Euskal presoak. Abenduaren 9a, Paris

Aurrera begira, aurrera egiteko

Presoen korapiloari hari mutur ezberdinetatik tiraka ari diren eragileak dira Etxerat, Bagoaz, Sare eta Foro Soziala. Egoera «desblokeatu» beharraz mintzo dira. Parisen egingo dira urrats batzuk gaur

Urtzi Errazkin, Inaxio Oiartzabal eta Teresa Toda elkarrekin hitz egiten, Aieteko jauregiko parkean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia - Baiona
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Aiete, Bake Konferentzia 2011ko urriaren 17an. Borroka armatuaren amaiera. Luhuso. Baiona, armagabetzea, 2017ko apirilaren 8an. Paris, gaur, milaka euskal herritar bakearen alde. Mugarriak bakegintzan eta gatazkaren konponbidean. Egun seinalatuak guztiak, baina atzetik inurri lan handia dutenak. Batzuetan, publikoa; beste askotan, itzalpean ondutakoa. Helburu berarekin: bake iraunkorra preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herri batean.

Armak isildu dira, baina kartzelak ez dira hustu, eta lehen bezain garrantzitsua da presoen aferari heltzea. Hari mutur asko dituen soka bat da presoena, bere korapilo eta erritmoekin. Gaiari hari mutur desberdinetik heltzen badiote ere, ongi baino hobeto ezagutzen dute soka Urtzi Errazkinek (Etxerat), Emilie Martinek (Bagoaz), Inaxio Oiartzabalek (Sare) eta Teresa Todak (Foro Soziala). Bidelagun izan dira sarri, eta lan eskerga egin dute —eta egiten ari dira— korapiloak askatzen.

Betebehar horiek eragotzi dute, hain zuzen ere, lau eragileak elkartzea. Espetxe biran buru-belarri murgildu da Martin, eta atseden txiki bat hartu zuenean heldu zion lekukoari Errazkinek, Poitierseko etapan. Hala, Baionan bildu zen BERRIArekin Martin, Marseillatik itzuli berritan; hiru egun geroago elkartu ziren Oiartzabal, Errazkin eta Toda, Aieten (Donostia). Ez zen ausazko erabakia Aieten argazkiak ateratzea, sinbolismo handiko lekua baita. Era berean, ez zen kasualitatea izan Aieteko jauregia atzean uztea hirurek berehala, eta eraikinari sorbalda ematea. Adierazteko, nolabait, baietz, Aietek berebiziko garrantzia izan zuela, baina aurrera begira daudela, eta aurrera jarraitzeko pausoak ematen jarraitu behar dutela.

GAURKOARI BEGIRA



Parisen egingo dira urrats batzuk gaur. Frantzia mugiarazi nahian, haren bihotzeraino joango dira 10.000 euskal herritar, konponbidea lortzeko. «Bakearen alde arriskatzera». Handia izango da mobilizazioa, eta antolatzaileek behin eta berriro esan dute ez dela beste mobilizazio bat; oso garrantzitsua dela. Martinek, Bagoaz mugimenduko bozeramaileak ere, argi du gaurko egunaren garrantzia, eta zergatik den beharrezkoa parte hartzea. «Bake prozesua aitzinatzeko eta bake justu bat lortzeko joan behar dugu. Garrantzitsua da gure lurraldearen geroarentzat. Gatazkak jende anitz hunkitu du, eta denek dugu tokia manifestazio honetan eta bake prozesuaren barruan».

Herriaren borondatea sendoa dela erakutsi eta Frantzia mugiaraztea da helburua. Izan dira keinu batzuk orain arte, baina ez da urrats jakinik gauzatu. Ondorioz, zer espero daiteke, edo zer da Frantziari eskatu behar zaiona? «Epe motzean» etorri beharko luke presoen egoeraren desblokeatzeak, Martinen irudiko. «Ezin gara itxaroten egon. Parisko mobilizazioak ekarriko du Frantzia mugiaraztea. Oraingoz ez da ezer pasatu; Frantziako Estatuak ez du pausorik eman: zazpi DPS estatus kendu dituzte, baina hori lau ogi puska besterik ez da. Gehiago eskatzen da: presoak hurbiltzeko, baldintzapean aske uzteko, eri direnak askatzeko... Horiek erakutsiko lukete Frantzia aldatu dela. Horretan ari gara lanean. Lehen pauso horiek ukan arte, garrantzitsua da herriaren aktibazioa».

Toda, Foro Sozialeko presoen eta iheslarien gogoetabide prozesuko kidea, baikor dago gaurko egunarekin. «Oso erantzun polita» jaso da. Bakegileek deialdia planteatu duten moduari erreparatuta, «zerbait» datorrela uste du. Horregatik, ezinbestekotzat du gaurkoari babesa ematea. Foro Sozialaren hiru ardatzetako bat da gizartearen parte hartzea: «Manifestazioak jendarte zibilaren zutabea indartzeko balio du; ez da alferrikakoa». Frantziaren urratsak segur aski «pixkanaka» iritsiko direla uste du: «Ezin dugu pentsatu Frantziatik mirari bat iritsiko denik eta Mariano Rajoyren [Espainiako presidentea] eta Angel Yusteren [Espainiako Espetxeetako zuzendaria] konbertsioa eragingo duenik».

