Gorka Garcia. Etxerat elkarteko koordinatzailea

«Gure senideei legedi arrunta aplikatzeko, horixe eskatzen dugu»

Euskal presoei ezarritako sakabanaketa politika amaitu da, baina salbuespen politiken aplikazioa ez. Hala, Etxerat egoera berrira egokitzeko aldaketak egiten ari da, begia presoen espetxe eskubideetan jarrita.

JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
Hernani
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ehun lagun inguru elkartu ziren igandean Iurretan (Bizkaia), Etxerat Euskal Preso eta Iheslari Politikoen Senideen eta Lagunen elkartearen XX. Batzar Nazionalean. Espainiako Gobernuak urruntze politikari amaiera eman ostean egindako lehena izan zen, eta nabaritu zuten hori bazkideen arteko hartu-emanean. Izan ere, bestelako eginbehar batzuei begira jarri dira orain, eta horiek xehatu ditu Gorka Garcia elkarteko koordinatzaileak(Getxo, Bizkaia, 1968).

Urrunketa amaitu ostean egin duzuen lehen batzarra da. Senideek kendu dute gainean zuten zamarik handiena?

Bai, hala da. Sakabanaketa amaitu zenean adierazi genuen: lortu dugu senideek gainean zuten motxila pisutsu hori kentzea. Egoera berri honetan egindako lehen batzarra izan da, eta balantze bat egin dugu bidaia luze hauek ekarri dutenaren inguruan.

Oraindik ere badira Frantziako kartzeletara joan behar duten senideak.

11 preso geratzen zaizkigu oraindik Frantziako Estatuko espetxeetan. Beraz, oraindik ere bada ziurgabetasunik, nahiz eta, behintzat, gertuago dauden.

«Errealitate berriak» beste «behar» batzuk dakartzala azaldu duzue. Zeintzuk dira behar horiek?

Urruntzea amaituta, fase berri bati ekiten diogu. Hala hitz egin genuen batzarrean. Etxerat-en egiturak eta lana fase berri horretara egokitu behar dira, ezberdina baita. Senideei konpainia egin behar diegu fase honetan, baina preso ditugun senideek egin beharreko bidean konpainia egitea ere badagokigu. Beraz, ikusi behar dugu ea lehen egiten genituen zein gauza jada ez ditugun egin behar —adibidez, bidaiak antolatzea—, eta zein diren orain egiten hasi beharrekoak.

Eta zein dira orain martxan jarri beharreko horiek?

Preso dauden gure senideek legedi arruntaren barruan egin behar duten ibilbidean laguntzea, edo egiten utzi beharko litzaieken ibilbidean. Hala, dituzten espetxe eskubideetara sarbidea izateko aukera izan dezaten.

Hirugarren gradua eskuratzeko urratsak egin dituzte hainbat presok, baina zenbaitek murru bat topatu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zer ondorio ditu jokabide horrek senideentzat?

Gure arazoetako bat da salbuespen neurriak aplikatzearen aldeko sektore juridiko eta politiko bat dagoela. Presoek sufritzen duten Damoklesen ezpata. Dagozkien espetxe eskubideak eskuratzen ari dira presoak, espetxeetako tratamendu batzordeek, presoetatik gertuen daudenek, hala erabaki dutelako, baina, sistematikoki, errekurtsoak jartzen dizkiete gradu progresio horiei. Presoentzat eta haien senideentzat oso zaila da bizitza berregitea. Arduraz erreparatzen ari gara gai horri, uste baitugu fase berri honetan preso ditugun senideek legedi arruntaren bidea egin behar dutela. Beraz, urruntzea amaitu arren, salbuespenak hor irauten du, eta lanean jarraitu behar dugu arazoa ez dadin gaiztotu.

Hasieran, presoek zenbait hilabete egiten zituzten kalean Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiaren ebazpena iritsi arte; orain, fiskalaren errekurtsoa nahikoa da egun gutxiren buruan espetxera itzultzeko.

