Sagrario Monedero. Espainiako Ekologistak Martxan-eko kidea

«Funts berriak erabili behar dira trantsizio ekologikoa azkartzeko»

'Gasaren egia' kanpaina hasi dute ekologistek. Iruditzen zaie jendeak erregai garbitzat daukala, eta hori gezurtatzea dute asmo. «Metanoa erregai fosil bat da». Badakite, ordea, trantsizioa ezin dela egun batetik bestera egin.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Hainbat kolektibok hauspotutako pobrezia energetikoaren kontrako astearen barruan, Espainiako Ekologistak Martxan-ek Gasaren egia kanpaina hasi zuen atzo. «Gasa arazoaren parte da, ez irtenbidearena», nabarmendu du kanpainaren arduradunak, Sagrario Monederok (Cuenca, Espainia, 1981).

EB Europako Batasuneko estatuen artean, gasarekin loturiko bi aldagaitan «liderra» da Espainia; baina txarrerako. «Batetik, gasifikatzeko instalazioetan; eta, bestetik, fracking bidez ateratako gasa inportatzen», azaldu du Monederok. «Gas likido» hori AEBetatik garraiatzen dute ontzietan, gero Espainian gasifikatzeko. «Espainian erabiltzen den gasa Aljeriarik iristen da batez ere, gasbideen bidez».

Zein da Gasaren egia kanpainaren helburu nagusia?

Trantsizio ekologikoaren testuinguruan, gasa saltzen digute erregai garbi bat izango balitz bezala. Beraz, kanpainaren helburu nagusia da oposizio sozial bat sortzea ideia horri buruz, jendea horren inguruan sentsibilizatzea.

Erretzen denean, beste erregai fosil batzuek baino C02 gutxiago isurtzen du gasak atmosferara. Nolanahi ere, erregai garbi bat ez dela esaten duzue. Zergatik ez da garbia?

Ikatzaren karbono dioxido [CO2] isuriak, adibidez, handiagoak dira erretzen denean, bai. Baina gasaren prozesu guztia aintzat hartzen badugu ateratzen denetik azkenean kontsumitzen den arte, gertatzen dira metano ihes batzuk, zeinak berotzeko gaitasun bat duten, hogei urteko epean, karbono dioxido isuriena baino 86 aldiz handiagoa.

Esaten dugu ez dela garbia, gas naturala, finean, metanoa delako; eta metanoa erregai fosil bat da. Baina izena bera, gas natural, nahikoa engainagarria da, eta jendearengan eragiten du garbia delako irudipen bat. Hori dago jendearen iruditerian, eta energia enpresa handiak natural hitzaz aprobetxatzen dira. Egin kontu: Europa mailako elkarte eta sare askok inoiz ez dute natural adjektiboa erabiltzen gasaz ari direnean, nahasmena eragin dezakeelako.

Ikatza aipatu duzu. Jendeak argi dauka, oro har, ez dela erregai garbia. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, gasarekin?

Guri iruditzen zaigu jende gehienak ez duela pentsatzen gas naturala erregai fosil bat denik. Zergatik? Gasaren lobbyek eta energia enpresa handiek diru asko xahutu dutelako gasa garbia delako iruditeria sortzeko. Marketin eta publizitate horrek iruditeria publikoa blaitu du. Ez dago daturik, baina, inkesta bat egingo balitz, jendearen bi herenek esango lukete gas naturala garbia dela.

Zein rol jokatuko du gasaren erabilerak Espainian planteatutako trantsizio ekologikoan? Aurrerantzean ere lehentasunezko energia bat izango da?

Gasa, gaur egun, etxeetan erabiltzen da; baina, horrez gainera, rol oso inportantea jokatzen ari da ziklo konbinatuko zentraletan, elektrizitatea sortzeko orduan. Mugimendu ekologistok uste dugu erabilera hori ondo dagoela. Argi dugu, era berean, %100energia berriztagarriak izango dituen egoera baterantz jo behar dugula ahalik eta azkarrena, baina trantsizioa ezin dela egun batetik bestera egin.

