Koronabirusa. Mikel Sanchez. Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkaria

«Aste honetan ikusiko dugu konfinamenduak fruituak eman dituen»

Jaurlaritzak COVID-19aren harira hartu dituen neurrien defentsa da, ororen gainetik, Sanchezen hitzen mezu agerikoena; argudiatu du beti aritu direla egoerari aurrea hartuta. Oraindik sasoi iluna dela onartu du.

IREKIA.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun

Medikua da Mikel Sanchez (Bilbo, 1968) Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Planifikazio eta Ebaluazio zuzendaria. Osasun sistemaren barruan ardura postuak izatea zer den ederki daki, baina onartu du orain aurrean dutenak aparteko neurria duela: «Mundu osoan zabaldutako pandemia bat; igaro ehun urteotan ez da horrelakorik izan». Uste du Jaurlaritzak egoerari neurria hartzen asmatu duela, ordea. Irmoa da egindako lanaren defentsan. «Hain bizkor joan da dena. Eternitate bat igaro dela dirudi; baina gu urtarrilerako lanean ari ginen, birusaren lehen berriak izan orduko». Egoera larria da, eta «zuhurtasunez» mintzatu nahi du egiten dituzten aurreikuspenez, herrialdekako ñabardurak aintzakotzat hartuta: «Ikusten ari garenaren arabera, kutsatzeen olatua apaltzera doa Araban, Bizkaian gora jarraitzen du, eta Gipuzkoara motelago ailegatzen ari da: baina helduko da». Asteburuan Espainiak konfinamendua gogortze aldera hartutako neurriek zer eragin izango duten esateko goiz dela esan du: «Ez dugu dekretua aztertzeko erarik izan. Logikaz, jendearen zirkulazioa urritu ahala, kutsatzeko arriskuak urritu egingo dira, baina ikusi behar da zer dakarren».

Lehengo astean aurkeztu zenuten kontingentzia plan bat era emango diona Osakidetzari, egoera asko belztuta ere, zainketa intentsiboetako 550 ohe izateko. Zer moduz doa?

Prestatu gara hainbat egoeratarako. Oinarrizkoak aintzat hartzen ditu zainketa intentsiboetarako 227 ohe; hortik abiatuta, beste egoera batzuetarako prestatzeko era dago, baliabideak handituz. Hirugarren fasean, esaterako, 427 ohe inguru erabiltzeko era legoke: ohe kopurua bikoiztekoa. Eta, behar izango balitz, laugarren fase bat ere antolatu ahal izango litzateke. Araba jo du aurrena izurriak; han, esaterako, kanpo kontsultetako eraikina atondu dugu pazienteak hartzeko. Solairu batean eginda dago hori; bigarrenean, lanean ari gara. Zentro pribatuekin ere harremanetan gaude: haien baliabideak eskura ditugu. Hainbat hotel ere bai.

Aski izango dira baliabide horiek paziente guztiak artatzeko?

Hori da gure helburua. Urtarriletik hona egin ditugun urrats guztiek horixe bilatu dute: aurrea hartzea. Eta orain arte gai izan gara: beti aurretik goaz. Gaitza atzemateko testen kasuan ere, argia da: 1.500 test inguru egiten ari gara eguneko. Horrek era ematen digu informazio asko izateko jazotzen ari denaren inguruan...

Informazio horri begira, zer ikusten duzue? Aste oso gogorrak daude oraindik aurrez aurre?

Bai. Tira, aurreikuspenak dira, eta egoera aldakorrak izan daitezke. Baina aurreikuspenen arabera, egunotan ugarituz joango dira pazienteak. Esperantzarako motiboak ere badira, ordea. Konfinamenduarekin bi aste pasatxo daramatzagu: emaitzak ikusteko daude oraindik. Aste honetan ikusiko dugu konfinamenduak fruituak eman dituen.

Aste oso garrantzitsua da...

Bai. Izan ere, gauza hauek denbora behar dute. Aintzat hartu behar da eritasunaren inkubazio aldia izan daitekeela hamalau egun arterainokoa, eta oraintxe ikusten ari gara oraindik konfinamendua hasi aurretik kutsatutako pazienteen positiboak. Aste honetan hasiko gara ikusten eustea lortzen ari garen. Eusteak ez du esan nahi kasu kopurua apaltzea bakarrik; gaitzaren hazkunde esponentziala saihestea da xedea. Zer gertatuko litzateke neurriok hartu izan ez balira? Hori da galdera. Osasun sistemara heltzen diren paziente denak ez batera iristea da helburua.

