Heriotza duina

Hiltzen ez, baina lokartzen lagundu

Asanblea Nazionalak hilurrenekoen sedazioak arautu ditu, eta eutanasiari eta suizidio lagunduari ateak itxi dizkio.Eutanasiaren aldekoak eta kontrakoak ez ditu asebete

Eutanasiaren aldeko ekintzaileak, iragan ostiralean, Parisen. IAN LANGSDON / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Lo egin, ez sufritzeko. Hiltzen lagundu beharrean, «sedazio jarraitua eta sakona» jasotzeko aukera eskaintzen du fin de vie (bizitzaren amaiera) legeak. Baina ez edozein gaixori: soilik eritasun larri eta sendagaitza dituztenak babesten ditu arauak. Besteek ezingo dute lorik egin hil aurretik.Frantziako Asanblea Nazionalak atzo onartu zuen gobernuak proposaturiko hilurrenekoen sedazioak arautzeko legea. Baina eutanasia aktiboari eta suizidio lagunduari ateak itxi dizkio legebiltzarrak, gizarteak eskatzen duenari muzin eginez —inkestek diote %80 daudela eutanasiaren alde—. Horren ordez, hilurren dauden gaixoak lokartu, eta haien bizitza artifizialki mantentzen duten tratamendu oro eteteko eskubidea bermatuko die. Alegia, gaixoa hodien bidez hidratatzen eta elikatzen ez jarraitzeko aukera onartu du. Hautetsi gehienek babestu dute legea: 436 diputatuk alde bozkatu dute, 34k aurka, eta 83 abstenitu egin dira.

2012ko hauteskunde kanpainan hitzemandako erreforma bete du François Hollandek, Frantziako presidenteak. Baina hasierako asmoetatik urrun samar geratu dela uste du ADMD Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Aldeko Elkarteak. «Bizitza duintasunez amaitzeko osasun laguntza» emango zuela hitzeman zuen Hollandek orain hiru urteko programan. Asanblearen ahalik eta babes handienarekin atera nahi izan du legea presidenteak, eta, «batasun espiritu» hori lortzeko, bi parlamentariri eman die lege proposamena osatzeko enkargua: PSko Alain Claeysi eta UMPko hautetsi Jean Leonettiri—hark egina da 2005eko legea—.

Aparteko ezusterik ez da izan, eta erraz atera du Hollandek legea. Eutanasia eta suizidio lagundua hitzak testutik ezabatzearen truke onartu dituzte sedazioak kontserbadoreek. Orain bi urte homosexualen arteko ezkontzak legeztatzean herrialdean izandako zatiketa eragotzi du erdibideko hautu horrekin presidenteak. Orduan ere inkestek zioten gehiengoa neurriaren aldekoa zela, baina oposizio kontserbadoreak eztabaida gaiztotu zuen manifestazio jendetsuen bidez indar erakustaldia eginez.

Nolanahi ere, legeak ez ditu gogobete ez eutanasiaren aldekoak,ezta sektore kontserbadoreenak ere. «Batzuek esperoko zuten harago joatea, baina aukera bat egin dugu. Ez da Leonetti legearen moldaketa soil bat, benetako aldaketa da», azaldu du Marisol Tourainek, Osasun ministroak.

Eskubide berri bat sortu du: hil aurreko sufrimendua eragozteko sedazioa jasotzekoa, «nahiz eta horrek heriotza azkartzea eragin». Hilurren ez dauden gaixo larriek ezingo dute sedazioa jaso.

Bizitza artifizialki mantentzen duten tratamendu gisa hartzen ditu legeak «elikadura eta hidratazio artifizialak». Horrenbestez, sendagaiak, suspertze teknika erasokorrak eta hodien bidezko elikadura eta hidratazioa eten ahalko dituzte pazienteek.

Eztabaida franko azaleratu ditu elikaduraren auziak. Izan ere, eutanasia aktiboaren aldekoek argudiatzen dute gaixoak gosez eta egarriz hiltzen direla, eta senitartekoek egunez egun deshidratazioaren ondorioak antzematen dizkietela hilurrenekoei. Leonettiri ulergaitza zaio eztabaida: «Anestesia orokor baten ondoren, baten bat oroitzen al da gose edo egarri dela?».

