Lasaitasunerako deia Aralarren

Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteak Aralarko pisten aldekoen eta aurkakoen arteko elkarlana lortu nahi du, Oiduegi txabolako sutearen ondoren. Gaitzespen zabala jaso du ustezko erasoak

Oiduegi txabola suntsituta utzi zuen larunbateko suteak. GOIERRIKO HITZA.
mikel rodriguez
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Alex Sukia Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteko kidea Aralarren mendi itzuli bat ematera atera zen joan den larunbat goizean, bertze bi lagunekin. Haiek topatu zuten mendi elkarteak kudeatzen duen Oiduegi txabola kiskalita. Gertakariak oihartzun zabala izan du Zaldibian ez ezik Aralarren inguruko Gipuzkoako bertze herrietan ere. «Oiduegi ez da txabola bat bakarrik; herri guztiak auzolanean eraiki zuen, eta, txabola bat baino gehiago, sentimendu bat da», azaldu du Sukiak. Gailurrerantz-ek eta Zaldibiako Udalak ez dute Ertzaintzaren eta suhiltzaileen berrespen ofizialik jaso, baina ikerlarien hipotesi nagusia da sutea nahita eragindakoa izan zela. Horregatik, Aralarren egiten ari diren mendi pisten inguruko eztabaida are gehiago gaiztotuko ote den beldur dira auzian inplikatutako erakundeak, taldeak eta herritarrak. Sutearen hurrengo egunetan, ordea, lasaitasunerako deia egin dute kontrako iritziak dituzten aldeek.

Jabetza publikokoa da Oiduegi txabola, eta Gailurrerantz elkarteak kudeatzen du. Sukiak azaldu duenez, herritar guztiek dute hura erabiltzeko eskubidea. Sarrera bat zeukan su baxuarekin, sukalde ekonomiko bat, eta hamasei litera arratsa pasatu nahi dutenentzat. Herritarrez eta mendizaleez gain, Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoek ere erabili izan dute. Suhiltzaileen eta Ertzaintzaren lehenbiziko hipotesia da nahita eragindakoa izan zela sua, bertzeak bertze, txabolak ez daukalako argindarrik, eta sutea logeletan sortu zelako, ez sua erabiltzeko zeuden guneetan. «Hori da guri esan digutena», zehaztu du Sukiak. «Gauzak argitzen direnean, jakinaraziko dugu». Hala ere, Gailurrerantz-ek ezin izan dio izkin egin pisten inguruko eztabaidari. «Mendi elkartearen zuzendaritzak pisten kontrako agiri bati babesa eman zion, baina elkartearen barruan sentsibilitate asko daude. Hala ere, pisten auzia dagoen bezala egonda, jende guztiak atera duen konklusioa izan da lotuta dagoela».

Erantzun zabala Zaldibian

Gailurrerantz sutearen egunean bertan mobilizatu zen txabola berreraikitzeko lanak hasteko. Sukiak azaldu duenez, larunbatean 200 lagun inguru elkartu ziren batzar informatiboan, eta, igandean, berriz, 150 bat —Zaldibiak 1.500 biztanle inguru ditu—. Lehenbiziko auzolan saioan 40 bat herritar inguruk parte hartu zuten. «Auzolanean pisten aurkakoak eta aldekoak elkartu gara, eta hori bultzatu nahi dugu, egoera dagoen bezala egonda ere, gauza askok batzen gaituztelako. Oiduegik erakusten dituen balioak herri guztiak konpartitzen ditu».

Enirio-Aralar natur parkea kudeatzen duen mankomunitateak iazko urrian onartu zuen guztira hamabortz kilometroko pistak egiteko plana. Bederatzi udalek bozkatu zuten alde, bortzek aurka —tartean, Zaldibiakoak—, eta bakarrak abstentzioa eman zuen. Natur taldeak eta ekologistak pistak egitearen aurka agertu dira, eta abeltzainen taldeak eta sindikatuak, ordea, alde. Eztabaida sutsu batean murgilduta daude aspaldian, eta iritzi batekoek zein bertzekoek erasoak jasan izana salatu dute hainbatetan.

Larunbateko sutearen ondoren, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak, Enba Euskal Nekazarien Batasunak eta Aralarko abeltzainek ohar bat argitaratu zuten Oiduegiko sutea gaitzesteko. «Erabat salatzen ditugu era honetako ekintzak. Ez dute ezertan laguntzen, eta kaltea besterik ez dute egiten», adierazi du Garikoitz Nazabalek, EHNEren Gipuzkoako presidenteak. Zaldibiarra da Nazabal, eta azaldu du Oiduegik «oso sinbolismo berezia» duela. «Mendizaleek, abeltzainek, beste herritarrek... denok erabili izan dugu. Herriaren bihotzari egindako eraso bat da». Horregatik, Nazabal «kezkatuta» agertu da «entzuten ari diren zenbait diskurtso eta akusaziorekin», uste baitu «zenbaitzuk» abeltzainei leporatu nahi dietela sutea. «Ez dut arrazoi bakar bat ere ikusten abeltzain batek hori egiteko, noiz eta orain, mankomunitatean eta aldundian gaia bideratzen hasita dagoenean, eta ganaduzaleen artean lasaitasuna hedatzen hasia denean». Pistak egiteko lanak hasita daude, eta aldundiak bi milioi euro bideratu berri ditu Enirio-Aralarko kudeaketa planerako. Nazabalek bide horiek egitea defendatu du. «Tresna bat dira, artzainek puntu estrategikoetara sarrera duin bat izan dezaten, bizia jokatu behar izan ez dezaten».

«Mamiari heldu behar zaio»

Pisten aurka mobilizatu den talde nagusietako bat da Landarlan natur taldea. «Sindikatuek eta abeltzainek oharrean adierazi duten jarrerarekin gustura gaude», azaldu du Edurne Huesa Landarlaneko kideak. Huesak uste du suteak lotura duela pisten inguruko eztabaidarekin. «Hori egin dutenak zubiak eraikitzearen eta elkarrizketaren kontra daude». Hala ere, sindikatuekin kritiko agertu da. «Oharrean eztabaida aipatzen dute, baina ez dituzte zuzenean aipatzen pistak. Eztabaida dagokion tokian kokatu behar dela ere esaten dute, baina hau ez da eztabaida abstraktu bat. Mamiari heldu behar zaio». Huesak salatu du gaiaren inguruko erabakiak «politikoek eta abeltzainek» bakarrik hartu dituztela.

Hain zuzen, Joxean Etxabe Zaldibiako alkateak ere kritika hori egin die Enirio-Aralar Mankomunitateari eta aldundiari. «Mankomunitatean behin eta berriro eskatu dugu plan ireki bat behar dela. Abeltzaina Aralarko erabiltzailea den bezalaxe, erabiltzailea da motxila hartu eta mendira doana ere, edo bertako biotopoa defendatzen duen ekologista. Debatea ez da pistetara mugatu behar; zabalagoa da». Etxaberen ustez, «ganaduzaleek interpretatzen dute orain plan horri ezetz esaten bazaio ez dela berpiztuko». Alkateak, baina, bertze plan bat bultzatu nahi du. «Aralarko erabiltzaile guztien artean hitz egin behar da, eta bakoitzak bere arlotik hitz egiteko eskubide osoa izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.