Maiorga Ramirez. EAko idazkari nagusi izateko hautagaia

«Afiliatuek erabaki ezin badute, bahituta dago EA, hilzorian»

Astelehenean, EAko hauteskunde batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza. Alderdiko sektore ofizialak eragozpen ugari jarri dizkiola eta lehiatzeko aukera berdintasunik ez duela izan salatu du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Ezustean, astelehen arratsean, EAko hauteskundeen antolaketa batzordeak atzera bota zuen alderdiko idazkari nagusi izateko Maiorga Ramirezen hautagaitza, eta, ondorioz, Eva Blanco da gaur egun EAko idazkari nagusi izateko hautagai bakarra. Alderdiari min egin zaiola uste duelako, «tristezia handiz eta amorruz» hartu zuen berria Maiorga Ramirezek (Tafalla, 1976). Erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu du berme batzordean eta antolaketa batzordean bertan. Arazoari irtenbide bakarra ikusten dio: afiliatuei hitza ematea. Ez du amore eman nahi: «Pausoz pauso joango gara oztopoen gainetik».

Errespetatzen duzu erabakia?

Inola ere ez. Guk 400 abal aurkeztu genituen, eta Eva Blancok, 60. Hortaz, seikoiztu dugu euren abal kopurua. Oso tristea iruditzen zait nola utzi duten Iparraldeko egitura, eta ondoren hori erabiltzea hautagaitza bat baztertzeko.

Barne prozesu honetan polemika egon da araudiarekin. Ekainean aldatu zen araudiaren arabera, lurraldeko bost abal behar dira, eta Batzar Nazionalak aldaketa berretsi zuen. Haatik, berme batzordeak dio ez dela behar. Zer adierazten du horrek?

Gardentasunaren eta iluntasunaren arteko lehia da. Martxoan berme batzordeak esan zuen zuzendaritzako kide guztiek zutela afiliatuen datu baseetara jotzeko ahalmena; baina bakarrik boterean izan direnek, Blancoren aldekoek, izan dituzte datuak lortzeko pasahitzak. Uztailean, berme batzordeak berretsi zuen gardentasuna bermatua egon behar duela zuzendaritza nazionaleko kideen artean, barne prozesuan sartu baino lehen. Ez zuten nahi, eta ez zuten egin. Zergatik Blancoren aldeko taldeak nahi du besteontzat iluntasuna ezartzea? Izan ere, eurek informazio guztia izan dute. Zoritxarrez, atzean dagoen eztabaida politikoa estali nahi dute.

Iparraldeko egituraz baliatzea leporatzen diozu talde horri. Aurreko astean esaten zenuen ez zenekiela bost abal horiek lortuko ote zenituen, baina gerora aipatu duzu zazpi bederen lortu zenituela. Zer gertatu da?

Pasadizo ikaragarri bat, eta agerian uzten ditu burokrazia exijitzen duten horiek. Hautagaitza aurkeztean, asteazkenean, afiliatuen errolda eskatu nuen zenbait sostengu lortu ahal nituen jakiteko asmoz, eta ukatu egin zidaten. Ostegunean, eskatu nien errolda Iruñeko egoitzara ekartzeko, egun hartan osoko bilkura nuelako Nafarroako Parlamentuan. Erantzun zidaten erroldak ikusi nahi izanez gero, herrialdeetako egoitzetan izango nituela; nik neuk, eta ez beste inork nire izenean, joan behar nuela hara. Ostegun eguerdian joan nintzen Baionara, eta itxita aurkitu nuen egoitza. Ondoren, Donostiara, eta itxita. Bilbora joan, eta, azkenean, Gasteizen erakutsi zidaten errolda. Izenak besterik ez ziren, bigarren abizenik gabe, telefonorik gabe. Iparraldekoak falta ziren, eta ostiralean itzuli nintzen Baionara, baina berriz ere egoitza itxita aurkitu nuen. Bi helegite jarri, eta 19:30ean, epemuga amaitzeko lau ordu falta zirela, gutun-azal bat utzi zidaten Hendaiako Kattu tabernako iragarkien taulan. [Gutun-azala erakutsi du, eta barruan hogei lagun inguruko zerrenda bat ageri da, izen-abizenekin, helbide elektronikorik eta telefono zenbakirik gabe]. Hala eta guztiz ere, lau orduan lortu nituen zazpi.

Lehiatik kanpo utzi nahi izan zaituzte?