Leonetti bera arduratu zen aurreko legea osatzeaz, 2005ean. Kritikoek diote lege horrekiko desberdintasun gutxi jasotzen dituela atzo onartutakoak, aurretik ere sedazioa jasota baitzegoen.

Gaixoaren azken nahia

Pazientearen hitzari dagokiona da, agian, aldaketa nabarmenena.Aurreko legeak soilik «kontuan hartzen» zuen gaixoaren bizi testamentua. Alegia, tratamenduari dagozkion erabakiak aldez aurretik idatzita jaso zitzakeen adin nagusiko gaixo batek, gero bere borondatea adierazteko gaitasunik gabe geratuz gero kontuan har zitzaten. Orain, bizi testamentua medikuen iritziaren gainetik jartzen du legeak. «Gaixoaren hautuaren ondorioen eta larritasunaren berri eman ostean, osasun langileakharenborondatea errespetatzeko betebeharra du», dio hitzez hitz arauak.

Halere, salbuespen batzuk jasotzen ditu. «Egoera guztiz ebaluatu bitartean hil edo biziko larrialdi bat badago» edo «bizi testamentua argi eta garbi desegokia bada», gaixoaren hitza «baliogabetu» daiteke. Medikuak gaixoaren nahiari uko egin nahi balio, medikuen elkargoari kontsultatu beharko lioke, eta azken horren iritzia gailenduko litzateke azkenean. ADMD elkarteak gogor jo du arauaren pasarte horren aurka, kasu «desegoki» horiek zeintzuk diren zehazten ez dituelako.

Horrez gain, gaixoen azken borondateak jasotzen dituen artxibo digital bat osatuko dute. Haatik, egun gaixoen %2,5 dira soilik beren azken nahiak aurretik jakinarazten dituztenak.

Benetako aurrerapauso bat emateko aukera galdu delakoan daude eutanasiaren aldekoak. Hain zuzen ere, 122 diputatu sozialistek eutanasia aktiboa jasotzen zuen zuzenketaren alde egin zuten aurreko asteko eztabaidetan. Baina zuzenketa hori eta ekologistek eta PRG ezkerreko erradikalek proposatutako beste batzuk gehiengo osoz atzera bota zituzten.

Aurkako botoak, UMPrenak

Gai delikatua da eutanasiarena, eta parlamentuan ikusitako kontsentsuak ez du gizartean sortzen duen polemika islatzen. Diputatuek botoa eman aurretik, ezkerreko parlamentarien gainera eutanasiaren aurkako afixak jaurti dituzte ezezagun batzuek. Bestalde, elkarte erlijiosoek legearen aurkako jarrera agertu dute.

Neurriaren aurka UMPko diputatu kontserbadoreenek bakarrik bozkatu dute. Guy Geoffroy diputatuak alderdikideen arteko desadostasunak leundu nahi izan ditu: «Ez da suizidio lagundua edo eutanasia arautzen duen legea».

PSko, UMPko, eta Ezkerreko Fronteko diputatu gehienek bozkatu dute legearen alde. Abstenitu direnen artean, ordea, gehienak ekologistak dira. Veronique Massounneau ekologisten ordezkariak azaldu du bere taldearen jarrera: «Legeak desberdintasunak areagotzen ditu». Izan ere, diputatuak ohartarazi du makina bat herritar joan ohi direla Belgikako eta Suitzako erietxeetara «duintasunez hiltzera». Horretarakobaliabide nahikorik ez duenak, ordea, ezin du eskubide hori erabili, hautetsi ekologistaren iritziz. Massounneauk Hollanderen legeaz zer espero zuten adierazi du: «Gaixoek aukeratu nahi dute non, noiz eta nola hilko diren. Ez dute lorik egin nahi». Halere, onartu du legea aurrerapausoa dela, baina ez dela nahikoa. «Ez diogu inori ezer inposatu nahi. Norberaren askatasunaren alde gaude, eta testu honek ez du hori jasotzen. Borrokan jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.