Noiz sortua: 2020-06-26 00:30:00

Leire Martinez

«Gaizki pasatzen ari direnak pausoa ematera animatuko nituzke»

Jatekoa eskatu behar izan zuen COVID-19aren ondorioz lanik eta dirurik gabe gelditu zen une batean. Sentitutako «tristura» du gogoan, baita Gurutze Gorrikoek nola hartu zuten epaitu gabe ere, eta lagunen babesa ere bai.
IGOR SUSAETA

Igor Susaeta -

2020ko ekainak 26

Aurreko inauterietan, otsaileko hirugarren astean, «birusaz» mozorrotu ziren Leire Martinez (Bilbo, 1982) eta haren lagunak. «Txantxa bat zen. COVID-19a hain urrun zegoela zirudien...». Eta, hain zuzen, izurriak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioz, lantoki duen taberna itxi zuten, diru sarrerarik gabe geratu zen, eta, aurrenekoz, jatekoa eskatu behar izan zuen Lekeitioko Gurutze Gorrian. «Elkarteren bateko boluntarioa izan naiz. Beraz, badakit jende asko dagoela laguntzeko prest». Ahal izan duenean besteak lagundu izan ditu. «Orain nik dut beharra». Hori pentsatu zuen.

Zergatik jo duzu janari eske?

Egunean-egunean bizi naiz. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen dirua ez zitzaidan heldu iritsi behar zitzaidanean. Ustez, martxoaren bukaeran ailegatu behar zitzaidan, edo apirilaren hasieran. Azkenean, apirilaren 8an sartu zidaten dirua. Martxo bukaerara arte-edo eutsi nion, baina ikusten ari nintzen dirurik gabe geratzen ari nintzela, eta, orduan, eskatzea erabaki nuen.

Dena helbideratuta daukat, eta, ordainagiriak jaso ahala, kontu korrontetik kobratzen zizkidaten. Bai, ordainagiri horiek itzularazi nitzakeen, baina tira, janaria emateko aukera eman zidatenez...

Alarma egoeraren aurretik lanean ari zinen.

Bai, taberna batean. Duela bi aste berriro hasi ginen lanean.

Janaria eskatu beharko zenuela konturatu zinenean, zein izan zen egin zenuen lehen gauza? Zer prozesu egin zenuen?

Udaletxearen aurretik pasatu nintzen egun batean, eta Gurutze Gorriaren kartel bat ikusi nuen. Lagun batek esan zidan janaria eman ziotela. Gurutze Gorrikoekin hitz egin nuen, eta udaleko zerbitzu sozialetako teknikariarekin harremanetan jartzeko esan zidaten. Nik ez nuen harremanik teknikariarekin, ez dudalako inongo laguntzarik kobratzen. Antza, laguntzaren bat kobratzen dutenei abisatu egin zieten... Dena egun berean izan zen: arratsalde horretan deitu zidaten.

Zer sentitzen zenuen janari bila Gurutze Gorrira joan zinenean?

Batez ere, tristura; tristura, neure burua eskatzeko egoeran ikusteagatik. Pixka bat kostatu zitzaidan, bai... Gainera, neure burua muturreko egoera horretan ikustea... Ez nekien egoerak zenbat iraungo zuen, eta burutik gauza asko pasatzen zaizkizu.

Zeintzuk ziren zure kezkak?

Ea egoerak asko iraungo zuen, ea nor egongo zen janaria jasotzeko unean... Tristura ematen zidan egun batetik bestera bizitza nola alda daitekeen ikusteak. Nire alaba ere gogoan nuen...

Laguntza eskatzeko pausoa eman zenuen.

Bai, askoz ere aukera gehiago ez nuelako... Gurasoei deitzea zen aukera bat, baina haiek ere egunean-egunean bizi dira, eta nire ama, esaterako, lanik gabe geratu zen. Ez nituen arduratu nahi.

Zerekin egin zenuen topo Gurutze Gorriaren janari banaketarako lekuan?

