Albistea entzun

Unai Martinez. Gazte Koordinakunde Sozialistako kidea

«Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu»

Garrantzi berezia eman dio Iruñean eta Bilbon egingo den manifestazioari; larunbatean egingo dute, gazteen pobretzeari eta pandemiari eman zaien erantzun autoritarioa salatzeko. «Beharrezkoa da bide propio bat egitea».
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko urtarrilak 27

Etzi, hilak 29, Bilbon eta Iruñean manifestazioak egingo ditu Gazte Koordinakunde Sozialistak, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu aldarri hartuta. 18:00etan aterako dira Jesusen Bihotzaren plazatik Bizkaiko hiriburuan, eta Sarasate pasealekutik Nafarroakoan. Unai Martinez GKSko kidearen arabera (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996), gobernuek gazteen pobretzeari eta pandemiari aurre egiteko emandako erantzun autoritarioa salatu nahi dute.

Deialdiari begira, zer nabarmenduko zenuke?

Garrantzitsuak dira mobilizazio hauek. Langileen artean zabaldu nahi dugu gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela. Horrek eskatzen du enpresarien eta politikarien eraginpetik ateratzea. Gero eta jende gehiago batuta izanda, posible izango da gauzak aldatzea. Mobilizazio honekin bakarrik ez ditugu gauzak aldatuko, baina aurrera begira norabide horretan jarraitu behar dugu.

Herri eta auzoetan prestalanak egin dituzue. Zer erantzun izan duzue?

Saiatu gara garrantzia ematen aurrez aurreko lanketari. Nahiz eta kontziente izan edukia diskurtso hegemonikoetatik kanpo dagoela eta horrek zailtasun batzuk dakartzala, deialdi zabal bat egitearen alde egin dugu. Aldi berean, uste dugu ikuspegi politiko jakin batekin kritikotasun handiko mobilizazioa egiteak potentzialtasuna duela.

Laburbilduz, gazteen pobretzea eta pandemiaren aurreko erantzun autoritarioa salatu nahi ditu mobilizazioak. Elkarren arteko erlaziorik ba al dago?

Bai. Azkenean, egoera orokor bat salatu nahi dugu. Begien bistako ikuspegi ekonomiko bat du: gazteen artean orokortuta daude langabezia, aldi baterako lana, soldata apalak... Horrez gain, bizitzaren garestitzeak bizi kalitatearen okertzea dakar. Gero, horrek guztiak eskubideei eragiten dien alor politiko bat du. Pandemiaren harira kontrol soziala areagotu da, eskubide sozial eta politikoak ezabatu dira, gazteak kriminalizatu dira. Hori modu bateratu batean ulertzen dugu, errealitate bakar bat balitz bezala, eta atzean burgesiaren ofentsiba bat dago.

Errealitate horri aurre egiteko, zer mezu eskaintzen duzue?

Ikusten duguna da bankariek eta enpresariek gero eta botere handiagoa dutela, eta gaur egun parlamentuko alderdi politikoek ezin dutela egoera aldatu. Are gehiago, beraien bitartez ere egiten dira erreformak eta eskubide urraketak. Beharrezkoa da bide propio bat irekitzea, eta enpresarien eta politikarien eraginpetik kanpo antolatzea. Gainera, estatu sozialistari lotutako aldarrikapenak hedatu nahi ditugu.

Pandemiari erakundeek emandako erantzunaren aurkako mezuetan, ikuspegi ugari daude; tartean, negazionismoa. Horren barruan, zenbaitetan antzematen da eskuin muturraren estrategia. Mezuak elkar nahasteko arriskua dago?

Negazionismoaren mundu horretan halako pluraltasun bat dago. Pandemiari eman zaion kudeaketa eredua, gehienbat, aterabide autoritario batean oinarritu da. Ez zaio aterabide sanitarioa eman. Normala da ezinegon bat egotea jendearen artean, eta kalera ateratzea, agintariekiko eta boterea duten horiekiko kontrakotasuna adierazteko. Hala ere, mobilizazio apolitikoak antolatzeak bere arriskuak ditu. Guk mobilizazioei izaera politiko zehatza ematearen alde egiten dugu.

Pandemiak zaurgarrienei eragin die. Zenbaitetan, aurkakotasun kritiko horretan ez al dago indibidualismoaren zantzurik?

Iritzi publikoan, maiz eskubide indibidualak versus eskubide kolektiboak dikotomia mahai gainean jarri da. Gure ustez, dikotomia sinpleegia da, eta testuinguru zabalago batean ulertu behar da. Guretzat, ez da hainbeste eskubide indibidualak kolektiboen aurka ote dauden, baizik eta nork duen boterea, zer egoeratan gauden, zer joera dauden, horri aurre egiteko zer eredu jarri den abian eta kudeaketa horrek zer sortzen duen.

