Igor Filibi. Eurobasqueko idazkari nagusia

«Galdera ez da estatua bai ala ez, baizik eta EBn nola kokatzen garen»

Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentzia amaitu da, eta, Filibiren ustez, EB «handitan zer izan nahi duen» erabakitzen ari da. Ez da jaso argitasun legerik, baina egokiagotzat jo du beste egokitze batzuk bilatzea.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
Bilbo
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren orainari eta geroari euskal prismatik begiratzen dio Igor Filibi EHUko irakasle eta Eurobasqueko idazkari nagusiak (Bilbo, 1971). Atzo zortzi aurkeztu zituzten Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentziaren ondorioak.

Norantz doa EB?

Trantsizio garai guztietan bezala, eztabaida handia dago. Hala gertatu zen lehen eta bigarren mundu gerren artean; esperimentu asko egon ziren. Gerra bat izan zen emaitza, bi ideologia nagusi utzi zituena. Faxismoa konfrontazio politikotik kanpo geratu zen armen bidez. Orain, kontua da ez izatea gerra bat erabakitzen duena nazioarteko ordena berriaren dimentsio politikoa.

Zein da bidea: federalizazioa? Estatuen indartzea?

Bada paradisu nazional galdu batera itzuli nahi duenik; beste erantzun batzuk pluralagoak dira, eta bada erantzun europar bat ere. 2019an, indar europazaleen babesa handitu zen. Europeismoa dirudien baino hedatuago dago. Prozesu politiko europarraren heldutasun garai batean gaude.

EAJk eta EH Bilduk argitasun lege bat babestu dute lurralde gatazkak konpontzeko, baina ez da jaso konferentziaren ondorioetan.

Proiektu politiko europarra aukera handikoa da estaturik ez daukaten identitate nazional guztientzat. Baina ez derrigor estatu propio bat izatea errazten dizulako. Aukera handiko eremu bat da burujabetza kontzeptua moldatzen ari delako.

Zertan ari da aldatzen?

Aukera bikaina da burujabetza kontzeptua birpentsatzeko: beren estatua edo autogobernu zabalagoa eskatzen duten mugimendu nazionalistak testuinguru historiko guztiz ezberdin batean sortu ziren. XIX. mendeko nazio estatuen mundua jada ez da existitzen. 1945. urtearen ostean, estatuek burujabetza kontzeptu berri batera egokitu behar izan zuten, testuinguruak bultzatuta. Simetrikoki, [estaturik gabeko nazioek] horretara egokitu behar dute. Pentsatu behar duzu zein den zure beharretara ondoen egokitzen den egitura politikoa.

Adibidez?

Euskadik independente izatea lortuz gero, biharamunean bilatu behar du EBko kide izatea, ez duelako ezinbesteko gauza asko egiteko eskala. Galdera ez da estatua bai ala ez, baizik eta, estatua izan ala ez, nola kokatzen garen EBn.

Jada EBn daudenen kasuan, argudiatu izan da independentzia prozesu bat barne zabalkunde bat izan litekeela. Baina EBren posizio ofiziala izan da estatu berria EBtik kanpo geratzea.

Hori da estatuek darabilten argudioa estatu berriak sortzea eragozteko. Argudioa da EBko merkatutik kanpo geratuko zarela. Estatuek ez diote kalte egingo beste kide bati. Argia izan behar duzu: aukeraren partea erabili eta egin dezakezunaren mugen jakitun izan. Ipar eta hego euskal herritarrak libre mugi gaitezke Schengeni esker. Europako integrazioak batu ditu gehien Ipar eta Hego Euskal Herriko herritarrak. Tentsioa urrituta, akordio bat egitea errazten duzu; eskoziar erara edo beste autonomia batekin.

Halako mugimenduak EBn pisu handia duten estatuetan daude, batez ere.

27 estatuetako askok ez dauzkate arazook edo ez daude agendan. Interesgarriagoa da zure kasuaren espezifikotasuna bilatzea argitasun lege orokor bat egitea baino; zailagoa da horrelakoak ez dituzten estatuek hori onartzea. Argiagoa da beste egokitzapen politiko bat bilatzea, berezitasun politikoa aitortuko duena.

