Albistea entzun

Geoffroy Huard. Historialaria

«Homosexualitatea sendatzeko probak egiten ziren kartzelan»

LGTBI+ kolektiboak frankismoan pairatutako jazarpenari buruzko ikerketa egin du Geoffroy Huardek, Nafarroako erakundeek lagunduta; 40 urteren ostean ere, «beldurra» nabaritu du zenbait biktimen artean.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2022ko urtarrilak 4

Frankismoan pertsona sexu-genero disidenteek Nafarroan sufritutako errepresioa aztertu du Geoffroy Huard historialariak (Paris, 1982). Horrez gain, lesbianak espazio pribatuan geratzeko beharraz, klase ekonomikoaz, sexilioaz, Elizaren eraginaz eta zigorrez ere mintzo da. Txostena ontzeko, Nafarroako erakundeen sostengua izan du (ikerlana Nafarroako Parlamentuaren proiektu bat da, eta ikusgai dago Nafarroako Memoriaren Institutuaren artxibategian), baina beste instituzio batzuek «trabak» jarri dizkiotela salatu du Huardek.

Ikerketaren iturri nagusia prozesu judizialak izan dira. Zer informazio ematen dute?

Horrela jakin dezakegu nola zigortzen zituzten pertsona sexu-genero disidenteak diktadura garaian. Txosten asko daude; hala nola pertsona bat polizia etxera eramaten zutenean egiten zutena, epaiaren sententzia, medikuarena, Poliziak auzokideei ohituren inguruan egindako galderak... Horrekin guztiarekin, pertsona horren biografia moduko bat sor dezakegu, eta ikusi euren artean zer antzekotasun zeuden, zeintzuk ziren prozesu horien ezaugarriak.

Zein muga izan dituzu Nafarroako informazioa eskuratzeko?

Legearen arabera, ezin ditugu kontsultatu 50 urte baino gutxiago dituzten artxibo judizialak. Hala ere, ikerketa baterako bada, normalean ez dute oztoporik jartzen. Bartzelonan eta Madrilen, adibidez, ez nuen arazorik izan, baina Nafarroako dokumentazioa Zaragozako epaitegi batean dago, eta traba ugari jarri dizkidate. Epaileak ez dit utzi artxiboak eskuratzen, pertsona horien intimitaterako eskubidea argudiatuta. Hala ere, ikertzeko bada, kontsultatzeko aukera izan behar genuke. Gaiarekiko interes faltagatik da.

Irisgarritasunik ezak nola eragiten dio memoria historikoari?

Gertatu zenaren ideia azaleko eta orokor bat dugu, ezin ditugulako iturri horiek eskuratu. Eragileek egindako lanari eta lekukotasunei esker transmisioa egon da, baina nahitaezkoa da iturri judizialak aztertzea. Gaur egun ditugun testigantzak klase ertaineko edo goi klaseko pertsonenak dira, baina iturri judizialetan klase apaleko jendearenak daude. Nahitaezkoa da informazio hori aztertzea, eta, horretarako, mugak zabaldu behar dituzte.

Errepresioa sufritu zuten hamar pertsona elkarrizketatu dituzu.

Nafarroako EHGAM elkarteari esker egin dut. Batez ere, gizonak elkarrizketatu ditut, gai honen inguruan beti gizonen inguruko informazio gehiago dagoelako. Gainera, batzuk hiltzen ari dira nagusiak direlako, eta, informazio iturriak galtzen ari gara.

Emakumeak ikusezinak ziren, espazio pribatura mugatuta zeudelako?

Gay komunitatea existitzen zen espazio publiko batzuetan. Hala ere, lesbianak espazio pribatuan geratu behar ziren, eta elkar identifikatzeko beste kode batzuk zituzten. Ikusezintasun bikoitza pairatzen zuten. Interesgarria izango litzateke norbaitek hori zehatzago lantzea.

Lekukotasunak jasotzeko orduan, beldurra izan da eragozpen nagusietako bat?

Batzuk ez dute hitz egin nahi eskuin muturreko diskurtsoen eta gaur egun salatzen diren erasoen beldur direlako. Beste batzuk ordea, Opus Deiren beldur direlako; etxe alokatuetan edo zahar etxeetan bizi dira; gerta daitekeenaren beldur dira. Ez nuen hori espero 40 urteren ostean.

Zergatik jazarri zituzten: ezarriak zeuden sexualitatea eta generoak kolokan jartzeagatik?

