Albistea entzun

Silvia Adoue. Brasilgo Eskola Nazionaleko hezitzailea

«Bizitza erdigunean jartzea da kapitalaren ereduaren aurkaria»

Euskal Herrian dabil aste honetan Silvia Adoue irakasle argentinarra, EHUko Amerika Latina Parte Hartuz taldeak antolatu dituen jardunaldietan hizlari, Latinoamerikako egoera hizpide hartuta.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2019ko azaroak 28

Silvia Adoue (Buenos Aires, 1957) irakaslea Brasilen bizi da 1982tik. Latinoamerikako egoera ondo ezagutzen du, eta gaur Bilbon ariko da hizlari, EHUko Amerika Latina Parte Hartuz taldeak antolatutako Eskuin muturraren gorakada Latinoamerikan jardunaldietan (19:00etan, unibertsitatean). Donostian eta Leioan ere eman ditu hitzaldiak asteon.

Jardunaldiaren izenburuak ez du ezer onik iradokitzen.

Beldurra eragiten du, ezta? Eguneroko egoera da Latinoamerikan, eta oinarrian daude iraultzaren aurkako mugimendu iraunkorrak, iraultzaren aurkako mugimendu prebentiboekin nahasian. Gure lurraldeak kapitalaren metaketa globalaren ereduan txertatu nahi dituzte. Kolonialismoa eredu menderatzailea izan da beti, eta 1492an hasi zen, Amerika aurkitu zutenean. Orain, integrazio modu estuagoa etorri da herrialdeetako ekonomiaren eta mundu mailako ekonomia kapitalistaren artean. Mendeko kapitalismoa darabilte orain.

Ekoizpen eredua aldatu da?

Bai. Latinoamerikako ekoizpen eredua esklabista zen, eta orain kapitalista bilakatu da. Metaketa dago, baina Latinoamerikaren barruan. Mendekotasun eredu hauen atzean mundu mailako kapitalaren pilaketa dago, eta ordenak etenik izan ez dezan, aldez aurreko errepresio prebentiboa behar dute, erresistentziak kentzeko Latinoamerikatik.

Kapitalaren aldeko interes lokalekin bat eginda dabil mundu mailakoa, hortaz.

Bai. Beharrezkoa du integrazio prozesu horretan, eta ez naiz ari interes nazionalez. Mundu mailako mugimendua da kapitalaren metaketa hau, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Kate bat da, 400 eta 500 enpresa edo inbertsio funts daude katearen puntan, eta inoiz ez dute arriskurik hartzen. Katebegiak ditu kateak, eta horiek arduratzen dira lurraldeetatik balioa ateratzeaz. Bertako ekoizleak esplotatzen dituzte horretarako, eta ez bakarrik gizakiak, baita natura bera ere. Ahal dutena erauzten dute. Gizakien kasuan, gure berezko bizi energia eraldatzen dute lanerako. Gizakia hori baino gehiago da, ez gara langileak eta kontsumitzaileak bakarrik. Gainera, gure bizitzak iraungitze data dauka. Bizitza sortzen dugu gizakiok, eta, gure denbora sormenerako erabiltzen ez bada, esplotaziorako energia bilakatzen dute. Musu truk sortzen dugu bizitza, baina horri ere balioa jartzen dio kapitalaren produkzio sistemak.

Nola lortzen dute erauzitako lurraldeetan gizartea geldiaraztea?

Ekintza azkarrak behar izaten dituzte herritarrak ez antolatzeko erauzketa horien aurka. Hor sartzen da eskuin muturra eta eskuinaren indarra, aurreko guztia birrintzeko, eta lan zikin hori egiteko baliagarri zaio sistema kapitalistari. Gero, behar ez dituztenean, paretik kentzen dituzte, eta Brasilen gertu egon daiteke Bolsonaroren agintea. Eskuin muturrak ez daude sistema ekonomikoaren buruan, baina sistema honek erabili egiten ditu. Legezko markoak ez dio balio sistemari orain, eta hautsi egiten du. Brasilen kasuan, Amazoniako suteak daude, nahita eragindakoak eta gobernuak hauspotuak. Kapitalaren sistema dago atzean, negozioa egiteko lurrak eskuratzeko, berez ez direnean.

Hauteskundeetan, ordea, babes handia izaten ari dira.

Bozen bidez bistaratzen den demokrazia formal horrek gehiengoaren interesak ordezkatzen ditu benetan? Begira, Latinoamerikako gobernu aurrerakoi guztiek ez zituzten bete aurrez agindutakoak: kischnertarrek Argentinan, Langileen Alderdiak Brasilen, Correak Ekuadorren... Macrik Argentinan hauteskundeak irabazten zituen bitartean, Brasilen Langileen Alderdia boteretik kentzeko kolpea jo zuten Parlamentuan, eta prozesu judizialak egin, legearen logikatik erabat kanpo. Lula atxilotu egin zuten, herrialdeko legedia guztiaren aurka eta, gainera, proba sendorik gabe, hauteskundeetan parte ez hartzeko eta kanpainan ez azaltzeko.

Zer ez zuen bete agindutakotik Alderdien Langileak?