Hiru urte GKS sortu zela. Zer azterketa egin duzu ibilbideaz?

Sortu gara, eta egonkortu. Antolaketa ereduari eta jende kopuruari dagokionez, egonkortze fase batean gaude. Ontzat dugu koiunturari erantzuteko gaitasuna irabazi izana. Adibidez, pandemiaren hasieratik abiatu genuen kanpaina bat, azterketa kritiko bat eginez, eta hainbat mobilizazio egin ditugu. Uste dugu ibilbidea egokia izan dela. Kapaz izan gara sozialismoaren azterketa eta ulerkera berritu bat zabaltzeko.

Sozialismoak ba al du erantzunik XXI. mendeko gizartearen arazoetarako, kezketarako?

Komunismoak porrot bat izan zuen, eta, horren ondorioz, prestigio ideologikoa galdu du. Mugimendu politiko gisa desartikulatua dago, baina uste dugu askatasun irizpideetan aurreratuena den proiektu unibertsala dela. Zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko programa du, baina gaur egun horrek eskatzen du bere tradizioaren berrikuspen kritiko bat egitea; tradizio sozialista ikuspegi kritiko batekin jasotze eta egungo baldintzetara egokitzea. Saiatzen ari gara tesi politiko berrituak mahai gainean jartzen.

Mugimendu sozialista horretan, GKS-rekin batera, beste hainbat antolakuntza badira. Non hasten da bakoitzaren autonomia eta non amaitu homogeneotasuna emateko kezka?

Gu gara mugimendu sozialistaren barruko gazte antolakundea. Gainontzeko antolakundeen gainean erabakitzeko esparrurik ez dugu. Bakoitzak berea jorratzen du: Ekidak artearen esparrua lantzen du; Ikasle Abertzaleak-ek ikasleen arazoak jorratzen ditu; Errakik kontrolpeko langile espazioena, Itaiak emakumeena... Berrikuntza Euskal Herriko hainbat tokitan dauden kontseilu sozialistak dira. Multzo horrek guztiak mugimendu sozialista osatuko luke. Ikuspegi estrategiko komun bat dugu, eta gure artean koordinatzen gara. Autonomia modu erlatiboan ulertu behar da. Gure perspektiba da baldintza politiko eta kulturalak jartzea, etorkizunean alderdi komunista bat eraiki ahal izateko.

Helburua alderdi bat sortzea da? Zein dira baldintza horiek?

Alderdi diogunean ez dugu esan nahi parlamentuan egongo den alderdi bat eraiki nahi dugula. Modu zabalago batean ulertzen dugu; estatu kapitalistaren instituzioetatik kanpo bizitza propio bat izan, langileria modu autonomo baten antolatu eta indar propio bat eraikitzeko gai izango den alderdia, alegia. Horrek denak aurretiazko lan bat eskatzen du. Besteak beste, beharrezkoa da komunismoaren aldeko gatazka kulturala gertatzea, masa zabalen antolakuntzarako instituzio demokratikoak sortzea eta militantzia komunistaren eredua gizartean hedatzea. Hori gabe, babes sozial hori gabe, ezin da alderdi komunistarik existitu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide atxilotu zituzteneko irudi bat, Maconen (Frantzia). Argazkian, kazteriak, poliziak ahaztutako poltsak arakatzen. ©Javier Villagarcia / EFE

Astelehenean libre geratuko da Izaskun Lesaka presoa, baldintzapean

Edu Lartzanguren

Frantziako Fiskaltzak helegitea jarri zion martxoan presoa askatzeko erabakiari, baina auzitegiak kontuan hartu du ETAk bere burua desegin zuela.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Udalek interes goreneko proiektuetan parte hartu behar dute»

Edurne Begiristain

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legeari Eudelek egindako kritikak apaldu ditu Eudeleko presidenteak: «Ez gaude kontra». Udalen autonomia jarri du lehentasun gisa.
Sare mugimendu herritarreko kideak, gaur goizean, Orozkon egindako agerraldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Alaitz Aramendi presoari «ezkutuko bizi osorako zigorra» jarri diotela salatu du Sarek

Olatz Enzunza Mallona

Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera lelopean, 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatuko du Sarek kanpaina batean.

Euskal presoen gradu inboluzioen aurka egindako protesta bat, joan den otsailean, Getxon. ©Monika del Valle / FOKU

Hirugarren graduan jarri dute Iñaki Bilbao Gaubeka euskal presoa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Basauriko kartzelan dago gaur egun. Tratamendu batzordeak proposatu eta Eusko Jaurlaritzak onartu du gradu aldaketa. 1998tik dago preso, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...