Aziza Brahim. Musikaria

«Herri sahararraren askatasun aldarria dut inspirazio nagusia»

Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenaren ahots nagusietakoa bilakatu da Aziza Brahim, 2008an lehenengo diskoa argitaratu zuenetik. Pasai Donibanen ariko da gaur, Sahararen aldeko elkartasun jaialdian

ANA VALIÑO.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Biharko egunez hil zuten, 1976an, El Uali Mustafa Saied. Aziza Brahim (Tinduf, Aljeria, 1976) egun berean jaio zen, errefuxiatu gune batean, amak bonbardaketetatik ihesi basamortua zeharkatu ostean: «Bi ahizpa zaharrenekin eta aitona-amonekin zeharkatu zuen desertua, eta beti kontatzen dit gosea eta egarria pasatu zutela». Aita jaioterrian geratu zen, Mendebaldeko Saharan: «Ez nuen ezagutu, han hil baitzen. Nire bizitzako konturik gogorrena da». SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen buruzagi historikoa gerra frontean hil zuten egunean jaio izanak, kointzidentzia sinbolikotik harago, heroi nazionalaren kemena eman dio musikariari: «Beti izan naiz errebeldea». Gaur Pasai Donibanen (Gipuzkoa) arituko da Oreka TXrekin, Bixi Bixi elkarteak antolatutako jardunaldien harira.

Saharar herriaren ahotsa zara. Musikaren bidez mundu zabalean oihukatzen duzu isilarazitako herri baten drama. Kantua aldarrikapena da zuretzat?

Musika aldarrikapenerako tresna bat da. Hunkitu egiten zaitu, eta abestien bidez modu zuzenean iristen zara pertsonen bihotzera; poza, tristezia, maitasuna edo bestelako emozioak sorrarazten ditu musikak, eta, nire kasuan, sinesten dudan hori aldarrikatzeko baliatzen dut; nire herriaren askatasuna aldarrikatzeko. Nire musika aldarrikapena da, herri sahararraren askatasun aldarria baita nire inspirazio nagusia. Nire bizitza pertsonala bera hartzen dut ardatz, azken batean nire herriaren historia bera islatzen baitu, saharar guztien historia, erresistentziarena, borrokarena, baina bestelako abestiak ere egiten ditut, maitasunaz, naturaz edo egunerokoaz hitz egiten dutenak.

Zure amonaren poemetan oinarritzen dira zure kantetako asko. Zer izan zen zuretzat amona?

Amona bizitzan izan dudan erreferenterik handiena izan da, pertsona gisa, baina baita nire sormen lanean ere: konpromiso hori zor diot. Hari esker naiz poesiaren eta musikaren zalea, eta horrek eragin handia izan du nigan. Amonaren poemak entzuten, buruz ikasten, errezitatzen eta abesten hazi nintzen, eta, are gehiago, niretzako poemak idatzi zituen amonak, nik musikatu nitzan. Pertsona zoragarria zen, eta artista paregabea, ez soilik niretzat, baizik eta nire herriarentzat. Haren legatua oso inportantea da; beraz, babestu egin behar dugu, eta nik musikaren bidez babesten dut.

El Jadra Mint Mabruk, fusilaren poetisa.

Hala deitzen zioten. Konprometitua zegoen gure herriaren borrokarekin. Niri idealekin kontsekuente izaten erakutsi zidan, baita sinesten dudanagatik gezurrik edo mugarik gabe borrokatzen ere. Haren ondarea izugarria da. Gai izan zen gerraren ankertasuna, herri sahararraren sufrimendua eta askatasun aldarrikapena poemetan islatzeko eta, horien bidez, mezu irmo bat zabaldu eta jendea hunkitzeko. Gerra frontean zegoela uste zuten askok, baina errefuxiatu gune batean bizi zen.

2008an argitaratu zenuen lehen diskoa. Ordutik lau argitaratu dituzu. Noizko bosgarrena?

