Olivier Peter. Giza eskubideen arloko abokatua

«Tortura banpiroen modukoa da, beldurra baitio argitasunari»

Tortura salaketak ez ikertzeagatik Estrasburgoko auzitegira iritsi diren kasu gehienetan parte hartu du Peterrek, biktimak babestuz. Esan du Espainiako Gobernuak «tortura aitortzeko betebeharra» duela.

IÑIGOR URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epai esanguratsuak kaleratu ditu Espainiako erreinuaren aurka tortura ez ikertzeagatik, eta horietako gehienetan parte hartu du Olivier Peter abokatu suitzarrak (Lugano, 1986). Atzo, Nafarroako Torturatuen Sareak gonbidaturik, hitzaldia eman zuen Iruñean.

Espainiak zer posizio du torturaren inguruan Europako Batasunean?

Herrialde orok zailtasun handiak ditu giza eskubideen urraketa larriak aitortzeko. Europako Batasuneko beste ezein herrialdek ez du tortura erabili modu orokortu batean. Egon dira tortura kasuak Italian eta Frantzian, baina 1980tik hona ez da beste inon torturatu hemen bezala. Zaila da Espainiako Gobernuarentzat hori aitortzea, baina egindako mina aitortzeko betebeharra du, eta biktimei erreparazioa eman behar die.

Argudio gisa erabili izan da oso noizean behin torturatu zela eta kontrolpetik at zeuden poliziek egin zutela. Ados al zaude, ala zerbait sistematikoa izan zen?

Ez da harritzekoa sistema judizialak eta gobernuak errealitateari bizkarra erakutsi nahi izatea. Kasu bakan batzuk izan zirela adieraztea ez dator inolaz ere bat EHUko Kriminologia Institutuaren azterketekin eta kasuen analisi ororekin. Inkomunikazio aldian tortura jasan zutela salatu zuten guztien dokumentazioa aztertuz gero, elementu sinesgarri eta koherenteak topa daitezke. Kasu horiek guztiak batuta lortzen diren datuak beldurgarriak eta sinestezinak dira.

Urte luzez nazioarteko erakundeek Espainiako Estatua salatu dute giza eskubideak urratzeagatik, tortura ez ikertzeagatik. Zer balio izan dute lan horiek?

Ez da gutxi 1996tik Nazio Batuen giza eskubideen batzordeak, torturaren aurkako batzordeak eta Nazio Batuen errelatoreek eta izen oneko nazioarteko beste erakunde batzuk torturaren praktika salatu izana. Gehiago egin zitekeen? Ziur baietz, baina erakunde horiek 30 urtez Espainiako Estatua praktika hori aldatzera deitu dute, eta batik bat inkomunikazioa amaitzea galdegin diote. Eskaera guztioi entzungor egin die, eta horregatik erantzukizun zuzena du. Gainera, nazioarteko txosten horiek balio izan digute Estrasburgoko epaileak konbentzitzeko.

Estrasburgoko auzitegian Espainia hamabi kasutan zigortu dute tortura ez ikertzeagatik. Epai horiek zertarako balio izan dute?

Estrasburgora heldutako kasu horietako gehienetan parte hartu nuen, eta nabarmendu nahiko nuke lan kolektibo baten emaitza izan zela. Hemengo abokatuek lan ikaragarria egin dute. Estrasburgoko auzitegiaren epai bakoitzak diskurtso horren sinesgarritasuna indartzen du. Epai bakarra badago, esan dezakezu kasu bakan bat izan zela, baina hamabi epai daudenean, eta 5.000 kasu inguru zenbatzen dituzten azterketak gehituta, ezin daiteke esan tortura zerbait bakana izan zela. Hori dioenak tortura babesten du.

Beste delituen aldean, nahiko erraz jakin daiteke non, nola eta nork torturatu duen… Sistema judizialak zergatik ez du ikertu?

Sistema judizialak ez zuen ikertzen torturari etekina ateratzen ziolako. Estatuak ezin du bere burua ikertu eta zigortu.

Zer egin daiteke?

Hainbat lan ildo ditugu. Batetik, datu berriak biltzen ari dira, eta horrek bide eman dezake kasuak berriz irekitzeko. Adibidez, kasuetako asko banaka ikertu dira, eta ez dira elkartu. Operazio bateko deklarazioak aztertuz gero, koherentzia eta sinesgarritasun orokor bat antzeman daiteke. Prozeduren datuak gurutza daitezke, beraz. Funtsezko beste gai bat da ikustea torturapean hartutako deklarazio horiek nola erabili ziren. Espetxean hamarnaka pertsona daude, eta torturapean hartutako deklarazioak hartu dira oinarri zigortzeko. Froga horiek legez kanpo daude, eta, beraz, pertsona horiek ez lukete espetxean egon behar. Gainera, kasuen %2 besterik ez da eraman nazioartera, eta eremu zabala dago kasu gehiago nazioartera eramateko.

Zenbaitetan, komunikabideek zioten informazioa atxilotu baten aitorpenaren emaitza zela. Inplizituki ez al zen onartzen tortura?

Gezurrezko kontzepzio bat dago atzean. Aipatzen da torturaren bidez lortutako informazioa egia dela, baina hori gezurra da. Edonork edozer gauza esan dezake eta eskatzen zaiona esan dezake sufrimendua amai dadin. Ondorioz, akats judizialak egiteko modurik hoberena da tortura. Torturapean hartutako deklarazio batek ez dakar justiziarik, kontrakoa baizik. Akats judizial bat dakar pertsonarentzat eta deklarazio horretan oinarrituta zigortu direnentzat.

Zer funtzio izan du inkomunikazioak?

Esan ohi dugu tortura banpiro baten moduko dela. Iluntasunean bizi da, eta beldurra dio argiari. Munduko edozein bazterretan, torturatzeko toki ilun bat behar da: komunikaziorik gabe, lekukorik gabe, medikurik gabe, abokaturik gabe. Argia egiten duzunean, jendea sartzen uzten duzunean, ez dago torturarik.

Zer balio ematen diezu Nafarroako Torturatuen Sarearen gisako gizarte mugimenduei?

Biktimen lana funtsezkoa da. Ez badago mobilizaziorik, ez badago gizarte mugimendurik, ez badago biktimen lanik, gaia ez da iristen nazioarteko erakundeen mahai gainera. Biktimen inplikaziorik gabe isildua geratuko da gaia; horregatik, oso garrantzitsua da Nafarroako Torturatuen Sarearen lana.

Uste duzu estatuak inoiz aitortuko duela torturatu zuela?

Frantzian, milaka pertsona torturatu ziren Aljeriaren independentziaren aldeko borrokan. 60 urte geroago, Macron presidenteak estatuaren erantzukizuna aitortu du, eta barkamena eskatu du. 60 urte kostatu zaio. Italian, 1970eko hamarkadan, estatuak torturatu egin zuen, baina han ez da ezer egin. Gizarte zibilaren mobilizatzeko gaitasuna da bi kasuen arteko alde nagusia.

Epaitutako kasu bakanetan, poliziei indultua eman diete. Zer mezu ematen zaie?

Gure babesa duzue, estatuaren izenean ari zarete. Hori da ematen zaien mezua. Basakeriak egin dituztenekin konpromiso bat hartu du estatuak, eta horregatik kostatzen zaio jarrera aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.