Herriko Bozak. Jean Rene Etxegarai. Baionako herriko bozetako hautagaia

«Lehendakari izan naiz lehen hiru urteetan; ez dut zertan segitu»

Etxebizitza, garraioa, hizkuntza politika... Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakari gisa egin dituen politikak defendatu ditu Jean Rene Etxegaraik. Hala ere, onartu du hobekuntzak egin behar direla.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Baionako Herriko Etxea atxikitzeko kanpainan sartua da buru- belarri Jean Rene Etxegarai (Beskoitze, Lapurdi, 1952). Ez du argitu Euskal Elkargoko lehendakari izateko hautagai izango ote den.

Biztanleria emendatze handia izan du Baionak.

52.000 inguru izatera igaro gara. Tokiko Bizitegi Planean erabaki dugu pausa bat behar zela eraikuntza arloan, hala ere bizitegi sozialak eraikitzen segituz. Eraikuntza berrietan, gutxienez %30 bizitegi sozialak dira; Baionako bizitegien %26; legearen barnean gaude.

Eraikuntza anitz dira, hala ere. Batzuek mugatzea eskatu dute.

Eskaera anitz baionarrek berek eginak dira, ez kanpotik etorritakoek. Espazioa partekatzen jakin behar da, baita dentsitatea mugatzen ere. Auzoetako herritarrekin mintzaturik, muga batzuk ezarri ditugu egin beharreko eraikuntza kopuruari buruz.

Etxebizitzaren prezioaren emendatu da. Gentrifikazio politika dei liezaiokete batzuek.

Gentrifikazioaren kontra borrokatu nahi dut. Baiona, Bordeleren gisa [Okzitania], presio immobiliario biziki azkarra bizitzen ari da. Izan alokairuan zein salmentan, prezio emendatze bat ikusi da. Zer egin dezakegu horren kontra? Hornikuntza operazioak; hala egin dugu Seque, Arrouset eta Prisse auzoetan. Denak kudeaketa publikoan egin dira. Hiriak lurraren jabe izateko iniziatiba hartzen ez badu, ezin gara iritsi biztanleen ahalei erantzuten dien prezioak finkatzera.

Tranbusarena izan da azken urteetan proiektu nagusietako bat; auto lerroak ez ditu ezabatu.

Hasi berria da: irailean ireki genuen tranbusaren lehen linea. Abiatu denetik, milioi bat erabiltzailetik gora izan da. Bigarren linea laster abiatuko da, Tarnosetik [Landak] Basusarrira [Lapurdi], garraio jario handiena duten auzoetatik pasatuz. Horrek erakutsiko digu non ditugun oraindik zirkulazio arazoak. Eraginkorrak izateko, lotura aparkalekuak ezarri behar ditugu, eta tranbusak bide propioa behar du, ez dadin auto lerroetan blokeatua gelditu.

Zure kanpainako lelo berarekin ikusi ditugu tranbusaren iragarkiak.

Leporatua izan zait bietan lelo bera izatea; jadanik nire kanpainako leloa zen 2014an. Lelo hori atzemana izan da, publizitate batean, bakar batean, Baionako etorbide batean. Gaur egun ez dago gehiago. Badakizu: publizitateek, batzuetan, zortzi edo hamabost egun baizik ez dituzte irauten; gehienez ere hilabete bat.

Hizkuntza politikaren ardura zuk zeuk hartu zenuen 2014an. Zer bilan egiten duzu?

Batzorde horren presidentetza hartu nuen; hautatua banaiz, ez dut berriz hartuko, nire taldean erantzukizun horiek betetzeko ni baino askoz ere jende konpetenteagoa dudalako. Bilana baikorra da, baina arlo anitzetan hobetzeko tarte handia dugu. Bereziki hizkuntzaren erabilpenean, eta aisialdietan. Eskoletan, ikusgarrietan, komunikazioan, seinaletikan indarrak egin baditugu ere, askoz ere gehiago egin dezakegu.

Euskal hiztunak ez du aukerarik herriko etxearekin euskaraz mintzatzeko. Helburu bat da?

