Pablo Berastegi. Donostia 2016ko zuzendari nagusia

«Kartografia bat osatzea izan da gure lana, etorriko direnei bideak errazteko»

Urtearen balantzea egiten hasteko garaia iritsi zaio Kultur Hiriburutzari. Analisi pausatuagoetarako denbora beharko dela uste du Berastegik, baina ekarpenak egin direla ere erantsi du. Zailtasunei elkarrizketa bidez irtenbideak bilatzea, adibidez.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Lau elkarrizketa egin zituen atzo, BERRIA hartu aurretik, Pablo Berastegik (Iruñea, 1968), eta beste bat zuen egiteko. Gaur ere beste bi hedabiderekin zen elkartzekoa. Azken egunak ditu Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak, eta urteak utzitakoaz balantzea egiten hasteko ordua iritsi zaie arduradunei, baita proiektuaren zuzendari nagusiari ere. Ez du nekea ezkutatzen, baina hala ere, irribarretsu iritsi da hitzordura. «Sentipenak kontrajarriak dira; batetik, lanaren alderik intentsoena bukatu izana dago, eta bestetik, atseden eta distantzia hartzeko beharra, guztia modu pausatuagoan berrikusteko». Urtea bukatu arren, izango ditu oraindik zereginak.

Lehen balorazio bat egin zenuten joan den astelehenean, eta proiektua gauzatzea lortu duzuela izan zen zuen mezu nagusia. Aurreko asteko ekitaldi instituzionalaren aldean, neutroagoa edo apalagoa da mezua?

Gure mezuaren inguruan gogoeta egin dugu, agian goizegi delako oraindik behin-betiko ondorioak ateratzeko. Egokiagoa iruditu zaigu ez egitea balantze triunfalista bat, ezta aukera galdu bat izan denarena ere. Garrantzitsuagoa iruditu zaigu nabarmentzea enkargu bat zegoela, eta enkargu hori, gehiago edo gutxiago, modu egokian bete dugula uste dugula esatea, ezagutza eta esperientzia batzuk daudela hor haietatik ikasteko, positiboak edo negatiboak, eta horiek partekatu behar ditugula. Ebaluazio lan bat dago gero, denbora eskatzen duena, analisi lasaiago bat egiteko. Ahalegina egin beharko dugu aztertzeko zein gauza joan diren ongi, zein ez, zeintzuk hobetu zitezkeen edo zer ikas dezakegun hain ongi joan ez diren horietatik, eta partekatu.

Programa aurrekontuaren erdiarekin bete duzuela ere nabarmendu duzue. Horrek zein neurritan eragin du proiektuan?

Nonbait irakurri dut gauza bera egin dugula diruaren erdiarekin, eta ez da hori. Hasieratik hor zeuden proiektuen ehuneko altu bati eutsi diogu diru gutxiagorekin, baina ez modu berean. Baliabide gehiago izanda, ziurrenik, arreta, ikusgarritasun edo anbizio handiagoko edukiak emango genizkiokeen bakoitzari. Diru gutxiagorekin lan egin dugu, eta saiatu gara agindutakoaren gehiengoa mantentzen. Nire ustez, diru asko da hala ere, batez ere bizi dugun testuinguruan. Agian gehien eragin diguna aurrekontu kontsolidatu bat ez edukitzea izan da, gero izan ez ditugun baliabide batzuekin lan egiteko espektatibak izatea. Esaterako, babesle pribatuen diru sarrerekiko espektatibak oso altuak ziren, eta ez ziren berrikusi. Nire ustez, gehiago eragin digu zein aurrekonturekin lan egingo genuenaz kontzientzia hartzeak, diru gutxiagorekin lan egiteak baino, zeren jarduerak molda ditzakezu, txikiago egin... Baliabide gehiago izan bagenu, agian alaiago joka genezakeen gastuarekin, maila altuagoko taldeen alde apustu egin... Baina ez dut uste proiektuarekiko garrantzitsuena zena funtsean aldatuko zenik; uste dut proiektuaren alderik indartsuenak ez zuela hainbeste dirutik behar; agian gehiago behar zuen denboratik, lasaitasunetik, hitz egitetik...

Dena den, egon da kanpoan geratu den proiekturik horregatik?

