Oinarrietara itzultzeko bideen bila

Iragan ekainean Londresko Grenfell etxebizitza dorrea suntsitu zuen suteak pobreziari buruzko eztabaida handia sortu zuen Erresuma Batuan. Laboristek kanpaina bat hasi zuten auzoz auzo, langileen eta sektorerik baztertuenen babesa lortzeko.

Londres
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Londres. Atea ireki du 40 urte inguruko emakume batek. Bizileku duen eraikina apartamentu sozialen ohiko bloke batean dago, Hackney auzo ezagunean. Larunbata da, eta emakumeak, erizaina izaki, libre du eguna. Udalak apartamentu txiki bat eman zien amari eta 8 urteko alabari, gela bakar batekoa, denboraldi batean behin-behinean larrialdiko ostatu batean bizitzen egon ondoren. «Infernu bat zen», dio emakumeak. «Alaba eta biok gela batean bizi ginen, eta beste hogei pertsonarekin batera bainugela berbera erabili behar izaten genuen». Emilyk dio [hala izena baitu emakumeak] gaur elikagai bankura joango dela, larunbatero bezala. Milioi bat lagunek baino gehiagok jo ohi dute eskuarki halako erakundeetara, lan bat izanagatik ere soldatak ez baitie ematen hilero premiazkoak zaizkien jakiak erosteko. «Hasieran, lotsa ematen zidan bankura jo eta jakiak, latak eta pasta eskatzeak alabarentzat eta biontzat», dio Emilyk. «Orain, batik bat, amorrua ematen dit, ez bainuke laguntzaren beharrik izan behar egunero hamar orduan ere arituta lanean, aritzen naizen bezala; nire soldatak behar beste eman behar lidake alabaren premiak betetzeko».

Emilyren historia beste bat gehiago da, Jeremy Corbyn buru duen Alderdi Laboristako militanteek duela sei hilabetetik larunbatero entzun ohi dituzten ehunka horien artean. Militante laboristak auzoz auzo ibiltzen dira Londresen eta herrialdeko gainerako tokietan, canvassing eginez: zuzeneko kanpaina bat, etxez etxekoa. Duela sei hilabete, Kensington eta Chelsea barrutian su hartu zuen etxe orratz batek, eta 71 bizilagun hil ziren. Ikerketa bat irekita dago, irregulartasunak topatu baitzituzten etxebizitzaren eraikuntzan eta mantentze lanetan. Joan den astean biktimak oroitzeko ekitaldi bat egin zuten Saint Paul katedralean, eta goi mailako ordezkaritza egon zen: Theresa May lehen ministroa, Corbyn Alderdi Laboristako buruzagia, Sadiq Khan Londresko alkatea, eta, monarkiaren izenean, Charles printzea eta haren bi semeak, William eta Harry printzeak. Agintari gorenen presentziak adierazi zuen gertakari hark Erresuma Batuan utzi duen lorratza. Biktima gehienak eta Grenfell dorreko bizilagunak langile klaseko eta errenta baxuko herritarrak ziren, etorkinak eta etorkinen ondorengoak horietako asko, eta suteak azaleratu zuen zer-nolako utzikeria erakutsi eta, askotan, sustatu duen herrialdeko elite politiko eta ekonomikoak maila sozial apalagoko herritarrekin.

Deniz Oguzkanli abokatu kurdu ezaguna Hackney auzoko zinegotzia da. 1994an iritsi zen Ingalaterrara, Zipretik, non ingeniaritza elektrikoa ikasten ari baitzen. Londresen zegoela, kebab jatetxeetan lan egin zuen, baita jaki kurduen dendetan ere, diasporako kurduen artean dagoen elkartasun sare zabalari esker. Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta abokatuen bulego batean lan egin hainbat urtetan, harik eta bere bulegoa zabaldu zuen arte Hackney auzoan; hantxe bizi da duela zenbait urtetatik, eta Alderdi Laboristako militante ere bada. «Blairrekin gauzak ez zihoazen ongi, baina nire militantzia Jeremy Corbyni oso lotua egon da beti, hark betidanik babestu izan baititu kurduak, palestinarrak eta errefuxiatuak. Hala, bada, nolabait nire komunitatearen ordezkari bihurtu nintzen harentzat; Corbyn Alderdi Laboristako idazkari hautatu zutenean, jakina, alderdiaren jardunean are eta gehiago konprometitzea izan zen naturalena niretzat».

Laboristen gotorleku

Etnia eta kultura askotarikoak biltzen diren auzo bat da Hackney. Halaxe izan da beti: laborismo tradizionalaren gotorleku, baita Blairren garairik txarrenean ere. Iaz, azkeneko hauteskunde kanpainaren garaian, Hackney on tour (Hackney biran) kanpaina antolatu zuten laborista militanteek, eta hain seguruak ez ziren toki batzuetako aktibistei laguntzera joan ziren, Corbynen aldeko emaitzarik onenak bermatzearren. Buruzagi sozialistak langileen eta sektorerik babesgabeenen sinpatia bereganatzen du: jarrera horren arrazoi funtsezkoetako bat haren koherentzia da, eta alternatiba nabarmen ezkerrekoa sortzeko egin duen lan luzarokoa eta egonarri handikoa. «Egiaz», dio Seumas Milnek, The Guardian-eko kazetari ohi eta Alderdi Laboristaren gaur egungo Komunikazio arduradunak. «Ahalegindu gara gaur egun den horretara bideratzen berriro laborismoa: herrialde inklusibo baten alde lan egiten duen alderdi bat, ez gutxi batzuen alde diharduena, eta helburutzat duena bere herrialdeak—munduko bosgarren potentziak— aberastasunean inbertitzea, denek izan ditzaten aukera hobeak».