Bai. Zerbitzu batzuekin euskaraz mintzatu daiteke jadanik. Badira kirol hezitzaile batzuk euskal hiztunak direnak; ez aski seguruenik, baina badira. Badira kirol jarduerak euskaraz egiten dituzten haurrak. Bezeroen, edo hobeki erran erabiltzaileen harrera egiten duten zerbitzu nagusietan, badira euskal hiztunak. Nire asmoa da, argiki, herritarrei harrera egiten dieten zerbitzu gehienetan euskaraz mintzatu ahal izateko aukera izatea.

Miarritzeko eredua aipatzen da maiz. Euskara 2035 plana aurkeztu berri dute. Zergatik han posible den erritmoa Baionan ez da posible?

Onartzen dut Miarritzek arlo horretan egiten duen lana aski eredugarria dela. Hizkuntza politikaz arduratzeko bigarren pertsona bat enplegatu dut Baionan. Beharrezkoa zen indartze hori. Gaur egun, hizkuntza politika elkargoaren eskumena da; edo, hobeki erran, eskumen partekatua. Elkargoko lehendakari gisa, auzapezei hizkuntza politika egin behar dutela errateko ardura dut. Osagarritasun bat behar da elkargoan eta hirian egiten diren politiken artean. Miarritzeko eredua biziki interesgarria da; inspiratzen gaitu.

Euskal Elkargoko lehen lehendakaria izan zara. Nolakoak izan dira lehen hiru urteak?

Bilan baikorra egiten dut. Baina, hor ere, oraindik hasieran gaude. Elkargoa 2017an sortu zen, baina zinezko lana beranduago hasi genuen. Borondate politikoari dagokionez, biziki baikorra da. Elkargoaren oso aldekoak ez ziren jendeak baziren; gaur egun, nehork ez du erraten gibelera egin behar denik. Nehork ez. Baikorra da, halaber, 21 politika publiko plantan ezartzea erabaki dugulako. Horrez gain, herri txikiei babesa, aholkularitza eta ingeniaritza eskaini dizkie elkargoak.

Ez ote ditu muga anitz erakutsi?

Elkargoari kritika egin zaio zentralizatuegia dela. Barnealdera anitzetan joaten naiz; bada diferentzia bat dena gaizki doala erraten dutenen eta hobetzeko gauzak badirela erraten dutenen artean. Nik uste dut hobekuntzakbehar direla. Argi da lurralde eremu batzuetan ez dituztela oraindik markak hartu. Baina erran nezake eremu horiei ere badagokiela iniziatiba hartzea; inplikazio gehiago behar dute ekintza lokalean. Gure gobernantza paktuan hori guzia ez zen aski argi. Egokitzapenak egin ditugu lurralde eremuen funtzionamendua hobetu eta botere gehiago emateko.

Lehendakari izateko aurkezteko asmoa duzu?

Ez didate beste galderarik egiten. Oraingoz ez da hori gaia. Baionako herriko etxerako hautagai naiz, eta, hautatua banaiz, Elkargoko hautetsia izanen naiz; Baionako auzapeza kontseilu eragilean izanen da. Horrek ez du erran nahi ezinbestean lehendakari izanen denik. Neure buruari ez diot galdera hori egiten. Ez da azken hiru urteetan lehendakari izan naizelako segitu behar dudala. Duela hiru urte ez zegoen lehendakari izateko eta makina hau martxan jartzeko hautagai askorik. Nire gain hartu nuen, eta energia anitz ezarri dut. Abentura polita izan da.

Uste duzu Elkargoan sortu duzun gehiengoa gainditu dezakeen indar bat sor litekeela?

Ez dakit. Ez nuke nahiko alderdi zatiketarik egon dadin Euskal Elkargoan. Ez dut ikusten zer interes izango lukeen. Horrek ez du erran nahi elkargoan politikarik eginen ez dugunik; jadanik egiten ari gara. Hortik pentsatzea talde politikoak sortu behar direla, eskualdeko edo departamenduko kontseiluetan dauden gisara, ez nago seguru. Etorkizunak erranen du; ez dut nik erabakiko.

Zer etorkizun nahiko zenuke elkargoarentzat?

Hasieratik, estatus bereziko lurralde elkargo baten aldekoa naiz. PSren gobernuak ukatu zigun. 2015eko Notre legearen ondotik Euskal Elkargoa sortzeari ekin genion, baina halako elkargo batek traba anitz ditu, eta ez dago gure neurrira. Egun batez, estatus bereziki lurralde elkargo bat izatera iritsi behar gara; horren aldeko militantea naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.