Ez. Murriztu egin diren proiektu batzuk bai, agian artista gutxiago sartu ditugulako, baina bestela ez. Lan gehiago egitera eraman gaitu horrek batzuetan, baliabideei etekin gehiago ateratzeko.

Balorazioan, elkarbizitzaren esparruan zailtasunik izan dela aipatu zuen Xabier Payak, besteak beste, testuinguruari eta alderdien arteko adostasunik ezari lotuta. Zenbateraino eragin dizue testuinguruak?

Uste dut elkarbizitzarena, herrialde eta hiri honetan, indarkeria gainditzearen inguruko guztiari lotuta, auzi zaila dela, konpondu gabeko egoerekin lan egiten dugulako; nahiz eta orain indarkeria ageriko bat ez den existitzen, badaude konpondu gabeko beste auzi batzuk, eta ildo horretan, zaildu egiten du. Baina proiektu hau bere garaian planteatu zen ikusteko ea gai zen ekarpena egiteko eta bide berriak proposatzeko auzi horiek konpontzen laguntzeko; horiek konpontzea, logikaz, ez da kultur proiektu baten eskumena, eta agian guri zegokiguna zen konpondu gabeko gai bat dagoenaz arreta deitzea, edo zer gizarte mota nahi dugun gogoeta egitea, baina egiatan, apur bat desproportzionatua da pentsatzea Europako Kultur Hiriburu garelako konponduko ditugula gure gizartean aspalditik errotuta dauden auzi batzuk. Geuk ere apaltasun ariketa bat egin beharko genuke, edo denborak eraman gaitu egitera, egin genezakeen ekarpenaz. Eta uste dut egin dugula ekarpenik. Adibidez, gai izan gara ohikoan diskurtsoak polarizatzen zituzten auzi konplexuei irtenbidea emateko, elkarrizketaren bidetik, gertukoak ez ziren jarreretatik eta egoera zailetatik batzuetan; zenbaitetan, are amaiera alaiekin ere, beste batzuetan ez hain alaiekin.

Gai honi lotuta izan da puntu ilunik, adibidez, Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketako zentsura. Nola ikusten duzu aste batzuk igarota?

Intentsitate handiko momentu bat izan da guretzat talde bezala, eta gizarte sektore jakin batzuen partetik penalizazio handia ekarri diguna. Haatik, ikusarazi ez diren alde positibo batzuk ere badituela iruditzen zait. Niri egokitu zitzaidan nire gain hartzea erabaki bat a priori inoiz hartu nahiko ez zenukeena, hots, erakusketa batetik pieza batzuk erretiratzea. Erakusketan pieza jakin batzuk sartzeak min, desadostasun edo liskar gehiago eragiteko arrisku handia zegoela iruditu zitzaigun. Erabaki bat hartu behar izan genuen —nik lehen pertsonan—, eta zen egoera hori ekiditen saiatzea, mina ekiditeko. Eta, gainera, erakusketak bilatzen zuen esfera publikora ekartzea gogoeta bat gizartean enkajatzen ez duten horiez, giltzapekoez, eta iruditu zitzaigun obra horiek ez zutela lagunduko gogoeta horretan; arreta galaraziko zuten. Positiboki baino gehiago negatiboki eragingo zuela iruditzen zitzaigun.

Haatik, alde ona da erabaki oso eztabaidatua izan zela; uste dut egon zela ulertze bat, ez ulertzetik. Hau da, onartzen dugu erabakia, jakinik guk geuk hartu gabeko erabakia dela. Ez ginen saiatu trikimailuak bilatzen egoera ezkutatzeko, agerian jarriz gure ezintasun bat, oso konplexua den gai bat planteatzeko. Erabaki genuen irtenbide hori proposatzea, eta agerian jartzea badela auzi bat ez garena gai naturaltasunez tratatzeko, eta eztabaida eskatzen duena, agian guk proposatu dezakeguna edo agian jada ez gaude autorizatuta proposatzeko, baina badira beste batzuk proposatu behar dutenak. Hori da ikusten diodan alde positiboa. Baina egoera konplexua izan zen, inor ez ginen ongi sentitu, eta nire ustez ez zen ongi ulertu hartu genuen jarrera: alegia, lehenik biktimekiko errespetua, baina baita kentzea erabaki genuen obra horien egileekiko ere. Pentsatu genuen objektu horiek, kontutan hartuta atzean zein subjektu dauden, gaitasun handia zutela polarizazio handia eragiteko proiektuan, eta zalantzan jartzeko gure erabakia elkarbizitzaren ideiari lotuta. Egoera oso konplexu batean ginen, eta min gutxien eragingo zuen irtenbidearen alde egin genuen, mina eragingo zuela jakinda.

