Laukoaren alde Barkos

Nafarroako lehendakariak dio «zentzuzkoa» litzatekeela Kongresurako bozetarako bat egitea Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Berriro izango dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak—ekainaren 26an—, eta berriro atera da Nafarroan herrialdeko aldaketaren gobernuko lau indarrek hautagaitza bateratua osatzeko aukera. Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria (Geroa Bai) horren alde azaldu da. Iazko hauteskundeetan, Senaturako hautagaitza osatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, baina ez zen oso ondo atera. Oraingoan, Kongresurako ere osatu nahi dute. Barkosen ustez, «zentzuzkoa eta arrazoizkoa» izango litzateke laurek diputatuen ganberarako ere bat egitea.

Joan den abenduaren 20ko bozetan, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra —hau, UP-IU sostengatuz— bakoitza bere aldetik aurkeztu ziren Kongresurako. Lauren botoak batuta, 160.000 lortu zituzten —80.900 Ahal Dugu-k, 34.800 EH Bilduk, 30.500 Geroa Baik eta 14.400 UP-IUk—. Handiagoa izan zen Nafarroako aldaketa sostengatzen ez dutenen batura: 181.000 boto bildu zituzten UPN-PPk, PSNk eta Ciudadanosek —101.900, 54.700 eta 24.800, hurrenez hurren—. Baina hiruok Senaturako hauteskundeetan ere beren kasa aurkeztu zirela ikusita, foru aldaketaren alderdiek uste zuten euren arteko koalizioak —Aldaketa izenekoak— hiru senatari erdietsiko zituela. Ez zen hala gertatu, UPN-PPk lortu zituelako hiru senatari, eta laugarrena, Aldaketak. Aitortu zuten ez zutela hautagaitza behar bezala bultzatu. Haren hautagairik bozkatuenak 97.000 boto batu zituen, eta aurreko hirurak—UPN-PPkoak—, 97.000 eta 99.000 artean ibili ziren.

Barkosek gobernu itunaren lau alderdien esku utzi ditu negoziazioak, bere zeregina hori ez dela argudiatuta. «Ez da helburu pertsona, are gutxiago instituzionala», adierazi du Iruñean, parlamentuko osoko bilkurara sartu aitzin, hedabideen aurrean. Dena dela, uste du Espainiako hauteskundeetarako deialdi berriak lau alderdiei «zentzuzko begirada bat» izatea «exijitzen» diela. Lauko formula posible ez bada haietako batzuen artekoa ere ongi ikusiko lukeela azaldu du.

Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak iritzi dio euren oinarriko kideekin hitz egin beharreko kontu «garrantzitsua» dela lauko hautagaitzarena, «egoera ezohikoa delako». Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak Ahal Dugu-ri esan dioNafarroan ere indar metaketa hori egin behar dela orain, estatuko beste erkidego batzuetan eginzutelako abenduko bozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.