Hezkuntzarako «zoru etikoa»

Hik Hasik adituekin ondutako agiri bat egin du, hezkuntzan «ikuspegi aldaketa» eskatzeko. Hiru oinarri: finantzaketa eta segimendu publikoa, eskolen autonomia eta herri hezitzailea

Dokumentua lantzen aritu diren adituetako batzuk, atzo, Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan, aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Beste estilo bateko hezkuntza, heziketa «guztien ardura» gisara hartuko duena eta haurrak «osotasunean» kontuan izango dituena. Proposamen dokumentu bat egin du Hik Hasi elkarteak, hezkuntza arloko dozenaka adituren ekarpenekin ondua: Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak du izenburua. Ikuspegi aldaketa da proposamenaren oinarri nagusia: «Jendarteak izan behar du heziketaren protagonista; sentitu behar du heztea bere egitekoa dela». Hots, eskolatik harago garatu behar dela heziketa; herri hezitzaileen kontzeptua txertatu dute dokumentuan. Eskoletarako euretarako, berriz, dozenaka proposamen ageri dira.

«Ariketa libre bat» egin dute, Hik Hasiko ordezkari Joxe Mari Auzmendiren esanetan. 30 bat laguneko talde iraunkorra aritu da dokumentua lantzen, eta dozenaka adituren ekarpenak jaso dituzte. Urtebeteko bidea egin dute.

Hezkuntza legearen inguruko prozesua hasia dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Garai berean dator Hik Hasiren dokumentua, baina ohartarazi dute «aurrera begirako ikuspegiz» egin dutela, «eta Euskal Herri osorako».

Ardura eskolaren gain

Agirian ohartarazi dute eskolari zama handia jartzen zaiola: «Jendartean sortzen diren zailtasunak, erronkak edota arazoak bideratzeko, ardura gehiegi jarri da haren gainean». Ikuspegi hori aldatu, eta «herri osoarengan» jarri nahi dute fokua. «Ondorioz, egitura eta antolaketa berri bati buruz hitz egiten ari gara», azaldu du Xabier Sarasua irakasleak.

Hiru zutabe jarri dituzte horretarako. Lehenik, publikotasuna: administrazioarena denez eskumena, publikoa izatea «finantzaketa eta esku hartzearen jarraipena». Bigarrenik, autonomia: eskola bakoitzak autonomia izatea egitasmoak garatzeko, bai barne antolaketari dagokionez, bai arlo pedagogikoari dagokionez. Eta, hirugarrenik, elkarlana: herri hezitzailea kontzeptuari tiraka, herrietako eragileek eta udalak ere parte hartzea heziketa prozesuan.

Proposamen ugari bildu dituzte dokumentuan. Gehienak eskolari dagozkio, baina «ikuspegi globala» hartu nahi izan dute. Izan ere, ohartarazi dute umeek etxekoen ardurapean igarotzen dutela denbora gehiena. «Argi dago etxekoen bidez jasotzen dela heziketa oinarrizkoena, eta, beraz, familiei lagundu egin behar zaie». Besteak beste, proposatu dute gurasoek baimen luzeagoak izatea, etxean zaintzeko erraztasunak ematea, haurrentzako eta gurasoentzako espazioak izatea herrietan...

Ikastetxeei buruzko proposamenetan, tartean daude, esate baterako, honako hauek: hautaprobak eta oraingo «kalifikazio sistema» kentzea, «euskal kultura lehenestea», irakasleen prestakuntza praktikari lotzea eta hezitzaileen euskara gaitasuna bermatzea, ikastetxeek autonomia izatea «beren proiektuarekin bat datozen langileak aukeratzeko»...

Antolaketari dagokionez, uste dute udalek ere izan behar dituztela hezkuntza eskumenak, eta herri bakoitzean «hezkuntza plan bat» behar dela. Finantzaketa arloan, eskatu dute Europako mailara iristea, eta eskola guztiek «finantzaketa nahikoa» jasotzea.

Hezkuntzako eragileei aurkeztu diete agiria, eta administrazioetan eragin nahi dute orain. Eskoletara ere helarazi nahi dute, eztabaidatzeko. «Proposamen bat da. Administrazioari zuzendua, baina baita herritarrei, eskolei eta udalei ere. Eskaintza irekia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.