Araceli Mangas. Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna

«Errusia eta Turkia ari dira betetzen Europak utzi dituen hutsuneak»

Europako Batasuna bere integrazio proiektuaz hausnartzen ari den honetan, Mangasek uste du blokeak ezinbestekoa duela nazioartean potentzia bateratu gisa agertzea, AEBen eta Txinaren «jostailu» ez izateko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentzia abiatu zuen iazko martxoan, ia-ia urtebeteko atzerapenarekin, COVID-19aren pandemia dela eta. Konferentziak aurrekaririk gabeko eztabaida herritar bat izan asmo du, etorkizuneko EBk izan behar duenari buruz hausnartzeko eta Europako herritarren gomendioak biltzeko.

Europaren integrazioan aditua da Araceli Mangas Martin (Ledesma, Espainia, 1953), eta, joan den astean, EHUren udako ikastaroetan izan zen Europako Batasuna, beti erreformetan: sei proiektu etorkizun bila izeneko hitzaldia ematen. EBren Maastrichteko Itunaren Aditu Taldeko kide izan zen (1995-1996); horren gain, Nazioarteko Zuzenbide Publikoan eta Nazioarteko Harremanetan katedraduna da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Hitzaldiaren ostean, tarte bat hartu zuen BERRIAren galderak erantzuteko.

Nabarmendu izan duzu Europaren integrazioa «bake proiektu bat» izan dela batez ere, baina orain jauzi kualitatibo bat ematea aztertzen ari dela.

Bake proiektuak adiskidetzea bermatu du, eta merkatu bakar batean subiranotasuna partekatzeko aukera eskaini. Orain, lider batzuk proposatu dute eztabaidatu egin behar dugula zehazteko gainerako estatuen aurrean identifikatu eta defendatu behar dugun ala ez.

EBko agintariak «subiranotasun europarra» indartzeari buruz mintzo dira. Zertaz ari dira kontzeptu hori erabiltzen dutenean?

Ez dira ari estatu bihurtzeko proiektu batez. Nazioartean identitate bat gorpuzteko eta mundu mailan eragina izateko helburua dago kontzeptu horren atzean.

Zer behar du EBk urrats hori egiteko?

Ausardia eta borondatea behar dira. Autosufizientzia handiagoa izatea, eta beste estatu batzuekiko menpekotasuna gutxitzea.

Zer-nolako tartea du Europak zerbait egiteko AEBen eta Txinaren arteko lehian?

AEBen eta Txinaren arteko norgehiagoka horretan, dagokigun tokia hartu behar dugu, eta gure interesen arabera jokatu, ez beste batzuenen arabera. Gure irizpideei jarraituz hartu behar ditugu erabakiak. Orain arte, bi potentzia horien merkataritza gerraren biktimak izan gara. Europak jokalari rola hartu behar du; bestela, haien jostailua izango da.

Egoera geopolitikoa asko aldatu da azken urteetan. Zure iritziz, Europak ezin du jarraitu AEBen eta NATOren menpe. Zein arrisku ditu defentsa arloan?

Europarentzat arriskurik handiena Mediterraneoan dago: ekialdeko kostatik, Asian, Gineako golkoraino, kostalde atlantikoan. Hegoalderantz, Sahel eskualdetik harago helduko litzateke arrisku eremua. Lur horietan, Europaren bizilagunak diren estatuen kolapsoa kontrolaezina izango litzateke guretzat. Terrorismoarekin eta migrazioarekin lotutako erronka izugarriak izango genituzke. Gainera, Errusia eta Turkia ari dira betetzen Europak arduragabekeriagatik eremu horretan utzi dituen hutsuneak.

EBko zenbait estatuk mesfidantzaz begiratzen diote integrazio sakonago bat lortzeko proiektuari. Uste duzu baldintza nahikoa daudela bide horretan aurrera egiteko?