Atseginez eta adeitasunez hartu zituzten militante laboristak Hackneyn. Metropolian, esanguratsuak dira pobreziari buruzko datuak: pobre bizi diren 2,3 milioi londrestarren erdiak baino gehiago dira (%58) pertsona bakarrak lan egiten duen etxe batekoak. Herrialde osoan, %60 ere bada datu hori.

«Zeintzuk dira arazo nagusiak bloke honetan?», galdetu du Michael gazte militanteak, zeinak Momentum mugimenduan ere parte hartzen baitu. Atea erdi ireki duen emakumeak alderik alde zabaldu du orain, eta sala bat ikus daiteke, ostatu bateko gela moduko bat bihurtua, ohatze birekin, non Margaret andreak zera baitio: «Hementxe lo egiten dute nire lau seme-alabek»; berak beste gela hartzen du. Londresen, etxebizitzaren arazoa hesi etengabea da. Zona horretan gela bateko apartamentu bat alokatzea 1.000-1.200 libera kostatzen da hilean (1.140-1.370 euro), eta horri ohiko gastuak erantsi behar zaizkio: ura, argia, gasa… Michaelek dioenez, «pobrezia energetiko handia dago», eta, beraz, jende askok ezin ditu ordaindu berokuntza gastuak; horregatik, etxeak izoztuta daude aurtengo negu ezinago hotz honetan.

Oinarriko mugimendu sozial bat da Momentum; zuzenean, 31.000 pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte, eta beste 200.000 inguruk laguntzaile dihardute mugimenduak iraun dezan. Tokian tokiko 170 taldek osatzen dute, eta horiek berebiziko garrantzia hartu zuten 2015eko hauteskunde kanpainan. Michaelek zera dio: «Tematuta gabiltza kanpainako mugimendua antolatzen eta, jendea mobilizatzea oinarritzat hartuta, laborismoa gobernuraino helarazten». Horregatik, larunbatetako etxez etxeko kanpainaren jomuga ez dira soilik datorren urteko udal hauteskundeak. Oguzkanlik, berriz, zera dio: «Kanpaina nazional batean ere bagabiltza, prest egon nahi baitugu, Theresa Mayren gobernuak noiznahi jo dezake-eta erreka».

Ilusioa berpiztu

Alde nabarmena dago Corbynen irudiaren eta haren «itzalpeko» gobernuaren proposamenen inguruan dagoen gogo bizi eta tema militantearen eta herrialdeko errealitate sozialaren artean. Airean suma daiteke itxaropen kutsu halako bat, eta hurrengo hauteskundeetan Corbyn lehen ministro hautatuko dutelako uste sendoa. Jendearekin hitz egin ondoren, hauxe da irudipena: zerbait aldatu dela politika egiteko moduan, pertsonalki konprometitzeko moduan.

Joan den hauteskunde kanpainan, behin eta berriro esana dute Corbynek eta haren itzalpeko Altxor ministroak, John McDonnell zinegotziak: politika egiteko ilusioa piztu behar zaio berriro jendeari, erabakitzeko eskubidea berenganatzeko betebeharra. Ideia horrek hainbat adierazpide ditu: esate baterako, Hackneyko biran parte hartu duen sekzio laboristak aldeko 27 botorekin onartu zuen, aho batez, kondena mozio bat onartzea katalanek beren etorkizuna erabakitzeko eginiko eskabide legitimoari Espainiako Estatuak emandako erantzunaren kontra.

Nolanahi ere, zinez larria da herrialdeko egoera. Etxebizitzaren arazoa, jende askok ezin ordaindu ahal izatea alokairu bat, larrialdi nazional bat da, eta, horrez gainera, gobernuak etxegabetze bortitzak egiten ditu. Michaelek dioenez, «handia da etsipena», baina kontraste handi horien guztien erdian, antza denez, jende askok argia ikusi bide du tunel ilunaren amaieran. Ke laino bat baino ez ziren parlamentuan aurrekontuak eztabaidatu aurretixe McDonell itzalpeko Altxor ministro laboristak proposaturikoei erantzun eskandaluzkoak: ke laino bat baino ez, iritzi publikoa desbidera zedin seguruenik azkenaldiko aurrekonturik atzerakoiena izango den horren inguruko aurreikuspen ilunetatik —halakotzat jo du Michael Burke ekonomialariak—. Kontua da gobernu kontserbadoreak sustaturiko «austeritate» politikak ez duela funtzionatu; are gehiago, larriagotu egin du pobrezia. Ez da kasualitatea Finantza Ikerketetarako Institutuak —eskuinaren think tank talde bat da— aurreikusi izana 2023ko bizi estandarrak 2008koak baino apalagoak izango direla Erresuma Batuan.

Milnek honela laburbildu du zer proposatzen ari diren McDonnell eta laborismoa: «Inbertsiorako maileguak sustatzea, eta, hala, osasun eta hezkuntza alorreko gastuak orekatzea, gaur egun haiei zergen bidez eusten baitzaie funtsean». Burke ekonomistak dioenez, laboristen proposamenak hauxe du abiaburu: «Interes txikiko maileguak eta inbertsioak sustatuz, tasek berek baino sarrera handiagoak sortzea; horren guztiaren ondorioz, maileguak beren kasa ordainduko lirateke». Alegia, zuzenean jende xehearengan inbertitzea, nolabait esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.