Aurten argitaratuko dugu: Inshallah izena izango du. Mi canto, Mabruk, amonaren poemekin eta haren omenez egindakoa, Soutak eta Abbar el Hamada dira aurreko lau diskoak, eta, espero dut bide beretik jarraitzea, nire herriaren kausa ezagutarazteko modua baita niretzat musika.

Tabal perkusio tresna jotzen duzu, soilik emakume sahararrek jotzen duten tresna bat. Zure ikur bihurtu al da?

Bai. Tabala nire identitatearen parte da. Emakume sahararra naizela aldarrikatzeko modu bat da niretzat, boterea ematen didana. Gure kulturan oso tresna inportantea da, eta tradizioari heltzeko modu bat da; izan ere, nire musika modernoa da, eta, tabala ardatz bada ere, fusioa egiten dut. Afrikako musikariak eta musikari arabiarrak entzuten nituen gaztetan. Kuban izan nintzen ikasten, eta nazioarteko abeslariek ere eragina dute nigan; beraz, nolabait naizen hori guztia uztartzen da nire musikan. Zeharkaldi pertsonal baten emaitza da, errefuxiatu gune batean jaio baina munduan zehar bidaiatu duen pertsona batena.

Txalaparta ere perkusio tresna bat da. Oreka TX taldearekin arituko zara gaurko kontzertuan. Zer da zuretzat haiekin berriz jotzea Nömadak TX proiektuan elkarrekin aritu eta gero?

Pozarren nago berriz ere haiekin jotzeko aukera izateagatik. Lagun handiak dira, pertsona ederrak, eta musikari apartak. Hainbat urtez ibili ginen elkarrekin, eta asko ikasi nuenhaiengandik. Txalapartaren soinuarekin maiteminduta nago, eta sekulako gogoa daukat haiekin berriz jotzeko eta gure doinuak uztartzeko. Uste dut gau ahaztezina izango dela.

Zer-nolako kontzertua izango da?

Ni nire bandarekin arituko naiz. Azken bi diskoetako kantak joko ditugu, eta, hainbat momentutan, elkarrekin arituko gara. Espero dut kontzertu ederra izatea; batez ere, elkartasun ekitaldi bat ere badelako.

Askotan aritu zara Euskal Herrian. Gogoz al zinen itzultzeko?

Irrikan nago. Biziki maite dut Euskal Herria. Aspaldian ez dut jotzen, eta ilusio berezia egiten dit itzultzeak. Beti izan naiz ongi etorria, eta ezin dut ahaztu euskal gizarteak eta euskal erakundeek erabateko konpromisoa dutela gure herriarekin; hortaz, hitz onak baino ez ditut.

Duela hilabete gutxi betoa jarri zizuten Frantzian. Parisen ematekoa zinen kontzertua bertan behera utzi zuten. Frantzia Marokoren aliatu nagusia da. Horren eragina izan al zen?

Bistan da. Maroko aski ondo ezagutzen dugu, eta, kulturak politikari enbarazu egiten dionean, atzean injustizia bat dagoelako egiten dio. Marokok gure aberria okupatu zuen, eta okupazio horri eusteko jazarpena baliatzen jarraitzen du, giza eskubideak urratuz, baita adierazpen askatasuna bera ere. Mundu Arabiarraren Institutuaren Arabofolies jaialdian aritzekoa nintzen, eta presioak egon ziren nire kontzertua debekatzeko. Marokok esku sartzea onartezina da, baina estatuek oinarrizko eskubideak errespetatu beharko lituzkete. Frantzia askatasunaren aterpea izan da, eta ez luke difamazioak liluratu behar; neutrala izan beharko luke.

Noizko kontzertu bat Mendebaldeko Saharan? Aaiunen kontzertu bat ematearekin amesten al duzu?

Ametsik ederrena litzateke. Berrogei urte baino gehiago daramatzagu banatuta, diasporan, errefuxiatuen kanpalekuetan eta lurralde okupatuetan, amets bakar batekin borrokan: erresistentzia baketsuaren bidez egunen batean gure arbasoen aberrira itzultzea. Niretzat, nire lurrean jotzea amets ederrena litzateke; horrek esan nahiko luke libreak garela eta bakea lortu dugula. Inshallah!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.