Bi epaiketari eman die garrantzia, benetako borondatea dagoen neurtzeko termometroa izan daitezkeelako. Batetik, Iratxe Sorzabalen kasua, zeinaren euroaginduaren inguruko epaia urtarrilaren 17ra arte atzeratu baitute. Todak begiz jo duen bigarren epaiketa Ibon Arginzonizena da. Espainian zigorra bete ondoren, Frantzian epaituko dute orain.

Apirilaren 8ko armagabetzera egin du salto, lehenik, Oiartzabalek, Sareko kideak. Baionako ekitaldia «beste bide bat» irekitzeko baliatu dela uste du, eta presoen gaiari heltzeko garaia dela orain. «Bakegileek lortu dute Frantziako Estatuan bide bat irekitzea, eta euskal gizartean ilusio puntu bat sortzea, sinestea izan gaitezkeela parte aktiboa konponbidera begira. Hori erakustera goaz Parisera. Horrek ekarriko du Frantziako Gobernuak ikustea aldaketa eskatzen duela gizarte honek».

Presoen senideen ikuspegitik begira, «izugarrizko garrantzia» du gaurkoak Errazkinentzat, Etxerat-eko bozeramailearentzat. «Bake prozesua bururaino eramateko konpromisoa erakusteko balio du gehienbat». Manifestazioa izaten ari den babesa kontuan hartuta, «egun historikoa» izan daitekeela uste du. Ez baitu edonolako sostengua jaso mobilizazioak: Ipar Euskal Herriko mila hautetsik babestu dute, Justizia Ministerioarekin bildu da ordezkaritza bat, Parisko Kontseiluak aho batez babestu du, erantzun ona izan du espetxeetako birak... «Ikusi dugu euskal gizarteaz gainera beste hainbat sektore inplikatzen hasi direla».

ESPETXEEN BIRA



Gaur amaituko da azken hiru asteetan Frantziako Estatua alderik alde zeharkatu duen espetxeetako bira, Parisen, mobilizazioarekin bat eginez. Hiriburuaren inguruko espetxeetan eman dituzte azken egunak, eta EPPK-ko bi mintzaiderekin hitz egin dute azken egunotan. «Beharrezko urratsak egiteko prest» azaldu dira presoen kolektiboko kideak. Aurretik, baina, eragile eta hautetsi ugarirekin biltzeko parada izan dute espetxeen biran aritu direnek. Bereziki, LDH Giza Eskubideen Ligako kideen babesa izan dute.

Biraren erdian «lehen balorazio positiboa» egin zuen Martinek. «Lortu dugu herriz herri programa txukuna antolatzea eta bertako eragileekin egotea». Hitzaldiak, prentsaurrekoak, dokumentalen proiekzioak eta abar egin dituzte. Presoen egoeraren inguruko interesa ikusi du Bagoaz-eko kideak. «Frantzian, jendeak gutxi daki euskal gatazkaz.ETAren armagabetzearekin, oihartzun handiagoa ukan du bake prozesuak, baina jendeak ez ditu sakonki ezagutzen gatazkaren muina eta ondorioak; anitzek ez zekien euskal presorik zegoenik bere herriaren ondoko kartzelan». Harridura ere sortu ei du jakiteak senideek asteburu oro hainbeste kilometro egiten dituztela. Errazkinek «sorpresa ona» hartu zuen Poitiersen astelehen gau buruzuri batean 120 pertsona ikustean. Todari adierazgarria egin zaio espetxe birak Frantzian izandako erantzun ona, eta Espainiaren jarrerarekin alderatu du. «Imajina dezagun antzeko zerbait Espainian: Guardia Zibila izango genuke espetxe atarian».

FRANTZIA MUGITU



Todaren alderaketak Espainiaz hitz egiteko aukera eman die beste bi mintzaideei. «Kutsatuta» dago, Oiartzabalen aburuz. «Estatuak normaltasunera eraman du presoen eskubideak urratzea, eta gizarteak barneratu egin du mezua». Ez da gauza bera gertatzen Frantzian, eta bidea «erraztu» egiten du horrek.

Frantziak salbuespen politikak bertan behera utziko balitu, senideen sufrimendua arinduko luke. «Parte bati eragingo lioke partikularki, baina asko lagunduko liguke psikologikoki», aitortu du Errazkinek. «Pauso errealak ikusteko beharra dugu, hitzetatik ekintzetara egiteko eta ilusio pixka bat sentitzeko. Urte asko daramagu sufritzen; guk ezin dugu iraganean hitz egin oraindik». Aukera bat ere ikusi du. Espetxe bira Mont-de-Marsango kartzelara ailegatu zenean, Vincent Bru diputatua hango zuzendaritzarekin bildu zen, eta jakinarazi zioten 51 leku libre dituztela. Frantzian 62 euskal preso daudela kontuan hartuta, eta Lannemezanen ere lekua dagoela ikusirik, borondate politikoa balego posible izango litzateke Frantziako Estatuko kartzeletan dauden presoak hurbiltzea. Martinen arabera, «atal teknikoa ez da arazoa: desblokeatu behar dena alde politikoa da».

