Euskara, generoa, jatorria eta klasea aztertuko dituzte UEUko ikastaroen barruan

Udako Euskal Unibertsitateak, Jakinek eta Usurbilgo Udalak antolatu dituzte jardunaldiak, eta uztailaren 13an eta 14an izango dira

mikel lizarralde
Donostia
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Nola kudeatuko dugu kultur aniztasuna, euskararen normalizazioan eten bat izan gabe eta, areago, euskararen normalizazioa bultzatuz?». Besteak beste, galdera horri erantzun bat emateko asmoarekin antolatu dute Udako Euskal Unibertsitateak, Jakinek eta Usurbilgo Udalak Euskara, generoa, jatorria eta klasea gurutzatzen diren lekua topaketak. Uztailaren 13 eta 14an egingo dira jardunaldiak, Usurbilgo (Gipuzkoa) Artzabal baserrian, eta, bi egunez izango diren hitzaldiez gain, kultur programazio bat ere antolatu dute herrian.

Izenburuak dioen moduan, bidegurutzean jarriko dute arreta jardunaldiek. Feminismo intersekzionalaren praktikatik tiraka, menderatuak edo ez-hegemonikoak diren sektoreak elkarrekin jarriko dituzte. «Menderakuntza mota horiek denak gurutzatu egiten dira. Batzuetan ez pertsona batean, baina beste batzuetan bai. Pertsona bat izan liteke emakumea, izan liteke etorkina, etor liteke hizkuntza gutxitu batekin, eta etor liteke egoera prekario batetik. Baina izan litezke beste konbinazio batzuk ere», azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Gurutzaketa horiek guztiak aztertu nahi dituzte, «burujabetza edo ahalduntzea» elkarrekin egitea proposatzen duelako feminismo intersekzionalak: «Hizkuntza normalizazioa pasatuko da feminismotik; feminismoa pasatuko da hizkuntzatik...».

Bi egunetan egingo dira jardunaldiak. Lehenengoa «akademikoa» izango da, nahiz eta horri ñabardura bat ere jarri Agirrek: «Akademiaren izenean datozen horiek asko hitz egingo dute bizipenetatik». Lehenengo egunean ariko dira Mari Luz Esteban antropologoa, Ignazio Aiestaran filosofoa, Maria Reimondez idazle galiziarra eta Itziar Gandarias psikologo soziala. Bigarren egunean, berriz, «bizi-ibilbideei» erreparatuko diete Amelia Barquin kulturartekotasunean adituak, Tarana Karim SOS Arrazakeriako kideak, Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko zuzendariak, Jessica Chalampuente Ecuador Etxeko kideak eta Aminata Diop Seck Amher elkarteko kideak.Guztiek hitz egingo dute, eta, ondoren, haien artean mintzatuko dira, norbere bizipenez eta norbere hizkuntzarekin.

Usurbilgo Udalarekin hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute Jakinek eta UEUk, eta, horrenbestez, Jakin Jardunaldiak antolatuko dituzte udako ikastaroen barruan hiru urte horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.