SATSEk deituta, erizainek greba egin dute Nafarroan, «lan baldintzek akituta»

Nafarroako Gobernuaren arabera, goizeko txandan erantzuna %5ekoa izan da. Gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla kritikatu dute

Atzo Nafarroako Ospitalean egindako elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Osasun arloan zein esparru orotan, greba deialdia kudeaketa administratiboaren porrotaren isla bat da». Nafarroan grebara deitu zituen atzo SATSE sindikatuak Osasunbideko 4.000 erizain eta fisioterapeuta. SATSEko ordezkariek adierazi zuten «nazkatuta eta akituta» daudela lan karga handiagatik eta lan baldintzengatik. Grebaren erantzunaren daturik ez zuten eman. Nafarroako Gobernuak adierazi zuen goizeko txandan Osasunbideko langileen %5ek egin zutela greba. Dena den, SATSEk irmo salatu zuen gutxieneko zerbitzuak «gehiegikoak» izan direla.

Nafarroan, urak nahasita daude osasungintzan. Lehenik, Sindikatu Medikoak deitu zuen grebara. Gobernuak sindikatu horrekin negoziazio mahai berezitu bat sortu eta akordio bat lortu zuenean geratu zen bertan behera greba hori. Dena den, Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko eta Osasunbideko Intersindikalaren elkarrizketarako bi gune ofizialei izkin egin behar izan zien gobernuak, eta horregatik funtzio publikoko sindikatu nagusiek greba egin zuten otsailaren 15ean, eta martxoaren 23rako Osasunbideko Intersindikaleko LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk beste lanuzte batera deitu dute.

Bi deialdi horiekin ez du bat egin SATSEk. Bere bidea jarraitu nahi izan du. Erizainek eta fisioterapeutek osasun etxeen eta ospitaleen aurrean kontzentrazioak egin zituzten 11:00etan. Vianako Printzea espezialitateen zentroan egindako kontzentrazioan, SATSEko Idoia Valenciak azaldu zuen ospitaleetako planten egoerari buruzko datu batzuk zituztela eta «ebakuntza gelaren bat» gelditu zela. «Gutxieneko zerbitzuetan ari gara lanean, baina datu ofizialik ez dugu», erantzun zuen.

Nafarroako Gobernuaren arabera, goizeko txandako 1.749 langileetatik 90ek utzi zioten lanera joateari. Datu ofizialean arabera, %5,15eko oihartzuna izan du grebak. Ospitaleetan txikiagoa (%2,07koa) izan zen erantzuna. eta lehen arretan, handiagoa (%11,03koa).

Dena den, SATSEren arabera, Nafarroako Gobernuak jarritako gutxieneko zerbitzuek «galarazi dute profesional askok greba egin ahal izatea». «Jabetzen gara administrazioa zerbitzuak eta osasun etxeak indartu dituela, eta galarazten ari zaie erizainei eta fisioterapeutei kartelak jarri ahal izatea euren lantokietan».

Errespetu eske

Euren aldarrikapenen aurrean, Nafarroako Gobernuak «gutxietsi» egin dituela salatu zuen Valenciak. «Hauek dira ondorioak». Haren esanetan, negoziazioaren epeak bete dituzte, baina administrazioak ez du bere lana egin. «Jarraituko dugu presio egiten, 4.000 erizainen eta fisioterapeuten lanari balioa eman arte».

Valenciak azpimarratu zuenez, lan zama handia jasaten ari dira osasuneko profesionalak, «batez ere lehen arretan», eta horri gehitu behar zaio osasun sistema osoan «egiturazko alderatze iraingarriak» daudela.

Aldarrikapenei dagokienez, salatu zuen pandemiaren aurretik ere urte askoan ez dela egin erizainen aldeko apusturik, eta lan baldintzetan islatuko den errespetu bat aldarrikatu dute. «Tira egin dute etengabe profesionalei exijituz, baina aldi berean eskubideak murriztuz. Nekatuta gaude. Aski da», gaitzetsi du Valenciak.

Besteak beste, eskatzen dute bizitza pertsonalarekin uztartzeko baimenak ematea langileei, gaixo baimena hartzen duten langile guztiak ordezkatzea, erizainen ratio «egokia» egotea, zerbitzuen arabera langileria indartzea, lehen arretan «edozer gauzatarako erreminta izateari uztea», osasungintzan aritzen diren sektore guztien soldata osagarriak parekatzea eta borondatez erretiro aurreratua hartu ahal izatea erraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.