Urrats jakinik gauzatu ez bada ere, baikorki ikusten dute Frantziaren jarrera. Justizia Ministerioak bilerak daudela jendaurrean aitortzea esanguratsua iruditu zaie. Adierazgarria da, era berean, En Marche alderdiko hainbat hautetsik gaurko manifestazioa babestu izana eta Europako Parlamentuan Bergeron txostenaren alde bozkatzea Frantziako eurodiputatu gehienek —Fronte Nazionalekoek salbu, gainontzeko denek—. Halere, «esparru guztiak dantzan» jarri behar direla nabarmendu du Martinek: «Aktibazioak eta herri mobilizazioak garrantzi handia du gobernua mugiarazteko».

ESPAINIA BAKARTU



Frantzia mugituko balitz, Espainia bakarrik geratuko litzateke salbuespen egoerak ezartzeko garaian, eta zaildu egingo lioke Europari entzungor egitea. «Apustua da Frantziako Estatua mugitzea, eta Espainiaren jarrera auzitan jartzea. Horrek eragina du: nola ulertu Europako ikuspegitik Frantzia mugitzen dela eta Espainia ez? Agerian geratuko litzateke». Alde horretatik, atentzioa eman dio Todari Espainiako Gobernuak asko hitz egin duela azkenaldian sakabanaketaz. «Zenbat adierazpen egin dituzte Zoidok [Juan Ignacio, Barne ministroa] eta Yustek Espainiaren jarrera indartzeko? Hori beste modu batera interpretatzen baduzu, segur aski kontziente dirazalantzan jartzen dituztela Europatik. Bergeron txostenak oihartzuna izango zuen Madrilgo bulegoetan».

Errazkinek gogora ekarri du espetxeak berez gizarteratzeko tresna direla, baina garbi dagoela Espainia ez dagoela horretan. «Zenbat eta min handiagoa, orduan eta hobe». Espetxe politikei so egin, eta «Mendebaldeko Turkia» gisa definitu du Oiartzabalek: «Espainiarekin presoekiko bizi dugun egoera irakurketa bakar batean uler daiteke: mendekua eta gorrotoa». Todaren aburuz, «kontzienteki» egiten diote entzungor Europari, nahiz eta jakin egunen batean men egin beharko diotela. Presoen eta senideen sufrimendua dakar horrek.

PRESO GAIXOAK ETA 'HAUR MOTXILADUNAK'



Politikatik harago doa Espainiaren mendeku jarrera Errazkinen ustez, eta Ibon Iparragirreren kasua jarri du adibide gisa. «Epaileak espetxeko medikuari esan dio erabakitzeko zer egin Ibonekin. Medikuaren erantzuna da 'nik ez dut fardel hori neure gain hartuko'. Baina arazoa Ibon askatzea da! Arazoa ez da espetxean hiltzea!». Iparragirreren kasuan Espainiaren «krudelkeria» argi ikusten dela uste du. Errazkinek azaldu du 2011. urtera arte jarrera hobea zuela Espainiak, baina jarrera gogortu egin dela Josu Uribetxeberria baldintzapean aske geratu izanak Espainian eragindako ekaitz mediatikoaz geroztik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik.

Preso gaixoen gaia «bereziki mingarria» dela aitortu du Oiartzabalek, baina erakundeak eta eragileak elkartzeko balio izan duela. Pausoak eman dira Euskal Herrian, esku hartu dute Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Gobernuak, baina Espainiaren jarrera ez da aldatu. «Iritzi korronte bat eraiki behar dugu, jendea elkartu, Espainiari erakusteko ezin duela honekin jarraitu».

Sufrimenduaren beste aurpegietako bat haur motxiladunak dira. Berriki Sarek atera duen txostenean irakur daiteke nolakoa den egoera. 113 haur eta nerabek dute guraso bat edo biak kartzelan, eta horrek berekin dakar urduritasuna, estresa, asteburuan lagunei eta aisialdiari uko egin beharra...

PARISTIK BILBORA



Bilbon dago Parisi jarraipena emango dion katebegia. Manifestazioa antolatu du Sarek urtarrilaren 13rako. «Paris bezain garrantzitsua da Bilbo», azaldu du Oiartzabalek. Beste hiruek ere garrantzi handia eman diote Bilboko mobilizazioari. «Gizartea prest dago konponbidean murgiltzeko eta presoen egoera hau erabat amaitzeko», Sareko kidearen iritziz. «Jendarte aktiboa irudikatu behar dugu, bakearen artisau izan nahi duena. Haur motxiladunen gaiak protagonismoa izango du, eta egun osoko egitaraua egin asmo dute. «Parisera goaz, eta Bilbon ere egon behar dugu; biak lotu behar ditugu, orain presoen garaia baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.