Urtzi Urrutikoetxea. Kazetaria eta idazlea

«Leku estrategikoa da Kurdistan, eta hori da haien madarikazioa»

Kurdistan «liztor habia berezi eta korapilatsua» da, eta, hango gatazka ulertarazi nahian, liburu bat idatzi du Urtzi Urrutikoetxeak: 'Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean'. «Utopia» ezagutzeko bide bat ere bada.

BERRIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kurdistanen inguruan ezer gutxi dakienak nazio konplexu horren eta hango gatazkaren berri izateko «tresna» bat sortu du Urtzi Urrutikoetxea kazetariak (Bilbo, 1977). Zerbait gehiago dakienarentzat ere baliagarria izan daiteke Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean liburua. Berria dendan salgai dago, 17,5 euroan.

Munduko txoko ugaritan ibili zara kazetari, baina Kurdistani eskaini diozu liburu hau. Zergatik?

Bai pertsonalki, bai kazetari moduan, niretzat oso leku berezia da Kurdistan. Freelance izateak aukera eman dit kazetaritza lanak munduko txoko askotatik egiteko; oraintxe bertan, [Ameriketako] Estatu Batuetatik. Kurdistanen berri ere askotan eman dut. Azken urteek frogatu dute zer herri berezia den: gurea baino askoz handiagoa, eta, geopolitikoki, oso liztor habia berezi eta korapilatsua. Ekialde Hurbilaren historiak, presio etnikoak, erlijiosoak, estatuenak, munduko potentzienak... denek egiten dute bat hor. Hala ere, jakin izan dute oso herri progresista eta eredugarria izaten.

Kurdistanen kokapenak berak sorrarazi al du hango gatazka politikoa?

Ez dakit sorrarazi duen, baina erabat baldintzatu du. Gaur egun menperatzen duten lau estatuek eta mundu zabalak interesak dituzte han, eta horien ondoriozkoak dira borrokak. XXI. mendean ere oso leku estrategikoa da oraindik, Eurasiako eta Afrikako pasabidean dagoelako eta herrialde batzuen [Iraken, Iranen, Turkiaren eta Siriaren] marrek hortxe egiten dutelako topo. Horrez gain, petrolioa dago, eta ura. Garrantzia handia du, eta sekulakoa izango du etorkizunean. Anatolia, Kaukaso eta Zagros inguruko mendietan daude ur erreserba garrantzitsuenetakoak. Azkenaldian ere ikusi dugu nolako eragina duten Eufrates eta Tigris ibaietan Turkiak egin dituen urtegiek. Beraz, leku estrategikoa da Kurdistan, eta hori da haien madarikazioa.

Ameriketako Estatu Batuak krokodiloekin alderatzen ditu Hego Kurdistango zure lagun batek, liburuan azaltzen denez.

Euskal Herriko eta Europako goxotasunean, joera dago ia-ia futbol partida bat balira bezala aztertzeko munduko gertaerak. «Ni talde baten edo bestearen aldekoa naiz». Baina gauzak zailagoak dira. Une batean, batzuen jarrera ulergarria egin ahal zaizu, eta beste batzuetan, ez. Estatu Batuen zinismoa ulergarria da neurri batean: Estatu Batuek ez dute lagunik, interesak baino ez dituzte nazioartean. Kurduek hori oso onartuta daukate, eta badakite unean uneko hitz gozoetatik harago beren alde ager litezkeen estatuek benetan ez dutela elkartasunez egiten, edo ez dutela aparteko interesik beren alde egiteko.

Hortik dator «kurdu zintzoen eta gaiztoen» arteko bereizketa?

1990eko hamarkadan egindako Good kurds, bad kurds izeneko dokumentalak ondo azaldu zuen. Garai hartan, Saddam Hussein [Irakeko presidentea] bihurtu zen munduko etsai nagusia, eta hark zapaldutako kurduak ziren zintzoak mundura begira. Handik kilometro gutxira, NATOko [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko] kide batek, Turkiak, hainbat kurdu zapaltzen zituen, eta horiek, aldiz, gaiztoak ziren. Dena dela, nazioartearen presioek ez diete inolako zilegitasunik kentzen eskubide nazionalen defentsan kalera protestan ateratzen diren guztiei. Itotzen ari zarenean, nork erreskatatuko zaituen begiratzen duzu. Lehenengo, noski, zeure buruak askatu behar zaitu, baina, era berean, onartu egiten duzu kanpotik datorren horren laguntza.

