Hiba Husseini. Legelaria

«Planak frogatzen du bi estatuen irtenbidea posible dela oraindik»

Palestina eta Israel konfederazio batean biltzeko proposamenaren xedea da «hogei urteko blokeoaren ostean» erantzun «berriak» ematea bakea eragotzi duten auziei, «horren kostu handikoak» izan ez daitezen.

BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ramadana amaitu aurretik hitz egin zuen BERRIAk Hiba Husseini zuzenbide doktorearekin. Liskar egunak izan ziren Jerusalemen. Israelgo indarren eta palestinarren arteko istiluen jokaleku izan ziren, beste behin, Al-Aqsa meskitaren inguruak.Legelariaren iritziz, «ez dira onargarriak» Israelek palestinarrei Al-Aqsara joateko ezarri dizkien «murrizketa zorrotzak» eta haren indarren «probokazioak». Gatazkaren blokeoa islatzen du, haren esanetan. Ez du keinurik ikusten hura gainditzeko ahalegin batekin lotu daitekeenik.

Husseinik Israelen eta Palestinaren arteko bake elkarrizketetan parte hartu zuen, 1994. urtetik aurrera. Negoziatzeko aukerak zabaltze aldera, Palestinak eta Israelek Lur Santuko Konfederazioa eratzeko plana aurkeztu zuen otsailean, zuzenbidearen arloko bi herrialdeetako zenbait kiderekin batera; besteak beste, Yossi Beilin Israelgo Justizia ministro ohiarekin.

Zuen planak ez du ordezkatu nahi Palestinan eta Israelen estatu independente bana sortzeko proposamena; harentzat aukera berriak sortzea du helburu. Zer aukera lirateke?

Konfederazioaren proposamena diseinatuta dago bi estatu independenteren sorrerari aterpe bat eskaintzeko, irtenbide hori errazteko. Israel eta Palestina elkarren ondoko estatu independente gisa konfederazio berean sartuko lirateke. Aurretik, Israelek Palestinako estatua aitortu beharko luke. Konfederazioaren planak frogatzen du bi estatuen irtenbidea oraindik posible dela. Hori da bere ekarpena. Nola banatu lurraldea, nola egin aurre Jerusalemgo auziari, nola kudeatu errefuxiatuen gaia, nolako sistema ezarri mugetan... Galdera zail horiek guztiek ezinezkoa egin dute bi estatuen eskeman oinarritutako irtenbide bat lortzea, aldeei eskatzen dien konpromisoa handiegia delako. Gu aldeei zera ari gara esaten: «Konpromisoek ez dute zertan horren kostu handikoak izan». Pizgarriak eskaintzen dizkiegu negoziazioetan engaiatu daitezen.

Planaren puntu nagusietako batek dio Israelgo kolonoek Palestinan bizitzeko aukera izango dutela. Zer lortuko luke Palestinak horren truke?

Israelek Palestinan dituen koloniarik handienak Israelen esku geldituko dira, eta, trukean, Palestinak lurralde eremuak eskuratuko ditu Israelen. Hemen bada berrikuntza bat: Palestinaren lurretan geldituko diren gainerako kokaguneetan, etxeak utzi nahi ez duten kolonoek aukera izango dute Palestinan bizitzen jarraitzeko, baina hango egoiliar iraunkorrak izango dira. Printzipio hori elkarrenganakoa izan dadin, palestinar kopuru bertsu batek baimena izango du Israelen bizi ahal izateko, egoiliar iraunkor moduan horiek ere.

Lehen urrats bat izango litzateke etorkizun batean herritartasuna lortzeko?

Ez. Egoiliar horiek ez dira bilakatuko beste estatuko herritar, bi kasuetako bakar batean ere ez. Beren jatorrizko herrialdeetako herritar izaten jarraituko dute, baina hartu dituen estatuan egoiliar izango dira bizi osorako. Horrez gain, estatu horretako legedia ezarriko zaie. Israelgo egoiliarrek, israeldar izaten jarraituta ere, Palestinako legeei eta segurtasun indarrei men egin beharko diete. Ez da Israelgo indarrik egongo Palestinako lurretan kolono horiek babesteko, gaur egun hemen Zisjordanian dauden bezala.