Bai. Agintari frankistek arau sexualak mantendu nahi zituzten; hau da, gizon maskulino bat eta emakume femenino bat, eta sexu harremanen helburu bakarra zen ugalketa. Horregatik zigortzen zuten homosexualitatea.

Zer ondorio eragiten zituen orekak apurtzeak?

Arrisku bat zen. Horregatik aldatu zioten izena Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legeari. Horren ordez, Arriskutsutasun Sozialaren eta Gizarteratzearen Legea jarri zuten. Homosexualei inbertitu esaten zieten ezarrita zeuden arau sozialak iraultzen zituztelako.

Zer eragin zuen egoera sozioekonomikoak?

Bi errepresio mota zeuden. Klase apalekoek errepresio judiziala jasaten zuten, eta erdi mailako klase koak edo goi klasekoak lanetik botatzen zituzten. Frankismoaren garaian lana oso garrantzitsua zen, eta anik ez zutenak edo prostituzioan aritzen zirenak arriskutsutzat zituzten. Nafarroan, armadatik pertsona bat bota zuten.

Zer ondorio zituen homosexualitatea auzibidean jartzeak?

Gutxieneko zigorra hilabete batekoa zen eta gehienezkoa, hiru urte. Batzuk gizarteratze zentroetara eramaten zituzten, baina gehienak kartzeletara. Bartzelonan, adibidez, haiek zioten moduan, inbertituen galeria zuten. Ateratzen zirenean, bi urtez zaindari bat zuten, eta hiritik botatzen zituzten. Homosexualitatea kutsatu egiten zela pentsatzen zutelako egiten zuten.

Zigor judizialaz gain, zigor morala eta medikoa ere bazegoen?

Bai. Kartzeletan, homosexualak sendatzeko proba fisikoak egiten zituzten. Diskurtso morala plazer sexualaren guztiz kontrakoa zen; beraz, harreman sexualak ugalketari lotuta zeuden, jaiotza tasa handitu egin nahi baitzuten. Hortaz, horren kontrakoa zenak arazoak eragiten zituen. Oso diskurtso zurruna gailendu zen, diktadurak ezartzen zituen balioen arabera; emakumeek, adibidez, etxean egon behar zuten, haurrak zaindu behar zituzten, eta senarra eta estatua asebete.

Zer eragin izan zuen Elizak diskurtso horren eraikuntzan?

Diskurtso erlijiosoa oso garrantzitsua izan zen, erlijio katolikoak indar handia baitzeukan diktaduraren garaian. Iruñeko gotzainak esaten zuenak oihartzun handia zuen.

Zer izan zen 'sexilioa'?

Orientazio sexualagatik edo genero identitateagatik ezin zirenez Nafarroan bizi, Bartzelonara joan ziren asko eta asko. Migratu behar izan zuten presio sozialagatik, familiak baztertzen zituelako edo jazarpen frankistan maritxuentzat zaila zelako lana aurkitzea. Esate baterako, Muesen (Nafarroa) emakume trans batek ez zuen herritik joan nahi, baina familiak etxetik bota zuenez, Donostiara joan zen nebarekin. Hala ere, hark ere bota egin zuen, eta Bartzelonara joan zen.

Nafarroan geratzen zirenak nola bizi ziren?

Agintarien zigorren beldur, ikusezin izaten saiatzen ziren. Besta pribatuak antolatzen zituzten, eta espazio horietan, sexu harremanak izaten zituzten, euren artean xantaiarik egon ez zedin. Espazio publikoa espazio neutro bat zen, eta, ostean, etxera joaten ziren ezkutuan haien bizitzarekin jarraitzera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara batuaren aldeko giza katea

Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute 7.000 lagunek

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idakari nagusia eta Aizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria eta AEK-ko koordinatzailea, gaur. ©Raul Bogajo / Foku

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko itun sozial eta politiko bat proposatu du Kontseiluak

Iraia Vieira Gil

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan du Idurre Eskisabelek, eta aurreratu du elkarrizketak hasiko dituztela askotariko eragile sozial eta politikoekin.

EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute

Ume bat eta guraso bat, eskutik helduta, Donostian. ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Diskriminazioa» amaitzea nahi dute guraso bakarrek

Edurne Begiristain

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du guraso bakarrek ez dutela eskubiderik beste gurasoari dagokion zaintza baimena hartzeko. AMSPE elkarteak salatu du «babesgabe» uzten dituela ama bakarrak. Eme Abokatuak taldearen iritziz, «haurren interes gorenaren» aurka doa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.