Herriarengandik urrundu egin zen, indar guztia botere instituzionalean eta hauteskundeetan jarriz, eta utzi egin zituen gizarteko borrokei lotuta egoteko saialdi guztiak. Beste eragile bat ere egon zen: 90eko hamarkadako krisiak aldatu egin zuen langile klasea, hautsi, eta batasun gaitasuna galdu zuen. Langileen Alderdia brotxa eskuan baina eskailerarik gabe geratu zen, gizarteko borrokara lotzen zuen ezer gabe.

Latinoamerika guztian antzera ari da jokatzen sistema kapitalista?

Ezberdintasunak daude, baina oinarrizko nahia bera da. Balioa erauzten ari den ekoizpen kateak lehengai ekoizleak behar ditu, eta gehiago esango dut: gobernuak elkarren arteko lehian ari dira zeinek jaitsi galtzak lehendabizi kate horren aurrean, aurrena iristen denak onura handiagoak izango dituelako. Burgesia lokalak, lurraldean presente dauden interes ekonomikoak, nazioaz gaindikoak ere izan daitezkeenak, gobernuak estutzen ari dira, katearen aurrean otzan izateko, negozioak azkar egiteko.

Onura ekonomikoa ez da bidaide ona herrialdeentzat?

Ez. Petrolioa, soja eta beste edozer esportatzen segitzea, eta etekinekin herrialdea industrializatu eta independentzia lortuko dela pentsatzea ideia okerra da. Zenbat eta gehiago sakondu eredu esportatzailean, haiekiko mendekotasuna gero eta handiagoa izango da. Elikagai subiranotasunak emango digu autonomia politikoa. Pentsatu Euskal Herrian zer eragin izango lukeen horrek. Ematen du elikadura krisi handi batera goazela munduan, eta katez osaturiko errealitate ekonomiko honetan, nahita eragindako krisi hori tresna eraginkorra izan daiteke boterearentzat lurraldeak kontrolatzeko. Mugimendu sozialetan subiranotasun hori lortzen dutenak izango dira erreferente.

Hainbat adituk diote sistema kapitalistak amaiera gertu duela. Zer diozu zuk?

«Sozialismoa edo basakeria, zortea badugu», dio autore batek, eta etor daitekeenak ez du zertan hobea izan. Esplotazio mota honek erauzketa du bereizgarri, kapitalaren mugikortasuna azkartuz, eta migrazioak sustatuz gerren bidez. Migrazioa modu bat da esplotazioarentzat eskulana lortzeko. Langilea bere taldetik aldenduta, kulturalki urrun haren tokitik, esplotaziorako tresna da. Baina aurrez aurre gu gaude, eta, batez ere, emakumezkoak.

Nola egiten zaio aurre horri?

Bizitza sortzaile garen emakumezkoak beti ari gara bizitza erdigunean nola jarri pentsatzen, eta soldatapean gaudenean ere horretan pentsatzen aritzen gara. Soldaten jaitsierak, modu batean, askatu egin gaitu emakumezkoak patriarkatuaren soldata sistematik. Lurralde indigenak soldataren ekonomiatik ihes egiten ari dira, eta sustrai bat dago iraganekoa, baina etorkizunekoa dena: komuna, denona dena. Herri indigenak komunaren esanahi berezia daukate, sozialismo praktikoa izendatua izan dena, eta horrekin sorburua izan daitezke bizitzaren beste antolakuntza bat eragiteko, bizitza bera eta bizitza sortzea bera erdigunean jarriz, dirua-merkantzia-dirua sistemaren ordez. Kapital gehitze honen aurkaria da bizitza erdigunean jartzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Melillako hesiak marraztak izan ohi ditu goialdean, Marokok kontrolatzen duen aldean. ©MARIA TRASPADERNE / EFE

Itsasoak ere baditu mugak

Jone Arruabarrena

Burdinazko hesi batek inguratzen du Melilla; mendietatik hasi eta itsasoraino hedatzen da. Herritar batzuek ihesi datozen migranteei laguntzen diete.
AEBetako jatorrizko herrien protesta bat, artxiboko irudi batean. ©E. GARCIA / EFE

Ezin eska indigenei besteek ezin dutena

Urtzi Urrutikoetxea

Erreserbak lurralde subiranoak izanik, abortatzeko debekutik kanpo daudela iradoki dute, baina asko uzkur daude. Begiradak oraintxe bideratu dira jatorrizko herrietara, baina gogoratu ere ez dira egin haietaz hamarkadotan utzikeria sufritu dutenean.
Serko Kaniwar da Zarok TV telebista kateko aurkezleetako bat. ©BERRIA

Haurrentzako telebista kate batek bizirik eusten dio kurduerari

Lara Villalon

Zarok TV kateak emititzen jarraitzen du, Ankarak aginduta itxi zuten arren. Kurdueraren dialekto guztietan ematen ditu saioak, eta helduek ere ikusten dute, hizkuntza ikasteko.
Polizia operazioaren kontrako manifestazio bat. ©BERRIA

Erdoganek prentsa librea isilarazi du

Orsola Casagrande

Iragan ekainaren 8an polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta: hogei kazetari hartu zituzten atxilo. Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...