Lau zatitan dago banatuta Kurdistan. Zertan bereizten dira?

Batetik, Ekialdeko Kurdistan dago, Iranen menpekoa, eta, bestetik, beste hiru zatiak daude, Otomandar Inperioaren menpe izandakoak, eta gaur egun Turkia, Irak eta Siriaren artean banatuak. Turkia izan da inguruko estaturik modernoena eta laikoena, Frantziaren kopia kaskar bat egin nahian. Horregatik, era berean, hizkuntza bakarreko estatu bat osatu zuten. Kontraesan horiekin guztiekin sortu zuten mugimendu kurdua, 1970eko hamarkadan, giro ezkertiar iraultzaile batean.

Ordura arteko mugimendu kurdu abertzalearen ideiak gainditu zituzten Ipar Kurdistandik etorritakoek, eta hortik dator emakumeak ahaldundu beharra. Ulertu zuten Turkiaren aurka ez ezik beren baitan dauzkaten egitura patriarkalen aurka ere borrokatu behar zutela.

Feminismoak Kurdistanen daukan indarra nabarmen igartzen da liburuan.

Aspalditik ari dira mugimendu kurduan eta gerrilletan ariketa hori egiten, eta desikasiz gauza berri bat garatzen. Rojavako [Siriaren menpeko Kurdistan] iraultzak eremu guztietara eraman zuen emakumeen ahalduntzea, eta, askotan, mundu zibileko tradizioei aurre egin behar izan zieten.

Gainera, parez pare ikusi genituen jihadisten planteamendu itxi eta hiltzailea, eta Rojavakoa, guztiz askatzailea. Eremu guztietan argi dute botere banaketak derrigorrezkoa behar duela izan. Agintean beti egon behar du gizonezko batek eta emakumezko batek. Detaile txikienetan ere desikaste eta berrikaste ariketa bat egin dute, bai gizonek, bai emakumeek.

Rojava utopiaren sinonimoa da?

Rojavan estatu multietniko bat proposatu dute, [Siriako] erregimenak zeukan arabiar nortasun irmo eta mugiezin horren aurrean. Badakite gaur-gaurkoz ezinezkoa dela independentzia edo mugen aldaketarik planteatzea Ekialde Hurbilean, baina bai estatu horretan dauden komunitate guztiak onartuko dituen eredu bat proposatzea. Era berean, ikusi zuten oposizioa oso bizkor lerratu zela islamismo sutsu baterantz, eta ez zuten onartu. Horren aurrean, hirugarren bide interesgarri bat planteatu zuten, Abdullah Ocalanek [PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzaileak] garatutako ideietatik edanez.

Utopikoak al dira ideia horiek?

Askori oso utopikoak iruditzen zitzaizkigun: estatu independente bat sortu beharrean, behetik gorako proiektu eraldatzaile oso munizipalista bat lantzea proiektatu zuten. Egia da Siriako gerrak horretarako abagunea eman ziela, Baxar al-Assadek armada erretiratu zuelako Kurdistango herrietatik, eta ordura arte debekatuta zeuden elementu guztiak txertatu zituzten: besteak beste, kurduerazko eskola eta argitalpenak. Horrek berekin dakar utopia hori piztea, loratzea, eta hamar urte bete dituen proiektu hori garatu ahal izatea, oso baldintza zailetan. Ahal izan duten neurrian lortu dute eustea.

Noiz iritsiko da Newroz, egun berria, Kurdistanera?

Zain egon gabe, argi ikusi dute egun berri hori beraiek eraiki behar dutela. Ez dira horren zain egongo, eta, bitartean, antolatuta egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.