Koronabirusa. Gorka Maiz. Lehen arretako medikua

«Aurreztea izan da lehentasuna, eta ez dira zaindu langileak»

Lan baldintza «prekarioetan» ari dira lehen arretako profesionalak aspaldidanik, baina COVID-19aren krisiak are ageriago utzi ditu bertan dauden hutsuneak. «Nola hala irauten» dabiltza une hauetan.

BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Azken urteetako kontratazio politiken ondorio dira, hein handi batean, lehen arretan dituzten gabeziak, Gorka Maizen ustetan. Osakidetzako lehen arretako medikua eta Osatzen familia eta komunitateko medikuen euskal elkarteko presidentea da Maiz, eta bere larruan bizi du egungo egoera. Denbora daramate langileek baldintzak salatzen, baina koronabirusaren krisiak mugara eraman du haien jarduna. Arazoa, ordea, pandemiatik harago doa.

Nola dago lehen arreta oraintxe?

Egoera konplexua da, baina ez da berria. Egiturazko arazoa da. Urteak daramatzagu finantzaketarik gabe, etengabeko murrizketekin edo errefortzurik gabe. Eta denbora da oso estu gabiltzala. Azken hilabeteetan, asko hitz egin da kolapsoaz, bereziki ospitaleen kasuan. Lehen arreta etengabe dago kolapso egoeran ez bada hortik hurbil. Baina lehen arretan ez dago oherik, eta zailagoa da bereiztea noiz dagoen kolapsaturik. Profesionalak muga-mugan daude une oro eta, garairik zailenetan, oporraldietan esaterako, marra gorria gainditzen da. Koronabirusak zera egin du: aurretik zegoena ikusarazi.

Zer baldintzatan ari zarete lanean?

Gomendatu ziguten oporrak udan hartzeko, beraz, une hauetan profesional kopurua txikiagoa da: zentro batzuetan eta une jakin batzuetan, langileen %50ekin ari dira, eta langa karga %100ekoa edo gehiagokoa da. Izan ere, hainbat gauza pilatu dira: ohiko kontsultak, azterketak, koronabirus kasuak eta egoeraren ondorioak pairatzen dituzten pertsonak, besteak beste. Anabasa horri guztiari aurre egin behar diogu baldintza prekarioetan.

Lan egiteko modua guztiz bestelakoa da pandemiaren ondorioz. Nola daramazue aldaketa?

Oraintxe bertan, hala nola irauten ari gara. Kontsultei erantzuten ari gara, baina pilatu egiten dira, eta atzerapenak daude maiz. Herritar askoren sentipena da ez gaudela hor. Azaldu behar izan dugu kontsultak zabalik daudela, baina arretarako modua aldatu dela. Ezinegona nabari da herritarren artean, lehen arreta ez delako ohiko modukoa. Esan ohi da lehen arreta sarbidea dela, baina hori baino gehiago da. Baliabide nahikoak dituen lehen arreta batek kontsulten %90 artatzen ditu, eta beste %10 bideratu. Makineria horrek guztiak ez badu funtzionatzen, oso zaila da kalitatezko osasun sistema jasangarri bat izatea. Hori ari gara ikusten egunez egun.

Pandemia honetan, ospitaleetan eta ZIUetan jarri da arreta bereziki. Baina zer gertatu da lehen arretarekin?

Lehen arretan artatzen ez dena ez da behar bezala artatzen ondoren. Behar ez lukeen tokietan artatzen dira gaixoak, larrialdietan esaterako, eta bertako profesionalak beste gauza batzuetarako prestaturik daude. Horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake bezeroen arretan. Lehen arretaren ezaugarria da urteetako jarraipena egiten diela pazienteei: pertsona ezagutzen dugu, eta baita haren ingurua ere. Hori galtzen bada, osasun sistema jasangaitza izango da; sistema bera eroriko da.

Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du ez dagoela lehen arretako medikurik kontratatu ahal izateko. Hala da?