Zer gertatuko litzateke errefuxiatu palestinarrekin?

Noski, Palestinako estatura itzultzeko aukera izango lukete, eta kolono israeldarren antzeko kopuru adostu batek Israelera itzuli beharko luke.

Uste duzu proposamenak erraztu egingo diela Israelgo etorkizuneko agintariei bake prozesu batean engaiatzea. Zergatik?

Israelgo agintarientzat dilemarik handiena da kolonoak etxetik ateratzea. Proposamenak jasotzen duenez, kolono batzuek Palestinako errefuxiatuen truke itzuli beharko dute Israelera nahitaez, eta gainerakoek aukera izango dute Palestinan gelditzeko egoiliar iraunkor gisa, eta, beraz, ez da istilurik izango kolonoen eta Israelgo Gobernuaren artean.

Norainoko autonomia eta elkarlana izango lukete bi estatuek?

Guk proposatu dugu elkarlanerako erakunde batzuk sortzea. Ez dugu proposatu parlamentu, gobernu edo legedi bateratu bat. Ez gara horri buruz ari. Europako Batasunaren ereduan pentsa dezakegu, baina parlamentuaren aterpe hori gabe. Bi estatuak guztiz burujabeak izango dira, baina elkarlanerako hitzarmenak izango dituzte, esaterako, arlo ekonomikoan eta herritarren joan-etorriak arautzeko sisteman. Agian egunen batean bisa bat izango dugu Shengen eremukoaren antzekoa, muga irekiekin, baina hasieran ez da horrela izango. Hasieran, muga argiak izango dira, eta herritarrek kontrol postuetatik igaro beharko dute.

Zergatik da beharrezkoa elkarlan hori?

Batetik, hemen kale bat gurutzatuta sartzen zarelako beste herrialdean. Bestetik, gure ekonomiak oso integratuta daudelako, eta onura handia lor dezakegulako Israelekin elkarlan ekonomikoa sustatuta. Elkarlana behar-beharrezkoa dugu osasunean, ingurumen politiketan, ur baliabideen kudeaketan... Gertuegi gaude. Hain justu, elkarlan estu horrek ahalbidetuko die agintariei bi estatuen konponbidean eta bake negoziazioetan engaiatzea.

Plana aurkeztu diozue AEBetako Gobernuari eta NBEri. Zer erantzun izan du?

Inpresio oso positiboa eta baikorra eragin du. Ongi etorria izan da, eta biek agertu dute planaren xehetasunak ezagutzeko interesa. Proposamena lantzen jarraitzera animatu gaituzte, eta plana gehiago garatzeko eskatu digute. Guk esan diegu aukera erakargarria iruditzen bazaie jar dezatela lehentasunen artean beste agintariekin egingo dituzten bileretan. Hemen dute, hogei urteko blokeoaren ostean, arrazoizko ideia bat aldeak negoziatzera bultza ditzakeena.

Israelgo eta Palestinako agintariei aurkeztu diezue plana?

Israelgo presidente [Isaac] Herzogekin bildu ginen, eta eskertu egin zuen proposamena. Denbora eskatu zuen hura sakonago aztertzeko. [Mahmud] Abbas [Palestinako Aginte Nazionaleko] presidentearekin hitzordua eskatuta daukagu, eta hura zehaztu zain gaude. Ramadanaren oporraldien ostean hainbat aholkulari politikorekin ere biltzekotan nago.

Naftali Bennett Israelgo lehen ministroak argi esan du berak ez duela sekula ere Palestinako estatu bat aitortuko.

Egia da. Baina proposamen hau ez da Bennett lehen ministroarentzat, baizik eta Israelek etorkizunean izango dituen lehen ministro eta agintarientzat, sinesten dutenak bi estaturen konponbidea dela modu bakarra Israel seguru eta demokratiko bat lortzeko eta gatazka gainditzeko.

Zer rol jokatu behar luke gizarte zibilak?

Egiteko oso garrantzitsua du. Hain justu, emango dugun hurrengo urratsa izango da gizarte zibilean plana aurkeztea eta haren inguruko babesa biltzen hastea. Helburua da, goitik, agintarien eta lidergoen atxikimendua lortzea, eta, behetik, proposamena herritarren artean sendo errotzea. Oso garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.