Arazoa beste bat da. Energia enpresa handiek nahi dute funts eta inbertsio publiko berrietako dirua erabiltzea gasarekin loturiko azpiegitura berrietarako. Azpiegitura horiek 20-30 urtez izango lirateke erabilgarriak. Hori ari gara salatzen. Gauza bat da gasak, gaur egun, rol bat jokatzea trantsizio energetikoan; eta beste bat, baliabideak erabiltzea munstroa elikatzen jarraitzeko. Aintzat hartuta, gainera, Espainiako Estatuaren eta [EB] Europako Batasunaren helburuak, diru hori erabili behar da, oso-osorik, energia berriztagarrietarako. Funts eta inbertsio berriak erabili behar diratrantsizio hori azkartzeko, ez gasaren erabileran inbertitzen jarraitzeko.

EBK berreraikuntzarako dituenfuntsetan zein toki du gasak?

Europan zenbait politika gainbegiratzeko prozesuetan ari dira, eta horiek zehaztuko dute Europako funtsak nora joango diren; ez orain bakarrik, baita datozen urteetan ere. Eta gasaren lobbya rol oso garrantzitsua jokatzen ari da. Energia kontuekin lotura duten proiektu komunitarioei dagokienez, mugimendu ekologistakoek esaten dugu ezin dela euro bat bera ere erabili erregai fosilekin loturiko proiektuak finantzatzeko. [Europako] Batzordeak esaten dizu baietz, ados dagoela, baina, gero, irizpideak idazten hasten direnean, agertzen dira nomenklatura jakin batzuk: «Emisio urriko gasak» edo «karbonoz gabetutako gasak», esaterako. Hau da, hasten dira gauzak nahasten, eta, modu horretan, sartzen dituzte kontzeptu batzuk proiektu horietan gasa erabiltzea ahalbidetuko dutenak.

Orduan, oraingoz ez dago argi Espainiak, energia sorkuntzari dagokionean, funts horiek zertara bideratuko dituen.

Oraingoz, ez dago informazio askorik, ez. Proiektuak aurkeztu dituzte enpresek, eta hor denetik dago. Ikusiko dugu zer onartzen den eta zer ez. Halere, Europak ezarriko dituen irizpideetan dago gakoa. Eta esan beharko luke: «Ez da onartuko erregai fosilak erabiltzen dituen ezer. Kito».

Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikorako Legea udaberrian onartu nahi du Espainiako Gobernuak. Lege proiektu horretan zein leku du gasaren erabilerak?

Bada, ez dago oso argi legean, ez dute xehetasunik eman. Oraindik zirriborro bat da. Baina Espainiako Estatuan bada beste prozesu bat: Energia eta Klima Plan Nazionala. Europako Batasunak estatu kide bakoitzari eskatzen dion zerbait da, eta markatzen ditu, argiago, helburuak eta estrategiak. Horren arabera, datozen hamar urteetan gasa ez dute ukituko; hau da, kontsumo eta erabilera bera mantenduko da; beraz, ez da murrizketa bat aurreikusten. Halere, hori barneratuta daukagu. Ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo planetan.

Subilla Gasteizko Armentia II putzutik gasa atera nahi du Eusko Jaurlaritzak. Zer iruditzen zaizu?

Bada, nahiko kezkagarria da oraindik ere gas putzuen alde apustu egiten duten administrazioak egotea. Deigarria da Jaurlaritzak bide horri jarraitzea... Tira, klima aldaketari buruzko legean EAJ alderdiak aurkeztu ditu alegaziorik kezkagarrienetako batzuk; esaterako, hidrokarburoak bilatzeko esplorazioak ez debekatzea.

Energia Erregulatzaileen Lankidetzarako Europako Agentziaren arabera, Espainiako Estatuan %53 igo zen gas naturalaren prezioa 2009tik 2019ra. Nola azal daiteke igoera hori?

Europako Batasuneko herrialdeen artean, Espainiak du gasaren preziorik garestienetakoa. Azalpen nagusia da gasarekin loturiko azpiegiturak neurriz gaindiko dimentsioa duela Espainian, eta, gainera, gutxiegi erabiltzen dela. Horrek pisu handia du fakturaren kostu finkoetan, eta etxe guztiok ordaindu behar dugu. Gainera, etxebizitzek eta kontsumitzaile txikiek kostu horien askoz ere portzentaje handiagoa ordaintzen dute kontsumitzaile handien aldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.