Argi eta garbi. Hautagaitza honek badu [Carlos Garaikoetxea] lehendakariaren sostengua, Rafa Larreinarena, Esther Larrañagarena, herrialdeetako arduradunena, hainbat hautetsirena. Hor dago 400 abalen eta 60en arteko aldea. Eva Blanco nagusi duen sektoreari iruditu zaio irtenbide bakarra zela ni kanpoan uztea.

Helegiteak aurkeztu dituzu. Zer arrazoitu duzu?

Indarrean den arauak dio 50 abal behar direla, eta nire hautagaitzak aise gainditu du hori. Hala ere, Iparraldekoak derrigorrezkoak direla jotzen badute ere, nik zazpi aurkeztu nituen. Ahal dituzten traba guztiak jarri dizkidate. Adibidez, lau ordu horietan, nire kabuz Iparraldeko telefonoak lortzen hasi nintzenean, afiliatu batzuek esan zidaten astelehenean eman ziotela babesa Blancori. Blancok ostegunean aurkeztu zuen hautagaitza, baina astelehenetik ari ziren lanean abalak lortzeko.

Hauteskunde primariorik ez badago eta Blanco idazkari nagusi bada, nola geratzen da alderdia?

Blancori egoera jasanezina gertatuko zaio. Atzeko ate batetik sartu nahi du idazkaritza nagusira. Zein zilegitasunekin? Zintzotasuna eta ardura politiko eta etikoa eskatu behar zaizkio, bere burua ez dadin afiliatuen erabakitzeko eskubidearen aurka jarri.

Bideratu daiteke egoera?

Printzipio bat dago, eta hori da gure ardatza. Afiliatuok izan behar dugu lehen eta azken hitza.

Eta hori egiten ez bada, arrakala handituko da?

EAk bere izaera eta nortasuna galtzen badu eta afiliatuei kasurik egiten ez bazaie, EAren heriotzaren bila ari dira. Afiliatuek ezin badute erabaki etorkizunaz, EAren proiektua bahituta dago, hilzorian. Hala eta guztiz ere, gure sektoreak gauza bat du argi: EA ezinbestekoa da EH Bilduri beharrezko zabaltasuna emateko.

Eskua luzatuko al diozu Eva Blancori?

Nire baliogabetzea jakin bezain azkar deitu nion, eta esan nion erabakiak kalte egiten ziola alderdiari, eta ez nuela etsiko afiliatuei zor zaien hitza itzuli arte. Haren proiektua zilegi da, baina besteon proiektuarekin lehiatuz gero.

Zergatik zarete hain kritiko?

Atzerapausoak emateak kezkatzen gaitu. Batzuek uste dute EA EH Bilduren barruan ondo ez ikusarazteak ez duela garrantzirik eta EH Bilduren egituran murgiltzea dela EAren etorkizuna. Guk justu kontrakoa uste dugu.

Hori diozunean, uler daiteke EH Bildu kritikatzen duzuela?

Ez, ahalik eta EH Bildu sendoena nahi dugu. Zein da alderdiok koalizioari eman ahal diogun zentzua? Nire ustez, aniztasuna ematea. Sortu lan bikaina egiten ari da, eta haren tradizioa islatua dago. Oscar Matute entzutean, Alternatibaren kutsua ere hor dago. Baina EAren kutsua, historia eta erreferenteak ikusten al dira? Ala orain arteko bideak garamatza desagerpen publiko batera? Horixe diogu guk.

Baina ez al da etorkizuneko joera EH Bildu indartzea eta alderdiek indarra galtzea?

Gure ustez, akats nabari bat da,koalizioaren ikuspegi murriztailea ahalbidetzen delako. EH Bildu tradizio batekin identifikatzen du, eta hori ez da ona guztiontzat.

Zer proposatzen duzue?

Proposatzen dugu alderdia indartzea eta koalizio eredua indartzea, alderdiak bere aniztasuna islatzeko modua izan dezan. EH Bilduren egunerokoan derrigorrezkoa da ere instituzioetan egotea. Orain, adibidez, Madrilgo Kongresuan ez dago. Era berean, alkartetxeen eta alderdiaren arteko egitasmoak bertan behera gelditu dira. Uste baduzu jarduera politikoa eraman behar duzula soilik EH Bildura, alderdi moduan egin beharreko lana galtzen da, eta alderdiak ez dio behar adinako ekarpenik egiten EH Bilduri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.