Albistea entzun

Europar Kontseiluaren urteko azken bilera

Euroaren erreforma, paretaren aurka

Banku batasuna eta erreskate funtsaren moldaketa lehenetsi dituzte estatu kideek, Junckerren proposamenik berritzaileenak baztertuta
Angela Merkel Emmanuel Macronengana hurbiltzen, herenegun, Europar Kontseiluko sarreran.
Angela Merkel Emmanuel Macronengana hurbiltzen, herenegun, Europar Kontseiluko sarreran. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ivan Santamaria -

2017ko abenduak 16

Euroaren etorkizuna definitzeko goi bilera izan behar zuen atzokoak. Behintzat, ekonomia eta diru batasunean sakontzeko dagoen gogoa neurtu behar zuen, eta argi geratu da ez dagoela oraingoz grina berezirik esperimentu berritzaileetan sartzeko. Banku batasuna behingoagatik amaitzeari lehentasuna eman diote estatu kideek, eta egungo erreskate funtsa Europako Diru Funts batekin ordezkatzeko prest daude, betiere bere tamaina, egitura eta erabakiak hartzeko sistema aldatzen ez badira.

Ez Europarako Finantza superministrorik, ez eurogunerako aurrekonturik edota egon daitezkeen krisien efektuak arintzeko finantzaketa tresna partekaturik, ezta hazkunde eta egonkortasun ituneko arauak sinplifikatzeko moldaketarik ere. Ez dago behar besteko adostasunik horiekin aurrera egiteko, eta, oraingoz, gordeta jarraitu beharko dute.

Espero zitekeen erantzuna. Joan den astean Europako Batzordeak euroa erreformatzeko proposamenak jakinarazi zituen; ez zuen aparteko harrera berorik sortu. Atzoko goi bilera prestatzeko egin zen eurotaldean dagoeneko ikusi zen Junckerren bide orriari babesa faltako zitzaiola.

Emmanuel Macronen garaipenaren ondorioz Europari astindu bat emango zitzaion ideiari buruz asko idatzi da. Europako antolakuntzaren errealitatea egoskorra da, ordea. Lubakiak krisiaren garaian zeuden tokian daude oraindik ere. Europa iparraldeko herrialdeek batasun ekonomikoan sakontzeari buruz duten ideiak ez du zerikusirik Frantziak eta periferiako herrialdeek dutenarekin.

Alemaniak, Herbehereek, Austriak eta Finlandiak —hartzekodunen blokeak, azken finean— ez du aukerarik ikusten gainerako herrialdeekin arriskuak partekatzeko. Edozein diru transferentzia anatema da, ez bada trukean baldintza makroekonomiko gogorrak ezarrita, erreskateekin gertatu den bezala.

«Ez dut beharrezko ikusten krisien aurkako euroguneko diru funts handi bat, baizik eta hemeretzi funts txikiagoak», laburbildu zuen Mark Rutte Herbehereetako lehen ministro eta jarrera horren defendatzailerik handienak. Hau da, herrialde bakoitzari dagokio gerta daitezkeen krisietarako baliabideak prestatzea, eta, halakorik ezean, erreskateen atea baino ez zaio geratuko.

Macronek eurogunerako aurrekontu «esanguratsu» bat sortzea defendatu izan du. Hain urruti jo gabe, batzordeak zenbait finantzaketa tresna proposatu ditu, halako funtzioak betetzeko. Antzeko espiritua dute. Aurreko krisian gertatu ez den bezala, Europan hurrengo krisiari erantzuteko bitarteko ekonomikoak prest izatea. Diru komun gehiago jartzeari eta Bruselaren esku uzteari ezezko borobila eman diote Alemaniak eta haren aliatuek. Are gehiago, exijitzen dute egungo arauak gogortzeko eta batasuneko funtsak jasotzearen truke urtero batzordeak proposatzen dituen erreforma gomendioak betetzeko.

Banku batasuna, hasteko

Arriskuak elkarrekin hartzeko fobiaren adibidea banku batasuna da. Jatorriko diseinuaren arabera, hiru hanka behar zituen: ikuskaritza bateratua, bankuen krisiei erantzuteko prozedura arautua, eta gordailuak babesteko sistema komuna. Egun, lehen biak martxan daude, baina ezinezkoa da hirugarrena aurrera ateratzea.

Gaur egun, herrialde bakoitzak du bere herrialdeko bankuen gordailuak bermatzeko ardura, eta horrek lotura maltzurra sortzen du finantza publikoen eta banku krisien artean, Irlandan eta Espainian gertatu zen gisara. Alemaniak, Herbehereak eta beste herrialde batzuk ez daude prest gordailuak babesteko sistema bateratu bat onartzeko. Aurretik, banku arriskua murrizteko neurri gehiago exijitzen dituzte. Horien artean, balantzean dagoen zor subiranoaren trukeko diru erreserba gehiago exijitzea, eta Parisen, Erroman eta Madrilen ez zaie gustatzen ideia hori, bankuak direlako zor publikoaren erosle nagusiak, eta baldintza gogorragoek finantza entitateen inbertsioa uxatuko duten beldur dira.

Martxorako eta ekainerako euroari buruzko goi bilerak aurreikusi dituzte. Akordio bat lortzea izango da eurotaldearen xede nagusia datorren urte erdian. Pareta jo du Macronek, baina ez du etsi nahi. Martxorako bileran luzera begirako eztabaida nahi du. Besteek gauza bera nahi duten beste kontu bat da, ordea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Irango emakumeen aldeko protesta bat, Istanbulen (Turkia), larunbatean. ©ERDEM SAHIN / EFE

Iranek ez dio lagunduko NBEri protestetako errepresioa ikertzen

Maddi Iztueta Olano

NBEk misio bat sortu du Mahsa Aminiren aldeko mobilizazioetako errepresioa ikertzeko. Protestetan 300 lagunetik gora hil dituzte
Mauna Loa sumendia ©@USGSVolcanoes

Hawaiiko Mauna Loa piztu da, munduko sumendi aktiborik handiena

Julen Otaegi Leonet

Duela ia 40 urte piztu zen azkenekoz. Oraingoz, sumendiak ez ditu «mehatxatu» inguruko herriak.

Gerald Darmanin Frantziak Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, gaur, Noumean, bilkura batean ©@GDarmanin

Darmaninek «elkarrizketei berriz ekitea» jarri du helburutzat Kaledonia Berrian

Ander Perez Zala

Urtebetean baino gehiagoan lehen aldiz, independentistek baiezkoa eman diote negoziazioetan parte hartzeari.

Zero COVID neurrien aurkako manifestariak, bart, Pekinen. ©MARK R. CRISTINO / EFE

Milaka lagun kalera irten dira Txinan, Zero COVID politiken aurkako protestetan

Paulo Ostolaza

Herrialdeko hiri nagusietan izan dira protestak, tartean, Pekin hiriburuan. Urumqi hiriko sute batean hamar lagun hil izanak leherrarazi ditu manifestazioak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...