondenatu ez dituztenen» eskuetan uztea gobernua.

Legegintzaldiari buruzkoen inguruan ere aritu da Barcina elkarrizketa horretan. CANeko dieten auzia legegintzaldiko «unerik zailenetakoa» izan zela aitortu du, baina ekarri du gogora bera agintean zela desagerrarazi zuela CANeko Batzorde Iraunkorra ez ezik Erakunde Sortzaileen Batzordea ere. Eta haserre esan du «neurgailu ezberdinak» daudela, CAN ikertu zutelako, «baina ez delako ikertzen Kutxarekin EAEn gertatu zena».

Oraindik ere CANeko dieten afera gogorarazten diotelako kexu mintzatu da Nafarroako presidentea, baina garbi du ustelkeria «gaitz bat» dela gizartearentzat, eta «sagar ustelak» kendu egin behar direla politikatik: «Egiten duenak ordaindu egin behar du». Baina aurrerantzeanere gardentasunean sakondu beharko duena Nafarroako Gobernu berria izango dela dio Barcinak, «erabat onartuta» daukalako denbora gutxi gelditzen zaiola presidente karguan, eta hauteskunde kanpainan ere «bigarren mailako» zereginak izango dituela. «Gaizki ulerturik egon ez dadin, Javier Esparza izango da guztion buru».

Eta legegintzaldiaren balantzea egitean ETAri egin dio erreferentzia amaieran. Ohartarazi du «polizialki garaitua» izan den arren «sozialki eta politikoki» ez dagoela oraindik garaituta. «Badagoelako oraindik jendea ez duena onartzen demokraziaren benetako heroiak terrorismoaren biktimak direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.