Gatazka feminismotik leitzen

'Gatazkaren irakurketa feministak' jardunaldiak egin dituzte Iruñean, UEUk eta EHUk elkarlanean antolatuta. Euskal gatazka literaturan nola islatu den aztertu dute zenbait ikerlarik, irakaslek eta idazlek

Mari Luz Esteban, Ibon Egaña, Ane Villagran eta Iratxe Retolaza, atzo, Katakrak liburu dendan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko gatazka politiko eta armatua zer izan den. Nor izan den protagonista. Nola irudikatu den eta, batez ere, nork kontatu duen. Euskal literaturan ugaldu egin dira gatazka politikoaren irudikapenak eta, kontakizunaren borroka horretan, irakurketa feministak proposatu dituzte diziplina eta esparru askotako eragileek. Horren gainean gogoeta egin zuten atzo Iruñeko Katakrak liburu dendan, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako jardunaldian.

Eraldatzeak izenburuko lehen saioan, hizlari aritu ziren Mari Luz Esteban EHUko irakaslea, Iratxe Retolaza Emagin elkarteko eta UEUko kidea, eta Ane Villagran EHUko irakasle eta BMU Bordele-Montaigne Unibertsitateko ikerlaria.

Gatazkaren kontakizunean nagusi izan den ikuspegi «epikoa» alboratzearen alde egin zuen Estebanek: «Heroien eta mitoen zaleak gara, oro har». Horren ordez, bestelako ikuspegiak lantzea proposatu zuen: alde batetik, «genealogia berriak» sortzeko beharra nabarmendu zuen, eta adibidetzat jo zuen 2006. urtean sortutako Ahotsak taldea. «Genealogia berriak eginda, ohartuko gara ez garela hutsetik abiatu, eta horrek adorea emango digu gure jarduna ebaluatu eta eraldatzeko».

Identitateak «desegiteko eta berriz eraikitzeko» deia egin zuen EHUko irakasleak, «norberaren esperientziari mesfidantzaz begiratzeko». Izan ere, Estebanek interesgarri deritzo, feminismoaz harago, beste kontzeptu asko ere auzitan jarri eta deseraikitzeari, «euskal identitatea, esate baterako». Bestalde, «zeharkakotasunaren alde» ere mintzatu zen, «analisi dikotomiko eta bertikalak» alboratzeko.

Iratxe Retolazak aztergai izan zituen gatazkari buruzko euskal nobelagintza eta genero estereotipoak. Zehazki, Bernardo Atxagaren Zeru horiek, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Karmen Gisasolaren Gaur zortzi eta Pako Aristiren Rosa itzuli da nobelak aztertu zituen atzo. Lan horietan protagonistak «emakume errebeldeak» direla nabarmendu zuen Retolazak: «Nortasuna eta erabakimena dute». Hala ere, zenbait ahulgune ere nabarmendu zituen: «Protagonistak baztertuta daude, ez dute komunitatean emakume sarerik, eta, indarkeria sexista irudikatzen denean, gatazka armatutik kanpo azaltzen da, bi gauzak gurutzatuko ez balira bezala». Genero estereotipo batzuk ere identifikatu zituen adituak: «Emakume protagonistak emozionalak dira, hori nabarmentzen da haien posizio ideologikoaren gainetik, eta maskulinitatea ez da birpentsatzen».

Ane Villagranek poesia garaikidera jo zuen, gatazka «berrirakurtzeko» gakoak azaltzeko: alde batetik, gatazkaren zentraltasuna zalantzan jartzeko bide gisa hizkuntza poetikoa erabili duten idazleak aipatu zituen, eta Castillo Suarezen lanak jarri zituen adibide gisara. Bigarrenik, «patriarkatuaren aurkako borroka eta aldarri feministak poesiara ekarri» dituzten egileen artean nabarmendu zituen Jule Goikoetxea eta Ekhiñe Eizagirre. Azkenik, «genero harremanek zeharkatzen dituzten bestelako gatazka batzuk lehen lerrora» ekartzeko beharra aipatu zuen, eta adibidetzat jo zituen Itxaro Bordaren eta Leire Bilbaoren olerkiak, besteak beste.

Hurrengo saioetan, Onintza Odriozola EHUko irakasleak, Ibai Atutxa irakasle eta UEUko kideak, Olatz Dañobeitia EHUko ikerlariak, Amaia Serrano EHUko irakasleak eta Lorea Azpeitia EHUko ikerlariak parte hartu zuten. Iluntzean, azkenik, Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza eta Itxaro Borda idazleek hartu zuten hitza, Idazleen ahotsak izeneko mahai inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.