Maria Villellas. Escola de Cultura de Pau-ko ikerlaria

«Emakumeak subjektu politiko direla aitortu zuen Ahotsak taldeak»

Ahotsak mugimendua sakon aztertu du Villellasek, Escola de Cultura de Pauko bi ikerlarirekin batera: «Bestearekin akordioak lor daitezkeela eta lortu behar direla ikusaraztea izan da ekarpenik garrantzitsuenetako bat»

M V.
joxerra senar
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Escola de Cultura de Pau ikerketa zentroak mundu osoko gatazka armatuak eta politikoak aztertzen ditu. Ikerketan, genero ikuspegiari interes berezia ematen diote, eta, horregatik, Ahotsak mugimendua arretaz aztertu dute zentroan, mugimendua hasi zenetik 2006an aurkeztu zuten bakearen aldeko manifestua askotariko esparrutako emakumeek. Aurten, Maria Villellas ikerlariak (Teruel, Espainia, 1979) Ahotsak-i buruzko ikerketa bat kaleratu du, Ana Villellasekin eta Pamela Urrutiarekin batera.

Escola de Cultura de Pau ikerketa zentroan orain ikertu duzue Ahotsak, baina sortu zenetik aztertu duzue.

Hasieratik babestu genuen. Jone Goirizelaia eta Gemma Zabaleta elkarrekin ekitaldi publikoak egiten hasi zirenean, horietako batzuk Escolan bertan izan ziren, 2002-2003 aldera. Ez ziren ekitaldi publikoak, ikasleekin hitz egitera zetozelako, baina elkarrizketarako guneetako bat izan zen.

Zergatik ikertu duzue orain?

Bakerako ikerketa zentro bat garen heinean, nazioartean emakumeek bakearen eraikuntzarako egiten dituzten ekarpenak aztertu ohi ditugu, eta oso interesgarritzat jo dugu estatu espainiarrean, Euskal Herrian izandako ekimen bat aztertzea. Komunikabideetan oihartzuna izan bazuen ere, ez da sakon ikertu, eta pentsatu genuen garrantzitsua zela memoria ariketa hori egitea.

Testuinguru zailean sortu zen, Gemma Zabaletaren eta Jone Goirizelaiaren ekimenez; politikoki oso posizio urrunetan ziren biak. Zer balio izan zuen horrek?

Handia. Diferentziei uko egin gabe elkarguneak topatzeko gai izan ziren. Garrantzitsua da elkarren arteko aitortza hori: entzutea merezi zuten gauza garrantzitsuak esateko zituela besteak.

Ikerketan ezerk harritu al zaitu?

Bai. Gizarte osora hedatzeko bokazioa izan zuen. Apurka handituz joan zen, zirkulu zentrokideetan: lehenik, bi emakumeren ideia izan zen; gero, emakume legebiltzarkideen talde handiagora hedatu zen; ondoren, emakume politikari gehienengana; handik mugimendu feministara eta sindikatuetara, tokian tokiko erantzunekin. Gizarte osoan eragiteko ahalmen hori benetan garrantzitsua dela deritzogu, oso-oso beharrezkoa; bakegintza ez delako eliteen gauza, osotasunari eragiten dion prozesu bat baizik.

Apurka hazteko prozesu horrek zer ezaugarri izan zituen?

Abilezia handia erakutsi zuten. Izan ere, gizarte arloko gaietan ados jartzeko gai baziren, zergatik ez ausartu gatazkaren moduko hain auzi zailean?Azken batean, emakumeak ez dugu soilik lan egin behar emakumeen eskubideen arloan, baizik eta politikaren esparru guztietan, eta horien artean garrantzitsuena gatazkarena zen, gizarte osoa baldintzatzen zuelako. Oso zaila izan zen, erakunde politiko bateko kide zirelako. Horregatik, gatazkari buruz posizio jakin bat zuen alderdi bateko kide izanik, oso interesgarria da ikuspegi horri amore eman gabe modu eraikitzaile batean beste aldearekin harremana izan eta adostasunak eraikitzeko ariketa hori egitea. Batzen gaituenetik eraiki, bereizten gaituenetik baino gehiago. Ariketa hori ez zen askotan egin Euskal Herrian ordura arte. Ez ziren lehenengoak izan, jakina, baina garai hartan aitzindariak izan ziren.

Hasieran diskrezioa garrantzitsua izan al zen?

Ezinbestekoa. Jakina, bakea gardentasunez eraiki behar da, eta gizarte osoa inplikatu, baina une batzuek diskrezioa eskatzen dute, harremanak indartu eta zaintzeko, eta hori ezin da egin arlo publikoan garatzen bada. Ekimen bat nahikoa indartsu dagoenean, garrantzitsua da ezagutaraztea, baina, maiz, beharrezkoa da hasieran konfiantza eraikitzea.

Ahotsak emakumeek osatu zuten, eta, txostenean ageri denez, euren alde erabili zuten emakumeek garai hartan politikan jokatu zuten bigarren mailako rol hori.

Bai, diskrezioa posible izan zen emakume politikariek ez zutelako hainbeste arreta mediatikorik izaten, eta jakin zuten hori abantaila moduan baliatzen. Bazterketa hori mobilizazio faktore izan zen, eta aldarrikatu zuten emakumeek presente egon behar zutela bakearen eraikuntzan. Emakumeek protagonismo handiagoa izateko eta politikan lehen mailakotzat jotzen diren esparruetan egoteko aldarriak batu zituen mugimenduak. 2000n, Nazio Batuen Erakundeak mahai gainean jarri zuen auzia, adierazpen baten bidez. Ezin da bakea eraiki gizartearen erdia aintzat hartu gabe. Agerian utzi behar da gatazka armatu eta politiko orok emakumeengan ondorioak dituela, eta emakumeek ez badute hori mahai gainean jartzen, bigarren plano batean geratzen dira.

Genero ikuspegian zer ekarpen egin zuen Ahotsak-ek?

Aitortu zuen emakumeak subjektu politiko direla; ahalmen erabatekoa dutela gatazkaren eraldatzean eta konponbidean ekarpenak egiteko. Ordura arte ez zen aitortu protagonismoa zutela. Ahotsak mugimenduak mahai gainean jarri zuen konponbide orok emakumeak ere aintzat hartu behar dituela.

2006an, su-eten garaian eman zen ezagutzera Ahotsak. Zer ondorio utzi ditu gizartean?

Gatazkaren eraldatze prozesua positiboa izan da. Faktore askoren batura izan da: ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak, ezker abertzalearen eraldatzea eta gizarteak bakegintzan egindako askotariko ekimenak. Ahotsak-en ekimena garrantzitsua izan zen, esparru politikoa gizarte zibilarenarekin batu zuelako. Ekimen gutxik lortu dute zeharkakotasun hori. Bestearekin akordioak lor daitezkeela eta lortu behar direla ikusaraztea izan da ekarpenik garrantzitsuenetako bat.

Ahotsak ekimenean parte hartu zutenetako asko politikariak ziren. Arazorik izan al zuten alderdiekin?

Ikus zitezkeen eta ikusi ezin ziren hesiei aurre egin behar izan zieten. Ikusezinak zirenak jarreran islatzen ziren: eszeptizismoa, gutxiespena eta, zenbaitetan, egindako lanari erdeinua ere bai. Gainera, batzuek presio zuzenak jaso zituzten parte har ez zezaten edo jarrera leundu zezaten.

T-4ko atentatuak nola eragin zuen?

Eragozpenik handiena izan zen. Mugimendua asko ahuldu zuen. Alde batetik, indarkeriarik gabe dena errazagoa delako. Eta, gero, jakina, ordurako Ahotsak publikoa zen, eta atentatu larri batek arreta mediatikoan jartzen du, eta oso posizio zailean utzi. Oztopo handia izan zen bakearen eraikuntzan itxaropena eta ahalegina jarri zuen pertsona ororentzat. Ahalegina egin zen Ahotsak mugimenduari berriro ekiteko, baina ez zen posible izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.