Kataluniako prozesu subiranista. Francesc-Marc Alvaro i Vidal kazetaria

«Independentismoari PSOE eta Podemosen gobernua komeni zaio»

Alvaro i Vidalek Kataluniako prozesuaren analisi bat egin du bere azken liburuan. Haren esanetan, urriaren 1eko galdeketaren lorpen nagusia da independentismoarekin bat egin zutela Kataluniako bi milioi herritarrek.

DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Kazetaria eta hainbat saiakera politikoren egilea da Francesc-Marc Alvaro i Vidal (Vilanova i la Geltru, Herrialde Katalanak, 1967). Oraintsu Bilbon izan da, azken liburua aurkezten: Assaig general d'una revolta: Les claus del procés català (Errebolta bati buruzko saiakera orokorra: Kataluniako prozesuaren gakoak). Kataluniako prozesu independentistari buruzko analisi bat egin du.

Liburuan hizpide duzu performance gisako egoera bat: Katalunia ez da independentea, baina Espainiako Gobernua hala balitz bezala aritu da; independentzia deklarazioak ez du baliorik izan... Orain, inoiz baino nabarmenagoa da egoera hori.

Estatuak gainditu ezineko kontraesan bat du, eta agerian geratu da Junquerasi buruz Europak emandako azken epaian. Espainiak demokrazia homologatu baten gisan jardun behar du, baina, aldi berean, ezin du ito bere kultura politikoaren alderik ilunena: bulkada arbitrarioa, autoritarioa, baztertzailea. Prozesu osoaren ezaugarria da Espainiaren balantza hori: egun batzuetan Turkiara begiratzen du, eta beste batzuetan Suediara; egun batzuetan bermeak betetzen ditu, eta beste batzuetan ez. Kontraesan horrek kolapsoa dakar: estatuarentzat berarentzat zirkuitulaburra sortzen du. Eta sinesgarritasuna ematen die Kataluniako erakundeei.

Liburuari izenburu hau jarri diozu: Errebolta bati buruzko saiakera orokorra. Porrota aipatu duzu, baina prozesua zabalik da.

Hau da paradoxa: 2012ko planteamenduak porrot egin du, baina independentismoa hor dago. Bi milioi pertsonak pentsamoldea aldatu dute, eta independentziari heldu diote, gutxiengoarena zen ideia bati. Esaten da urriaren 1eko galdeketaren emaitza agindu demokratiko bat izan zela, baina ez dut uste hala denik, inork ez baitzigun emaitza aitortu. Urriaren 1aren garrantzia zera da, bi milioi lagunek heldu diotela irreala zirudien kausa bati. Independentismoak Kataluniako eta Espainiako agendak baldintzatzen ditu orain, eta Europako agendan ere afera garrantzitsua da. Hedabideetan oihartzuna izan dugu, baina babes politiko txikia. Hala ere, errepresioak ekarri du Kataluniatik kanpo begikotasuna lortzea, eta elementu interesgarria da hori.

«Independentismo gradualista eta posibilista» aipatu duzu. Zer da? Espainiak ez baitu autodeterminazio eskubidea onartzen.

Kataluniako prozesuaren lehen zatian, independentismoak jardun zuen Espainia Erresuma Batua izango balitz bezala, adostutako galdeketa bat egingo balitz bezala, eta hori ez da horrela. Espainiak ezetz esan zuenean, Eskozia bagina bezala jokatu zen Katalunia, baina Madril ez da Londres. Oraintsu esan du Carme Forcadellek: «Aldebakartasuna probatu dugu, eta ez da ondo irten. Beste zerbait probatu behar dugu». Zaila dela? Bai. Espainia den estatua da, baina behar da irudimen politikoa, jarraitutasuna, iraunkortasuna, denbora, eta mugimendua bera haztea: ez da berdin independentistak %40 edo %60 izatea. Nahiz eta independentismo fatalistak esaten duen Espainiak ez lukeela ezer egingo %100 izanda ere, ez dut hori uste: ez luke berdin jokatuko. Lan egin behar dugu mugimenduari giharra emateko eta handitzeko.