Kutsatuta egon arren asintomatikoak izan daitezkeen pertsonek izurri honen hedapenean izan dezaketen eraginaz asko hitz egin da. Zuek gaixoei eginiko azterketak ez ezik, test aleatorioak ere egiten dituzue, egoera, oro har, zertan den ikusteko. Zer erakusten dizuete?

Gaixotasunari eusten ari gatzaizkiola. Atzematen ari garen kasu kopurua, egoera zein den aintzat hartuta, espero izatekoa da. Esan dut: guk garrantzi handia ematen diegu diagnostikoak egiteko testei, eta asko egiten ditugu: 1.500. Ikaragarria da. Beste herrialde batzuekin alderatuta, goi-goian gaude, baita Europara begira ere. Eta ikerketa horiek era ematen digute erabakiak hartzeko.

Administrazioa aurrea hartuta ari dela diozu. Baina gaindituta ikusi da une askotan. Esaterako, osasun sistemako langileak zein eremu soziosanitariokoak kexu dira, babeserako aski baliabiderik ez dutela esateko. Kutsatzen ari dira asko…

Hori da gure lehentasuna: langileen babesa. Kontuan hartu behar da, ordea, zein izan den gaixotasun honen bilakaera. Oso bizkor joan da dena. Hasiera batean, bagenuen materialetan aski stock egoerari aurre egiteko, baina une jakin batean, material horien ekoizpenean sorturiko muga izan da eragozpena; industria ez da gai izan sortu den eskari handiari erantzuteko. Eta, jakina, abenduan inortxok ere ez genekien eskaria horrenbesterainokoa izango zenik. Izurriaren hazkunde bizkorra izan da arazoa. Ahal dela, ahalegin erabatekoa egiten ari gara gu materiala behar duten guztiengana heltzeko.

Asteburu honetan eman duzue datua. Positiboen %16 osasun arloko profesionalak dira. Zer balorazio egiten duzue?

Adierazi dut: aparteko kezka dugu profesionalen osasunarekin, eta, horrexegatik, hain justu, test asko egiten dizkiegu. Horrez gain, kontuan hartu behar da epidemiaren hasieran kasu bat izan zuela Txagorritxuko erietxeko langile batek, eta horrek eragina izan zuen: beharginen artean kontaktu eta positiboak egon ziren hasieratik. Horrek seguruenera eragina izan du gure datuetan, baina, oro har, beste erkidegoetako batezbestekoaren bueltan gabiltzala esango nuke.

Adinekoen zentroetan kezka handia da. Bizkor hedatzen ari da gaitza. Zer-nola ari da parte hartzen Osakidetza?

Hasieratik erreparatu genion egoera horri. Bagenekien, zenbait eritasun dituzten gaixoekin batera, adinekoak oso kalteberak direla gaitz honen aurrean. Gai soziosanitarioa aldundien eta udalen esku dago, baina hasieratik harreman estua izan dugu horiekin. Elkarlan erabatekoa izan dugu informazioa eta protokoloak partekatzeko, aholkularitza emateko, eta materiala ere bai.

Erietxeetan dauden paziente asko bakartuta daude; bakartuta hiltzen ari dira. Bakartuta daude zahar etxeetako egoiliarrak ere. Nola lagundu pazienteei eta familiei egoera horiek eramaten? Zertan ari zarete?

Bat gatoz: bakartze neurriek, bai ospitaletakoek eta baita etxean eritasuna pasatzen dutenenek ere, esfortzu handia eskatzen dute. Baina badakigu bakartze neurriak bermatuta modua egiten ari garela gaitza ez gehiago zabaltzeko. Baina, bai, ulerberak gara egoera horiekin; zahar etxeetan ere, hasiera batean, emozionalki adineko pertsonentzat izan zezakeen garrantzia aintzat hartuta, bisita batzuk onartzearen aldeko hautua egin zen. Era egin dugu, era berean, erietxeetan eta egoitzetan bakartuta dagoen jendeak telefonoaren eta gailuen bidez-eta, senitarteko eta lagunekin harremanak izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.