Egia da estatu kide guztiak ez direla integrazio proiektuan sakontzearen alde agertu, baina ez dute adierazi kontrako jarrerarik ere. Frantzia eta Europako Batzordea dira ideiaren bultzatzaileak. Europako Parlamentuak babesa adierazi dio. Ideia hori ageri da Akisgrango Itun franko-alemaniarrean ere (2019).

Nazioarteko agertokian aritzeko, ezinbestekotzat jo duzu EBk zilegitasun demokratikoa izatea. Nola eragiten diote zilegitasun horri estatu jakin batzuen joera autoritarioek?

Moralki, halakoek armarik gabe uzten gaituzte munduaren aurrean.

EBk ez du eraginkortasun handirik erakutsi orain arte arazo horri dagokionez. Hungariaren eta Poloniaren berreskuratze funtsak izoztea mugarri bat izango litzateke?

EBk ahal duen guztia egin du eskura izan dituen zuzenbide eta justizia baliabideekin. Funtsak izozteko bidea eraginkorra izan daiteke.

EBk azken urteotan jasan dituen krisiek —ekonomikoak, zor publikoarenak, banku sistemarenak, migrazioarenak...— hainbat erreforma egitera behartu dute Brusela. COVID-19aren pandemiak nola eragingo dio proiektu europarrari?

Jada pentsaezina zen ekarpen oso positibo bat egin du: zorraren mutualizazioa. Estatu bakoitzak bere zilborrari soilik begiratu zion pare bat asteko tartea salbuetsita, 2020ko apiriletik erabaki historikoak aztertu ziren guztiok batera salbatzeko.

Migrazioaren arloan erreformarik espero daiteke?

Askori gustatuko litzaiguke hala izatea, noski, baina Visegradoko taldeko estatuak —Eslovakiak, Txekiak, Hungariak eta Poloniak— eta Hansako ligako herrialdeak uzkur dira migrazioari bide zabalak irekitzeko aukeraren aurrean. Migratzaileen harrerak estatuen kontrolpean jarraitzea nahi dute.

Gobernantzaren kalitatea hobetzeko beharra aipatu duzuEHUren udako ikastaroetako hitzaldian. Zein neurri hartu daitezke horretarako?

Eraginkortasun demokratikoan aurrera egiteko, ez dago sabairik. EBk bikoiztutako karguak batu ditzake. Adibidez, Batzordeko eta Europar Kontseiluko presidentearena; eurotaldeko presidentearena eta Batzordearen Gai Ekonomikoetako presidenteordearena. Euroguneko erakundeen gaineko kontrola ere hobetu dezake. Hau da, eurotaldearen gainekoa.

Zenbateko garrantzia du Europaren Etorkizunerako Konferentziak prozesu honetan?

EBk herritarren babesa behar du; funtsezkoa izan da klase ertainek integrazio prozesua sostengatzea. Ez da nahikoa herritarrak bozetara deitzearekin: erabakiak herritarrekin hartu behar dira. Are gehiago, segurtasun globalarekin konprometitu behar badugu.

Zer pisu izan behar dute eztabaida herritarraren ondorioek EBko erakundeen erabakietan?

Europako erakundeek eta, batez ere, estatuetako gobernu eta parlamentuek aintzat hartu behar dituzte entzute faseko gomendioak.

Zenbat iraun dezake erreforma prozesuak?

Europaren Etorkizunerako Konferentziaren elkarrizketa herritarra 2022ko udaberrian amaituko da, eta berrikuspen formalerako mekanismoa abiatzen bada baliteke 2024-2025era arte luzatzea.

Europa etengabe eraikitzen ari den proiektua dela esan izan duzu. Indargunea ala ahulgunea da hori?

Ez bata, eta ez bestea. Europa ez da belaunaldi bakar baten ondasuna. Ezer ere ez dago inposatuta edo itxita etorkizuneko belaunaldientzat. Ez zen lotuta gelditu 1958an, ez 1992an, ezta 2009an ere. Denok hobetu dezakegu jaso dugun bake eta aberastasun herentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.