Kasu batzuetan, espetxetik atera, eta handik bi egunera itzuli behar izan dute kartzelara. Ezin dugu ahaztu zigor luzeak dituzten presoak direla, eta oso baldintza gogorrak jasan dituztela. Orain, beste bolada gogor batzuk igaro beharko dituzte, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren jarrera arbitrarioaren ondorioz.

Zer egin daiteke Euskal Herritik halako erabakiei erantzuteko?

Uste dugu garrantzitsua dela lan egiten jarraitzea, egoera sozializatzeko; urrunketaren amaieraren kasuan egin dugun bezala, salbuespenen amaiera ere irits dadin. Era berean, posible diren akordio politiko eta sindikal guztiak ehundu nahi ditugu.

Hirugarren hanka, berriz, faktore mobilizatzailea litzateke. Horregatik, dei egiten dugu presoen eskubideen alde eta salbuespenak aplikatzearen kontra kalera ateratzera. Beraz, dei egiten dugu abuztuaren 6an ere hondartzetan mobilizatzera, salbuespen legedia salatzeko.

Posible ikusten duzue 5/2003 Lege Organikoa aldatzea, euskal presoen gradu progresioak EAEko eta Nafarroako espetxe zaintzako epaitegien eskumeneko izan daitezen?

Ulertzen dugu ezin dela erraz lortu, baina ziur gaude errazagoa izango dela akordio politiko eta instituzionalen eta mobilizazioaren bitartez.

Urte hasieran, zenbait sektorek kritikak egin zizkizueten Etxera leloa erabiltzen hasteagatik. Zer erantzungo zenieke horiei?

Beti argi utzi dugu gure senideei legedi arrunta aplikatzeko eskatzen dugula, eta egiten ari diren bidea gauzatzen uzteko. Hori erantzuten diegu berariaz eta manipulatzeko asmoz adierazi zutenei ezkutuan amnistia eskatzen ari ginela.

Legedia kontuan hartuta, 158 presoetatik gehienek kalean egonbeharko lukete, modu batean edo bestean. Ezin dugu ahaztu hirugarren gradua espetxe zigorra betetzeko beste modu bat dela. Garbi esanda, Joseba Arregik 77 urte ditu, eta, legedi arrunta aplikatuta, kalean behar luke. Baina preso horri edo beste batzuei salbuespen legedia aplikatu behar zaiela uste dutenak baldin badaude, kartzelan hil behar dutela uste dutenak, esan dezatela.

Testuinguru honetan, nolako harremana duzue eragile politiko eta instituzionalekin?

Erakunde, sindikatu eta alderdi guztiekin dugu harremana, Alderdi Popularrarekin izan ezik. Guk beti esan dugu: prest gaude denekin hitz egiteko, beharrezko kontsentsuak eskuratzeko.

Ikusten duzue oraindik salbuespen politikei amaiera emateko borondate politikorik?

Euskal gizartean badago elkarbizitzaren alde egiteko sentsibilitatea; beraz, baita aurreko etapak eragindako arazoei erantzutekoa ere. Alde horretatik, gehiengo sozialak ehuntzeko modua dago,salbuespen legeak atzean utz daitezen lehenbailehen.

Hauteskunde batzuk atzean utzita, beste batzuk datoz. Nola begiratzen diezue Espainiako Gorteetarako bozei?

Gertatzen dena gertatzen dela, determinazio osoz jarraituko dugu lanean presorik gabeko gizarte batean bizitzeko: hori da garrantzitsuena. Presoak dauden bitartean, Etxerat-ek jarraituko du.

Lanari eutsiko diozue, beraz?

Desagertzeko bokazioarekin sortu zen Etxerat, eta hala egingo du presorik existitzen ez denean. Bitartean, lanean jarraituko dugu.

Errefuxiatuen eta deportatuen afera ere hor dago.

Hamazazpi errefuxiatu eta bost deportatu daude oraindik. Arazo hori konpondu gabe dago, eta horri heltzeko lanean segituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.