Osakidetzako oposizioen beste bi adar ikertuko ditu epaitegi batek

ESK sindikatuak antzeman ditu ustezko filtrazioak. Osakidetzak esan du behin-behinean bertan behera utziko dituela bi lan eskaintzak

Edurne Begiristain.
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 25ean, ESK sindikatuak Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari eskatu zion neurofisiologiako eta neurokirurgiako adarretako ustezko filtrazioak iker zitzala, eta epaitegi horrek onartu egin du sindikatuaren eskaria. Ikerketa zabaltzearekin batera, deklaratzera deituko ditu, ikertu gisa, Bilbo-Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuetako burua eta Arabako neurofisiologia zerbitzuko burua. ESK sindikatuaren ustez, epaitegiaren erabakiak babestu egiten du sindikatuaren salaketa: «Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritza ezberdinek ezagutu eta babestu izan duten sistema klientelar estruktural baten aurrean gaude».

Osakidetzak, berriz, ohar batean adierazi du zain dagoela epaitegiak bere erabakia ofizialki noiz jakinaraziko, baina esan du jakinarazpena jasotzen duenean behin-behinean bertan behera utziko dituela neurofisiologiako eta neurokirurgiako lan eskaintza publikoak: «Gisa horretako prozesuetan ezinbestekoa den segurtasun juridikoa bermatu nahi dugu». Nolanahi ere, Osakidetzak argitu du bi adar horien lanpostuak esleitu gabe daudela oraindik.

ESKren salaketa

ESK sindikatuak joan den azaroan aurkeztutako salaketan, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiari bi adar horiek aztertzeko eskatzeaz gain, 2016. eta 2017. urteetako Osakidetzako lan eskaintza publikoan eginiko probak oinarri hartzea galdegin zion. Lekukotasunak jaso eta azterketetarako emaitzak ikertu ostean egin zuen eskaera sindikatuak. Neurofisiologia da ESK-k ikertutako adar nagusietako bat, eta ondorioztatu zuen azterketa hori egiteko ardura zuena epaimahaiko kide ere bazela. Bestetik, neurokirurgiako adarrari dagokionez, Julio Sanchez ESK-ko abokatuak jakinarazi zuen Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuetako arduradunetako batek zuela azterketa egiteko ardura, eta emaitzak ikertu ostean ondorioztatu zuten neurokirurgia espezialitateko bost emaitza onenetako lauk lotura zuzena zutela ospitalearekin.

ESK sindikatuak, ohar batean, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuela oposizioak behin-behinean eten direla segurtasun juridikoa babesteko eta oposiziogileen eskubideak bermatzeko. Hala, sindikatuak eskatu du abiatu dadila kanpo ikerketa «serio eta garden» bat Osakidetzako hautaketa eta hornidura sistemaren barruan, eta amaitu dadila «espezialitate jakin batzuetako lanpostuak emateko indarrean den sistema klientelarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.