Zein beste puntu beltz aipatuko zenituzke urteari dagokionean?

Nahikotxo daude, baina zorionez, lortu dugu askori buelta ematea, neurri batean gutxienez. Une batean, balioaren aldarrikapen bat egon zen argazkilaritzaren munduko langile batzuen partetik, non gutxiesten ari ginela zirudien, eta lan ez ordainduaz baliatzen, gure asmoa ez zenean, baina gero lortu genuen onbideratzea, hitz eginez, eta azkenean iritsi ginen adostasun batera, baita egoera hori —batzuetan sortzaileez abusatzen dela— ikusgarri egiteko. Zentzu zabalagoan, Hizkuntz Eskubideen Foroa ere lortu zen bideratzea, elkarrizketaren bidez, eta ekarpen garrantzitsua egin dezakeen dokumentu batekin.

Herritarren partetik harrera hoberena izan duten proiektuen artetik zein aipatuko zenituzke?

Egon dira batzuk, Uda gau bateko ametsa bezala. Gero, egon dira arrakasta izan duten batzuk, baina traszendentzia publiko handiegirik gabeak, esaterako, Hibrilaldiak, Break a Leg, artisten egonaldiak, edo 2016 Bidea... Eta gero badira, plano pertsonal batean ni asebete ninduten batzuk; Esther Ferrer bezalako sortzaileak izatea edo Helmut Lachenmann eskolak ematera etorri izana... Ahalduntzeko, ikasteko, partekatzeko eta hazteko parte hori guztia da, nire ustez, gure lanaren ikur interesgarrienetako bat, gerora fruitua eman beharko lituzkeena.

Urtea amaituta, Donostia 2016 Fundazioa desagertuko da?

Erabaki hori patronatuak hartu behar du. Gure estrategia izan da ekitaldiak eta proiektuak antolatzea, hirugarren batzuek haiei jarraipena emateko moduan. Fundazioa sortu zen kultur hiriburutzaren garaia kudeatzeko, eta gai izateko lurraldean dauden beste eragile batzuei denbora horretan pilatutako ezagutza transmititzeko. Horrekin batera, bere funtzioa zen martxan jarritakoaren legatu sozio-kulturala bermatzea. Horretan ari gara lanean, eta adibidez, patronatua ari da aztertzen sektoreko jendeak ematea jarraipena egindako lanari.

Sektoreko jendea aipatzen duzunean, zeinetaz ari zara?

Donostia Kultura, Tabakalera, Koldo Mitxelena, San Telmo... Kultur hiriburutza proiektua instituzioetatik sortu zen, batik bat Udaletik, eta gero, nolabait, bidaideak bilatu zituen. Oso inportantea da zehaztea kultur hiriburutza urtea nola gidatuko duzun eta bukatu ondoren datorrena nola kudeatuko duzun, zeinek egingo duen lan hori.

Zein egutegi jarraituko du orain Donostia 2016k?

Erabakitzeko dago. Egutegia eta baita nola kudeatuko den ere. Baina argi dago guk geuk egin beharko ditugula lan jakin batzuk, ekitaldiekin amaierarekin lotzen direnak: memoria, dokumentazioa, ebaluazioa, ezagutzen transmisioa... Hori dena prestatu beharko dugu patronatukideek erabaki dezaten zer egin. Sei hilabete, behintzat, beharko ditugu. Eta gero instituzioek hartu beharko dituzte erabakiak lan lerro batzuen edo hain ukigarriak ez diren beste batzuen inguruan.

1,8 milioi euroko aurrekontua onartu dute aurrera egiteko. Zer egin daiteke diru horrekin?

Badaude gauzak egiteko. Badira erakusketa batzuk, tartean Komisario Berriak ildoari lotutako bat, baita Antzerkigile Berriak ildoari lotutako obra batzuen estreinaldia ere, edo Europako beste kultur hiriburu batzuekin elkarlanean garatu dugun argazkilaritza proiektu bat... Abian zeuden egitasmoak dira eta emaitzak aurkeztu behar ditugu. Dokumentazio lana ere egingo da, eta hori gero [Tabakalerako] Ubikera eramango dugu, han gordeko baita gure memoria. Jardunaldi batzuk ere egin nahi ditugu parte hartzeari buruz eta baita gida praktiko bat ere, aniztasun funtzionala duen jendeak kultur ekitaldietan parte hartzea sustatzeko.