Mugimendu independentistak izan du eboluzioa, eta sekula baino indartsuago dago kalean. Uste duzu mobilizazioetako indar hori islatzen dela alderdi politikoetan? Zer norabide hartu behar dute mugimenduak, erakundeek eta alderdiek?

Independentismoak oso ondo daki mobilizazio baketsuak ardazten, baina zailtasunak ditu energia hori esparru politiko eta instituzionalera eramaten: estatuak ez du jarduten uzten, lider bat baino gehiago dago, alderdien arteko lehia... Aniztasuna ona da, baina gauza zehatzetara jotzeko, oztopoa. Espero dut fase honetan asmatuko dela kaleko energia hori politikara eramaten. Zaila da, ez dagoelako estrategia partekaturik, estrategia bat baino gehiago baizik —ERCrena eta JxCrena taktikoagoa da askotan, eta kalearekin lotuagoa CUPena—, eta hori arazoa da. Independentismoko eragile guztien artean diagnostiko amankomun bat egin behar da, eta gutxieneko estrategia bat zehaztu. Orain arte, ERCk jarri du ikuspegi berri bat, baina hori ez dute denek partekatzen.

ERCk emango du Espainiako Gobernua eratzeko modua, PSOEk gutxieneko baldintza batzuk onartuta. Sanchez benetan konprometituko da autodeterminazioari buruz hitz egitera? Eta, hala ez bada, ERCri kostu politiko handiegia ekarriko dio?

Joan Tardarekin bat nator: gauzak bereizi egin behar dira. Gauza bat da Espainiako Gobernuaren osaketa, eta beste bat presoen eta iheslarien egoera zaila. Egia da lotuta daudela, baina tentuz jokatu behar da. Edozein egoeratan heldu behar zaio kalterik txikiena egiteari: independentismoari PSOEren eta Podemosen gobernua komeni zaio, beste edozein baino gehiago.

Mugimendu baketsua da independentismoa. Zerk eragiten du Espainiako alderdiek argi ez egitea elkarrizketaren alde?

Bada elkarrizketaren alde egiten duen alderdi bat: Podemos. Agian ez dute beti modu berberean edo indar berberarekin adierazten, baina lehen aldia da estatuko alderdi batek aitortzen duena gatazka politiko bat dagoela, demokratikoki konpondu behar dela eta kontsulta dela horretarako biderik onena. Historikoa da, Espainia osoan aurkezten den alderdi batek ez duelako orain arte halakorik esan —eta orain ministroak edukiko ditu—. Independentismoak oker egingo luke ez balu azpimarratuko Podemos badela aldaketa orain arte hegemonia izan dutenen aldean. Interesez eta tentuz hartu behar da: ez hunkitu, baina gutxietsi ere ez.

Elkarrizketa bidezko soluzioa aipatzen da, baina zein da bidea, kontuan hartuta Kataluniako presidente ohia erbestean dagoela, aurreko gobernuaren zati bat espetxean, presidentea inhabilitatuta, eta estatua elkarrizketaren bidetik aldenduta?

Erronka da nola egin elkarrizketak eta nola bideratu gatazka politikoki, presoak eta iheslariak tartean egonik. Hiru bide daude: bat, presoen eta iheslarien egoera konpontzea; bestea, epe luzeko elkarrizketa politikoa; eta, hirugarrena, soluziorik ez datorren artean autogobernuari eustea eta hura hobetzea. Ez dago formula magikorik: ibilbide luzea izango da, eta gatazkaren kronifikazio gisako bat izango da, aurrerapenekin batera. Egoera hibrido bat. Baina kronifikazioak esan nahi baldin badu gatazka esparru politikora eramatea, eta ez judizialera, egoera interesgarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.