Malena Cavo. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Ametsa biribiltzea litzateke hona etorri eta txapeldun izatea»

Bera Berak nahikoa du azken lau partidetan hiru puntu batzea txapeldun izateko. Gaur, urrats ia erabakigarria egin dezake Gijonen (19:00). «Oso aldeko dugu, baina partidaz partida joan behar dugu», dio Cavok.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Oso gazte zeharkatu du putzua Malena Cavok (Castelar, Argentina, 1999), baina «aspaldiko ametsa» zuen Europan aritzea. «Aurrerapauso bat eman nahi nuen nire kirol ibilbidean». «Oso gustura» dago hirian eta taldean. Klubean oso pozik daude harekin ere. Horregatik, beste urtebeterako luzatu du kontratua. «Baina» bakarra jarri dio haren egonaldiari: «Sekulako herrimina dut».

Lau jardunaldiren faltan, bost puntu ateratzen dizkiozue bigarren sailkatuari, Guardesi, eta gol alde hobea duzue ere. Esku-eskura duzue liga irabaztea.

Bai, aldeko dugu, baina partidaz partida joan behar dugu. Horrela joan gara orain arte, eta horrela segitu behar dugu. Guztiak irabazten saiatuko gara.

Gaur urrats ia erabakigarria egin dezakezue, Gijonen irabazita. Zer itxura hartzen diozu lehiari? Multzoko azkena da, eta etxean oso erraz irabazi zenioten: 37-22.

Ziur nago bere pistan jokatuta, koska bat egingo duela gora. Horregatik, erne egon behar dugu. Adi aritu behar dugu, orain arte egin dugun bezala. Horri esker lortu dugu abantaila eder hau.

Hamasei partida irabazi dituzue, eta bi berdindu. Zein da gakoa?

Batetik, defentsa. Oso ondo ari gara lan horretan. Baliabide asko ditugu aurkariaren erasoari aurre egiteko, eta sendo ari gara horietan. Bestetik, jokalari guztiak ari gara oso ondo. Horri esker, entrenatzaileak txandakatzeak egin ditzake partidan, eta taldeak ez du aldaketarik sumatzen; eutsi egiten dio beti, eta ez dago beheraldirik. Horrek atseden hartzeko aukera ere ematen digu, eta denak gaude bete-betean neurketako 60 minutuetan. Horri etekina ateratzen diogu, aldea egiteko.

Taldeak oinarri sendoa du, eta jokalari gehienek denbora asko daramate elkarrekin jokatzen. Horrek ere laguntzen du, ezta?

Izugarri. Horregatik, jokalari berriok saiatzen gara gure ekarpena egiten. Batzen duen guztia ona da.

Osasun egoera kontuan hartuta, zortekoak zarete. Ia ez duzue izan ezbeharrik.

Oso ondo ari gara zaintzen geure burua, eta horrela jarraitu nahi dugu azken txanpa honetan ere. Hilabete erabakigarria hasiko dugu, eta bete-betean egon nahi dugu. Orain arte, zortekoak izan gara, ea horrela jarraitzen dugun.

Gaizki ohitzen ari zarete zaleak: ez duzue galdu ligan. Arriskua dago egiten ari zaretena erraza dela pentsatzeko?

Ez dakit, guk badakigu zaila dela. Presiopean jokatzen dugu, ia guztietan baikara faboritoak. Eta hori eramaten jakin beharra dago. Baina, zorionez, adi-adi ari gara. Denok dugu oso argi pistan egiten dugun guztia taldearen mesederako izan beharra duela.

Lehen denboraldia duzu Bera Beran. Gustura ari zara?

Bai. Oso gustura nago taldean eta hirian. Baina bakarra dut: herrimin handia dut. Asko sumatzen dut faltan familia, are gehiago egoera honetan. Etxetik pistara eta pistatik etxera; horixe baino ez dut egiten. Ikasi ere ez dut egiten; beraz, dezente aspertzen naiz. Zorionez, Manuelarekin bizi naiz [Pizzo, haren herrikidea], eta horrek eramangarriago egiten du dena. Asko lagundu dit iritsi nintzenetik.

Zerbaitek harritu zaitu?

Denak. Alde handia dago Argentinako eskubaloiarekin konparatuta. Dena da profesionalagoa, eta askoz hobea: jokoa, liga, aurkariak, taldea, entrenamenduak... Banekien aldaketa handia izango zela, eta oso zaila izango zela hasieran, are gehiago kontuan hartuta bost hilabete egin nituela etxean sartuta koronabirusaren pandemiagatik. Hala izan zen, eta hasieran asko kostatu zitzaidan. Baina gero eta hobeto ari naiz, eta gero eta konfiantza handiagoa dut neure buruarengan. Oso pozik nago tarte txikian izugarri hobetu dudalako. Horretarako etorri nintzen hona, jokalari hobea izateko, osoagoa, eta zoriontsu nago ikusten baitut ari naizela hori lortzen. Hemen dena dut ikasten eta hobetzen joateko, eta hori egiten segitu nahi dut. Taldekideak, gainera, asko ari zaizkit laguntzen.

Erasoko jokalaria zara batez ere, baina Bera Beran ere defenditu beharra dago; taldearen funtsa da. Horretan duzu gehien hobetzeko?

Bai. Lehen ez nuen batere defenditzen; orain, ordea, pixka bat [barrez]. Baina argi dut osoagoa izateko defentsan hobetu beharra dudala. Horretan ari naiz.

Ametsa ari zara betetzen?

Erabat. Aspaldiko ametsa nuen Europara etortzea eskubaloian jokatzera, eta oso zoriontsu nago amets hori betetzen ari naizelako. Ametsa biribiltzea litzateke txapeldun izatea. Ea hala den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.