Ziurrenik, ez dago medikurik une hauetan kontratatu ahal izateko. Baina aztertu beharko da zergatik ez dagoen medikurik. Langileen ehuneko handi bat erretiroa hartzeko gertu dago, eta zaila da hori ordezkatzea. Baina azken urteetako kontratazioen politikarekin ere badu zerikusia; lehentasuna aurreztea izan da, eta profesionalak eta, ondorioz, pazienteak ez dira zaindu. Kontratu oso prekarioak egin dira, epe laburrekoak. Gradua eta espezialitatea azken urteetan amaitu dugunok bizi izan dugu hori: goizero esnatzen zara non lan egingo duzun edo ea lanik ere egingo duzun jakin gabe. Epe oso laburreko kontratuak dira, eta, beraz, ezin da talderik osatu, ezin dituzu pazienteak ezagutu, eta ezin da lana ondo egin. Medikurik ez dagoela? Ziurrenik ez da egongo, baina analisi bat egin beharko da hori aldatzeko, eta etorkizunean berriro ez gertatzeko. Espezialitatea orain amaitu dutenei ere hilabete batzuetarako kontratuak eskaini dizkiete. Beste modu batera egin behar da hori: langile horiek datozen urteetarako behar dira, ez datozen hilabeteetarako.

Zein izan daiteke, beraz, lehen arreta indartzeko bidea?

Lehen arreta indartzeko eskatzen dugunean, ez gara ari soilik medikuak kontratatzeaz. Agian ez da medikurik behar, agian arreta ereduari buelta bat eman behar zaio eta beste profesional batzuk kontratatu. Lehen arreta taldean egiten dugu. Beti uste dugu garrantzitsuena medikua dela, baina, kasu batzuetan, medikua ez da pertsonarik egokiena. Lehen arreta indartzea ez da esatea «medikurik ez dagoenez, ez diogu buelta gehiagorik emango». Lehen arretako medikuok salatzen dugun ospitalezentrismo horretatik irten behar dugu, eta baita medikuzentrismotik ere.

Lehen arretaren inguruko ezagutza falta dagoela diozue profesionalek. Nondik dator hori?

Hezkuntzarekin lotuta dago. Medikuntza graduan, lehen arreta ez dago presente, eta oso zaila da zerbait gustuko izatea ez baduzu ezagutzen. Ez dago lehen arretako ikasgairik, ezta derrigorrezko praktikarik ere. Ondorioz, ikasle askok gradua amaitzen dute osasun etxe batean inoiz aritu gabe eta lehen arretako oinarrizko jakintzarik izan gabe. Eta ikuspegia oso bestelakoa da. Lehen arretako langileen pentsatzeko modua desberdina da, osasunaren eta gaixotzeko moduaren aldetik. Baldintza sozialak aintzat hartzea ezinbestekoa da: pobreziak eta lan eta bizi baldintzek askoz ere eragin handiagoa dute osasunean kode genetikoak edo edozein birusek baino. Eta ikuspegi hori ez da erakusten.

Hain zuzen ere, hainbat mediku eta unibertsitateko irakasle lanean dabiltza, lehen arreta ikasgaietako edukietan txertatzeko.

Nik uste dut profesionalok ahalegina egin behar dugula, eta aukera izanez gero, hezkuntza arloan lan egin. Oso interesgarria baita. Lehen arretan hori nahiko bazterturik dago, ikerketa bezala, eta ez da kasualitatea. Zure lana guztiz prekarioa bada, eta zure txandari dagozkion baino ordu gehiago behar badituzu premiazko lanak amaitzeko, oso zaila da ez daukazun denbora horretan hezkuntzan edo ikerketan aritzea. Beraz, profesionalek atzera egiten dute. Baina betebehar bat da, eta ahalegina egin beharko genuke inplikatzeko.

Baldintza hauetan, nola ikusten duzu lehen arreta udazkenean etor daitekeenari aurre egiteko?

Ziurgabetasun egoera batetik gatoz, eta hori areagotu egingo da. Nik konfiantza osoa dut lehen arretako profesionalengan: egokitzeko gaitasun handia dute. Baina lantaldea oso estu dabil aspalditik. Lehen olatua maiatzean baretu zen, baina bigarren olatua heldu aurretik lehen arretak %100ean jarraitu zuen. Fisikoki oso estu dabiltza, baina, batez ere, emozionalki eta animikoki. Behera erortzeko arriskua handia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.