Orduan?

Antzeko egoerak dituzten estatuak konbentzitu behar dituzu: onartu behar dute ezin dituztela berdin tratatu erregioak eta lurralde administratiboak. Hori onartuta dago Europan, gutxienez arlo pribatuan, eta aurrera egin dezake; ez duzu ezer apurtzen. Okerra da pentsatzea zure estatuan lortzen ez duzuna Bruselan lortuko duzula. Eta kontrakoa: okerra da soilik zure estatuan zentratzea eta dimentsio europarraz ahaztea. Zure herria subjektu politiko bereizia dela uste duen mugimendu bat bazara, bi dimentsioetan lan egin behar duzu.

Zer posizio du Euskal Herriak?

Gure tamainagatik dagokiguna baino eragin handiagoa daukagu. Sozialismoaren inguruko jende askok kargu garrantzitsuak dauzka Bruselan; EAJ ondo kokatuta dago bere familia politikoan; EH Bildu ere bai berean.

Konferentzia betean, Ukraina.

Nazioarteko sistema eraldatzen ari da. Gerra Hotza amaitzean, eragile batek [AEB] uste zuen irabazi egin zuela; narratiba bat sortu zuen: potentzia bakarra zela.

«Historiaren amaiera».

Errusiak galdu zuen; ez militarki, okerrago: ekonomikoki. Desagertu egin zen lehen mailako potentzia gisa, eta onartu zuen. Sobietar Batasuna lehertu eta 24 ordura, EB sortzeko ituna egin zen. Aldaketa geopolitiko izugarria zen.

Ordena aldatu zen?

Txina oreka apurtzen hasi da. Trantsizio bat egin du ikuspegi estrategikoan. Superpotentzia bat bihurtzeko presa izan ordez, luzera ari dira. Xedea da iraultzaren mendeurrenean, 2049an, munduko potentzia nagusia izatea.

Zer gertatzen ari da orain?

Jokaleku bare hori lehertzen hasi zen. Gakoak: 2008ko krisi ekonomikoa. Txinan, klase ertainak ez dio utzi handitzeari, baina Mendebaldean, Europan, klase ertaina lausotzen ari da. Jende askok zalantzan jarri zuen sistema. Beste erantzun batzuk hazten hasi ziren, sistematik kanpokoak. Estatuak ez ziren gai krisi horri erantzuteko, baina EBk ez zuen eskumenik hori kudeatzeko.sortu zen Siriako errefuxiatuen krisia. Horrek krisia areagotu zuen: hasieran ekonomikoa zen, gero politikoa eta ia balioena.

Nola irten zen EB hortik?

Batetik, Macron; hauteskundeak irabazi zituen diskurtso europeista batekin. Bestetik, Erresuma Batua brexit-a negoziatzen hasi zen estatu askorekin. Horrek EBko estatu guztiak batu zituen, eta ahots bakarrarekin negoziatu zuten. 27ek adierazpen bat egin zuten, eta esan EB indartu beharra zegoela. Inflexio puntu bat da.

Zeri erantzuten dio Errusiaren erasoak?

Jabetu da boterea Asiarantz lekualdatzen ari dela, eta hara begira jarri da. Errusiak Ukraina inbaditu du ziurtatu duenean AEBek ez dutela militarki esku hartuko. Bestetik, Errusiak Europari buruz egiten duen analisia da oso bananduta dagoela. Egia zen, baina hori aldatu da. 90eko urteetatik ikusi dugun EB batuena da oraingoa. Errusiak de facto onartu du potentzia garrantzitsu bat izango dela, baina Txinaren mendekoa.

Zein da EBren rola?

EBko merkatua zentroa da ekonomikoki, baina ez politikoki ez militarki. Putinek indartsuen sentitzen den arlora eraman du gatazka: arlo militarrera. EB ekonomian sentitzen da indartsuen;erantzuna ez da izan tropak bidaltzea, gatazka arlo ekonomikora eramatea baizik. Orain, handitan zer izan nahi duen erabaki behar du Europak. Oraingo proiektu politikoak ez du gehiagorako ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.