Gazteen «freskura», jokabideak aldatzeko

«Ez badugu batak bestearekin hitz egiten, ezin da ezer lortu». Hala uste dute Mikelezek eta Aranbarrik, bakearen eta bizikidetzaren inguruko EGKren ekinbideetan parte hartu duten gazteetako bik.

Hodei Iruretagoiena.
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Su haietatik, ke hauek», dio esaerak. «Hori da orain daukaguna. Oraindik ezin da esan bakean eta bizikidetzan bizi garenik», dio Idoia Mikelez Alonsok (Andoain, Gipuzkoa, 1991). EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bakearen eta bizikidetzaren inguruan antolatutako hainbat ekintzatan hartu du parte, Eñaut Aranbarri Esnaolarekin (Elgoibar, Gipuzkoa, 1987) eta beste hainbat gazterekin batera. Bake Ibilbideak egin zituzten aurrena, eta Bake Hizketak iazko urrian.Hogei bat gazte elkartu ziren Arrasaten (Gipuzkoa), asteburua elkarrekin pasatzeko.

«Alderdi humanoa lantzeko asko balio izan zuen; diskurtso bat maila humanoan jartzen duzunean, beste zentzu bat hartzen du, eta horrekin geratzen naiz», kontatu du Aranbarrik. «Bestelako ahots batzuen» falta sumatu zuten arren, baikor da izandako esperientziarekin: «Alderdi batzuetatik etorri ziren modu pertsonalean, baina hor ere ikusten da: gazteak prest daude alderditik kanpo ere pausoak emateko».

Iraganekotzat jotako jokabide batzuk «oso errotuta» ikusten ditu oraindik zenbait alderditan, eta uste du gazteek lagundu dezaketela horiek aldatzen: «Segitu behar dugu gure freskura eta sormen horretatik eragiten, oraindik injustizia asko baitago alde askotan. Segitu behar dugu bestearen lekuan jartzen, entzuten».

Gatazkaren hainbat ikuspegi landu zituzten: memoria historikoa, hedabideak, biktimak... Besteak beste, kazetari eta biktima batzuekin aurrez aurre aritzeko aukera izan zuten, eta «zirrara» eragin zion horrek Mikelezi: «Ikusi genuen interes handia zutela gugan, eta gustatu zitzaigun hori, gehienetan oso ahul ikusten baitugu geure burua».

Bizikidetzaren inguruko dinamiketan gazteek ere parte hartzea ezinbestekotzat jo dute biek. Gehienek gaia urrun bizi ote duten galdetuta, Aranbarrik dio normala dela gaur egungo gazteen lehentasunen artean etxebizitza, langabezia eta halakoak egotea. «Baina daukan garrantzia eman behar zaio». Gertatutakoa transmititu egin behar dela uste du, arlo guztietatik: «Etxetik, hezkuntza formaletik eta ez-formaletik, hedabideetatik... Gaur egun, sare sozialekin-eta, sekulako tresna daukagu». Gogoeta eta transmisiorik ezean, hurrengo belaunaldia «hankamotz» geratzeko arriskua ikusten du: «Etorriko zaie zama gainera, eta ezingo dute ondo kudeatu».

Belaunaldi arteko lana garrantzitsua da Mikelezentzat ere: «Bestela, ez du balio. Erabakitzen ari gara ea nolakoa nahi dugun izatea hau aurrerantzean, baina gero hor egongo garenak, gazteak, orain ez gaude». Salatu dugazteek ez dutela tokirik gaia lantzeko ekinbide eta erakundeetan. «Adibidez, Gogora institutua sortu da, eta hor dago jakintsuen batzorde bat, baina gazterik ez».

«Gutxieneko komunen» bila

Aranbarrik ere nabari ditu hutsuneak halako ekinbideetan: «Hau bultzatzeko, denon artean egitea behar dugu. Oso alderdi bateko gauza bat egiten bada, edo oso gauza instituzionala, funtsa eta herriaren indarra galtzen du. Ahots asko behar dira. Ezberdintasunetik, baina jar ditzagun komunean gutxieneko batzuk».

Helduen eta gazteen artean «horma» bat jarri dutela iruditzen zaio Mikelezi: «Helduek hautsi behar dute eusteko horma hori. Beste arlo askotan ere esaten da: 'Gazteegiak zarete horretarako'. Hori ez da horrela». Memoriaren Egunean gertatutakoa jarri du adibide gisa gazteen ekarpenari balioa emateko. Erakunde askotako ordezkariek ez zuten lortu agiri bateratu bat adostea memoriaren inguruan: «'Hau giza eskubideen urraketa izan da, hau ere bai, baina justu kontrako lekuan gaude zu eta ni, eta, beraz, nik ez dut zurea babestuko'. Horrela gabiltza, eta ondorio bat da, adibidez, Memoriaren Egun batean testu adosturik ez egotea. Bake Hizketekin eta halakoekin elkartu gara ideia ezberdinak ditugun gazteak, eta ez da ezer pasatu. Helduak ez dira gai izan horretarako».

Lehendik elkar ezagutzen ezzuten gazteak ziren gehienak, eta gerora ere beren kabuz biltzen jarraitu dute. Lagun kuadrillara ere eraman zuen esperientzia Aranbarrik: «Normalean ez dugu berbarik egiten politikaz, eta erabaki nuen Bake Hizketa batzuk antolatzea lokalean. Oso iritzi sakonak atera ziren. Aurrean daukazuna hobeto ezagutzen duzu azkenean. Bakoitzak gaztetako edo umetako istorioak kontatzeak izugarrizko pisua dauka, eta enpatia sakonago bat ematen dizu. Inportantea da kontzientzia hori edukitzea; noizean behin, beste mila gauzari buruz hitz egiten dugun bezala, horretaz ere hitz egitea. Balio asko sartzen dira hor, eta hori irabazi egiten duzu».

«Beldur» bat ere badauka Mikelezek: zerbaiterako balioko ote duen orain egiten ari direnak, elkarrizketak, elkar entzuteak. «Baina ikusten dut ezin dela beste modu batera izan. Ez bagara esertzen, ez badugu batak besterekin hitz egiten, ezinezkoa da ezer lortzea. Hitzak beti du indarkeriak baino botere handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.