Sakabanaketaren aurkako lehen eskaera egin dute Estrasburgon

Josetxo Arizkuren presoaren kasua eraman dute Europako Giza Eskubideen Auzitegira. Familia bizitzarako eskubidea argudiatu dute

Hodei Iruretagoiena.
2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Iritsi da Estrasburgora 2013ko abenduko agiriarekin Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hasitako bidea. Multzoka, Euskal Herriratzeko banakako eskaerak egingo zituztela iragarri zuten agiri hartan, eta gaitz larriak dituztenek eta 70 urtetik gorakoek egin zituzten lehen eskaerak, 2014ko martxoan —hamasei preso inguru ziren garai hartan; aske uzteko ere eskatu zuten lehen multzokoek—. Espainiako epaitegietako bidea agortuta, joan den abenduaren 23an eraman zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegira Josetxo Arizkuren euskal presoaren kasua haren abokatuek. Familia bizitzarako eskubidea izan da aurkeztutako argudio nagusia.

Aurrez gainerako epaitegiek egin bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den ekainean eman zion ezezkoa Arizkurenen (Iruñea, 1958) eskaerari. Tramiterako ere ez zuten onartu.

Arizkuren 1999an atxilotu zuten, Parisen, eta preso eduki dute geroztik. 2006an, Frantziak ezarritako zigorra bete, eta Espainiaratu egin zuten. Auzitegi Nazionalak hainbatetan epaitu eta zigortu du ETAko kide gisa. Kardiopatia iskemiko larria du, eta horregatik zegoen Euskal Herriratze eskaerak egiteko EPPKren lehen multzoan, 70 urtetik gorako presoekin batera. Iazko ekainean, A Lamako (Galizia) kartzelatik Murtziakora (Espainia) aldatu zuten, eta senideek kezka agertu zuten, lehen ere beste preso batek salatu baitzuen han ez ziotela eman osasun arreta egokirik.

Familia bizitzarako eskubidea izan da, hala ere, Arizkurenen abokatuek Estrasburgon erabili duten argudio nagusia. Nabarmendu dute presoak beren ingurunetik urrun izateak familia bizitzarako eskubidea urratzen duela. Besteak beste, zailtasunak dakartzalako bisitetarako eta gainerako harreman bideetarako. «Sakabanaketarekin gauza gehiago urratzen dira, baina Estrasburgora joateko indar egin behar zen Europako Giza Eskubideen Itunak dioenean, eta hor argi dago jasoa familia bizitzarako eskubidea», azaldu dio BERRIAri Amaia Izko abokatuak.

Itun horretako 8. artikuluaren arabera, «pertsona orok du familia bizitza pribatua, haren etxekoa eta korrespondentzia errespetatua izateko eskubidea». Legez behar bezala araututa eta argudiatuta bakarrik onartzen du Itunak eskubide hori murriztea, eta, Izkok nabarmendu duenez, Espainiako legediak ez du halakorik jasotzen. «Sakabanaketa ez da legezkoa». Gainera, Madrilen argudioen aurka egiteko, abokatuaren ustez, aintzat hartzekoa da ETAk utzia duela jardun armatua.

Kasu gehiago izan litezke

Europako auzitegiak esan beharko du orain Arizkurenen eskaera tramiterako onartuko duen edo ez. «Hilabete batzuk» pasa litezke ordurako, Izkoren esanetan. Epe motzean, kasu gehiago ere eraman ditzakete Estrasburgora, abokatuak aurreikusi duenez, antzeko beste batzuk ere ebaztear daudelako Auzitegi Konstituzionalean. Horietako bat zen, esaterako, Karlos Trenor abokatuarena —18/98 auzian zigortu zuten, Egin-ekin eta Orain S.A enpresarekin lotuta—, baina joan abenduaren 25ean irten zen kalera, zigorra beteta. Oraingoz, Konstituzionalak atzera botatako eskari bakarra Arizkurenena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.