Diru laguntzetan, onuradun nagusiak

AVT eta Covite biktimen elkarteek jasotzen dituzte diru laguntza handienak erakundeetatik. Espainiako Gobernuak ez ezik, tokiko gobernuek ere ematen dizkiete diru laguntzak biktimen elkarteei.

Edurne Begiristain.
2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren arabera, 6.045 pertsona dira «terrorismoaren biktima» Espainian, etahoriek jasotzen dituzte gobernuak ematen dituen diru laguntzak. Laguntza horiek jasotzen dituzte, halaber, «terrorismoak» zeharka kalte eginiko 8.000 lagun inguruk: atentatu batean senitartekoren bat galdu dutelako, edo atentaturen bat ikusi ondoren laguntza psikologikoa behar izan dutelako. Diru laguntzak jasotzen dituzten biktima horien artean, baina, ez daude GALen eta bestelako talde batzuen 46 biktima, duela urtebete eta erdi utzi zion Barne Ministerioak hainbat biktima diruz laguntzeari «ETAren inguruarekin» lotura zutela argudiatuta.

Gobernuaren diru laguntzen onuradunen artean biktimen elkarteak ere badaude. Elkarte askok euren tokiko gobernuetatik ere dirua jasotzen dute, eta baita beste administrazioetatik ere. Nolanahi ere, elkarteek ez dute jasotzen duten diru laguntza guztiei buruzko benetako daturik ematen, eta Espainiako Gobernuak ere ez du argibide askorik ematen laguntzen banaketari buruz.

Joan den urteko datuei erreparatuta, 880.000 euroko diru laguntza eman zuen Barne Ministerioak «terrorismoaren» biktimen elkarteentzat; 2013ko kopuru bera. Diru laguntzen onuradun nagusiak hiru elkarte izan ziren: AVT elkartea (242.823 euro), Martxoak 11 elkartea (170.016) eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioa (80.000).

Eusko Jaurlaritzak, berriz, 260.000 euro bideratu zituenjoan den urtean «terrorismoaren biktimak» laguntzen dituzten edo arreta eskaintzen dieten erakunde eta elkarteen artean banatzeko. Azken bi urteetako deialdietako kopuru bera da hori.Orotara, hemezortzi dira laguntza horiek jaso dituzten elkarte, erakunde eta fundazioak. 2013ko deialdiarekin alderatuta, bada berritasunik iazko laguntzetan: AVT elkartea onuradunen artean dagoela, hain zuzen. Izan ere, talde horrek eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak uko egin zieten iaz diru laguntzak jasotzeari, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren izendapena «iraingarria» zelakoan biktimentzat. Azkenengo diru laguntzen deialdirako, ordea, izena eman zuten.

Jaurlaritzaren diru laguntzen zati handiena Covite elkarteak jaso du (32.773 euro), eta gainerako elkarteak datoz gero: Ertzainen eta Familiartekoen Terrorismoaren Biktimen Elkartea (24.717), Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkartea (17.000), Galiziakoa (8.000), Errioxakoa (10.000), Andaluziakoa (17.000), Valentziakoa (12.000), AVT (15.850), Fundazio Kanonikoa (18.000), Zaitu (20.000), Estatuko Segurtasun Indarren Biktimen Elkartea (12.000) eta Buesa Fundazioa (5.036).

Baina ez dira hor amaitzen «terrorismoaren» biktimen elkarteei Jaurlaritzak bideratutako diru laguntzak. Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan bada 150.000 euro inguruko beste diru sail bat itzuli beharrik gabekoa. Gainera, beste bi diru sail gehigarri daude biktimen elkarteentzat: 54.000 euroko bat Terrorismoaren Biktimen Fundazioarentzat, eta 32.800 euroko beste bat Buesa Fundazioarentzat.

Nafarroako Gobernuak, berriz, 265.000 euroko diru laguntzak banatu zituen iaz terrorismoaren hamar biktima elkarteren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.