2017an itxi egingo dira, beraz, proiektuak...

Bai, hori da. Eta baliabide gehigarriak izaten badira, instituzioek beraiek nahi duten bezala kudeatu ahal izango dituzte, beraiek nahi duten erakundeen bitartez.

Legatuaz hitz egitean, esan nahi du orain arteko proiektu batzuek jarraipena izango dutela?

Niri legatuez hitz egitea gustatzen zait, irakaspenak eta guk sustatu nahi izan dugunaren hondarrak aurki ditzakegun plano ezberdinak hobeto islatzen dituelako. Legatu batzuk materialak dira, ezagutzaren ekoizpenari lotutakoak —antzezlanak, argitalpenak, dokumentalak— eta kultur hiriburuaren inguruan sortu direnak. Eta gero daude D2016ren lan moduak hobekien islatzen dituzten ekintzak. Horietaz ari gara patronatuko kideekin hizketan, ikusteko nork har ditzakeen bere gain. Adibidez, Olatu Talka 2016a baino lehen hasi zen eta hurrengo urterako deialdia ere egina dago. Hirikilabs gure bulegoan hasi zen, baina dagoeneko Tabakaleran hartu du aterpe. Ikusmira Berriak egitasmoa D2016, Euskadiko Filmategia eta Tabakaleraren arteko lankidetzatik sortu zen, eta jarraituko du gu... Ikusi beharko dugu nola eman jarraipena bestelako lan batzuei. Energia-olatuak herritarren proposamenei lotutako lan-ildoarekin, adibidez, interesa du diputazioak.

Zein izango da kultur hiriburutzak hiriari utziko dion legatu inportanteena?

Gatazkak eta ezberdintasunak lantzeko modu gehiago daudela ulertzea, kultura landu eta ekoiztea eta gure ezberdinak direnekin harremanak izatea. Kultur hiriburutzak utzi beharko lituzkeen hiru ondorio dira.

Zein oroitzapen geldituko zaie herritarrei?

Ez dakit... Uste dut ebaluatzeko eta egindakoa baloratzeko distantzia bat hartu beharko dugula, denbora bat. Esango nuke joera dugula kritikoegiak izateko eta modu horretan, lortutakoari balioa kentzeko. Begia ondo joan ez diren gauzetan besterik ez jarrita. Uste dut kritikoak izatea ona dela, baina ez da ona gauza positiboak ez ikustea, ezta ondo joan ez diren kasuetan ere. Horrek oso eremu pasiboan jartzen gaitu. Inportanteena da lortutakoa; ez hainbeste egin ez dena. Pentsatu beharko dugu zer lortu dugun; aurrerapausoak egin ditugu ezinbestekoak diren hainbat ataletan. Hemendik aurrera jarraituko dutenek informazio gehiago izango dute. Nik beti esan dut gure lana izan dela kartografia bat osatzea, puntu ezberdinen arteko bideak errazagoak izan daitezen gerora etorriko direnentzat.

Zuri zer eman dizu abentura honek?

Ikasi dut lantalde handiekin lan egiten, orain arte egin gabe nengoena. Eta zailtasun handiak ditu horrek. Asko ikasi dut alde horretatik. Eta ikasi dut presioa kudeatzen... Ez zait gustatzen publikoki agertzea, eta proiektu honetan banekien hori saihestea ezinezkoa zela, proiektuak berak arreta handia pizten duelako. Hori dena kudeatzea irakaspen handia izan da, pertsonalki eta profesionalki.

Eta hemendik aurrera zer? Orain sei hilabete dituzue lanak amaitzeko, eta hortik aurrera?

Kultur ekoizpenaren barruan zer nolako rola bete dezakedan birpentsatu behar dut, eta halako edo bestelako proiektuei zer ekarpen egin diezaiekedan. Neure burua non kokatu... hor nabil.Baina lehenengo atsedena... distantzia pixka bat hartu behar dut, bestela, neketik abiatuta hasten bagara pentsatzen, arriskua dugu egin duguna behar den bezala ez baloratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.