Bestea epaitu gabe laguntzeko zegoen jendearekin topo egin nuen. Dena erraztu zidaten, inongo azalpenik eskatu gabe. «Zer behar duzu?», esaten zidaten. Eta niri lotsa ematen zidan... Nik esaten nien eman ziezadatela ahal zutena. Daukadanarekin moldatzen naiz.

Lagunei laguntza eskatzea pentsatu al zenuen?

Senideekin gertatzen zitzaidana gertatzen zitzaidan haiekin ere. Gainera, hainbeste erraztu zidan... [Gurutze Gorriak]. Agian, buelta asko emanarazi izan balidate, planteatuko nuen bide hori; izan ere, lagun batzuek deitu zidaten, eta laguntza eskaini. Ez nien eskatu nahi, denok antzeko egoeran geundelako.

Hartu zenuen erabakiaren berri eman al zenion jendeari?

Bai, bai, eta esan nien haiek ere aukera zutela, baldin eta beharra bazuten. Lagunek esan zidaten ongi egin nuela.

Lagunek emandako bero hori aringarri moduko bat izan zen zuretzat?

Bai, noski. Banekien nire lagunek nola erreakzionatu behar zuten. Halere, egon izan dira batzuk esan didatenak ea nola joan naizen horra haiei eskatzeko aukera edukita. Tira... 18 urte nituenetik etxetik kanpo bizi izan naiz beti, eta inoiz ez dut neure burua eskatzeko egoeran ikusi. Gainera, niri asko kostatzen zait gauzak eskatzea.

Hartutako erabakiari eragin al dio horrek?

Ez da izan lotsagatik, ez ezergatik. Kontua izan da orain arte inoiz ez naizela egon egoera horretan. Eta lehen aldia denean... Kostatu egiten da.

Zer kontatu zenion 17 urteko alabari?

Egia esan nion. Lagundu egin zidan; bera jaitsi zen bigarren orgaren bila. Ondo eraman du, nire antz dezentekoa du...

Zer ikasi duzu azkeneko asteotan?

Laguntza eskatzen ikasi dut.

Zerbait gehiago? Ala nahikoa iruditzen zaizu hori?

Beti bizi izan naiz egunean-egunean, eta ez zait askorik kostatu pixka bat estuxeago ibiltzea. Izan ditudan diru sarreren arabera bizi izan naiz beti, eta nire alaba ere horretara ohituta dago.

Bizipena, beraz, ez da traumatikoa izan.

Ez, traumatikoa ez. Hasieran, osasun sistemaren egoera zein zen kontuan hartuta, ikusita adineko jendea hiltzen ari zela, pena handia sentitzen nuen. Hori guztia janaria eskatzera joan behar izatea baino mingarriagoa izan zen.

Etorkizunean, berriro, janari eske joan beharko bazenu...

Joango nintzateke, bai. Logikoki, gutxiago kostatuko litzaidake, baina, noski, tristura berdin-berdin sentituko nuke, ez baita erraza eskatzera joan behar izatea.

Zer datorkizu burura etorkizunaz pentsatzean?

Saiatzen naiz etorkizunean gehiegi ez pentsatzen. Egunean-egunean bizi naiz. Ez dakigunez zer gertatuko den, saiatzen naiz buelta gehiegi ez ematen. Datorrena datorrela, aurrerantz egingo dugu.

Atsegintzat har dezakezun zerbait gertatu al da azken hilabeteetan?

Jakitea badagoela jendea egoera txarretarako ere; jende bat, gainera, agian ezagutzen ez zenuena.

Dena delakoagatik laguntza behar baina eskatu ez dutenei zer esango zenieke?

Gaizki pasatzen ari direnak pausoa ematera animatuko nituzke, ez baita hainbesterainokoa. Gainera, zerbaitetarako daude. Gaur niregatik, bihar zuregatik. Ez da lotsa sentitu behar. Baina gizartean jendea epaitzeko joera dugunez, bada, askotan, aurreiritziengatik, ez da pauso hori ematen. Ez zait hainbeste kostatu eskatu dudala aitortzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre

ESK sindikatuak aurkeztu zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. Sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. 

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna