Koronabirusa

'Hezkuntza plazara' agiria atera dute, hezkuntza indartzea eskatzeko

Neurriak eskatu dituzte hezkuntza komunitateko zenbait ordezkarik. Mobilizatzera deitu dituzte ikastetxeak, abenduaren 1erako

Adierazpena aurkezteko agerraldia, atzo, Gasteizen. BERRIA.
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hezkuntza komunitatea ardatzeanjartzeko aldarria egin dute hezkuntza komunitateko hainbat ordezkarik, COVID-19ak ekarritako egoerak kezkatuta. Hezkuntza plazara izeneko adierazpenean, «minimoak eta urgentziak» bildu dituzte, eta neurriak eskatu. Horien artean daude eskolak auzoan eta naturan emateko aukerak ahalbidetzea, ratioak jaistea, eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste. Bestalde, abenduaren 1eanmobilizatzera deitu ditu ikastetxeak.

Aurtengo ikasturtean administrazioak «utzikeria» izan duela salatu du mugimenduak; aurreko ikasturtearen amaieran eta udan ikusitakoarekin ikasturtea «bestela» has zitekeela uste dute, baina administrazioak ez duela horren alde egin. Bestalde, hezkuntza komunitateak oro har —langileek, ikasleek eta gurasoek— egindako lana eta ahalegina «izugarria» izan dela adierazi dute. Horren aurrean, ordea, instituzioen «planifikaziorik eza» salatu dute, eta, era berean, aurtengo ikasturteko planteamendua hezkuntza komunitateak eta administrazioak elkarrekin egin bazezaketen ere, ez dela hala egin. Gehitu dute gaur egungo egoerak agerian utzi dituela bere arrakalak eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko «zailtasun handiak» daudela.

Horiek horrela, aldarrikapen taula bat plazaratu dute. Haurren eskubideak bermatzea dute helburu, «eskubide osoko» herritarrak diren heinean; hezkuntza eskubide unibertsala eta aukera berdintasuna bermatzea aldarrikatu dute, bai eta jolas librerako, askatasunerako, esperimentaziorako, pentsamendu kritikorako eta abarrerako eskubideak ere.

Horregatik, eskatu dute ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, eskola curriculuma beren beharrizanetara moldatzea, eskolak auzoan eta naturan emateko modua jartzea, eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea. Inklusioa bermatzeko baliabideak ere eskatu dituzte; baita, horrekin batera, zaintza lanak bermatuko dituzten eskolaz kanpoko ekintzak eta gurasoentzako baimen ordainduak ere. Gehitu dute gaur egungo egoerak arriskuan jartzen dituela azken urteetako metodologia aldaketa eta berrikuntzak. Adierazpenean plazaratutako neurriei orain bururatzen zaizkien proposamen gehiago gehitzeko deia egin diete ikastetxeei, eta abenduaren 1ean egin nahi duten mobilizazioan parte hartzeko esan diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.