EAJrentzat, Madrilekin duen harremana ez dago «garai onean»

Estebanen iritziz, Urkullu presidenteen bilerara joateak «ez du zentzurik» kontzertu ekonomikorako batzorde mistoa biltzen ez den bitartean

Batzorde mistoaren azken bilera martxoaren 11n egin zuten, Madrilen. Argazkian, Pedro Azpiazu eta Josu Erkoreka Jaurlaritzakoak. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Madrilek jarraitzen du kontzertu ekonomikoaren batzordea mistora deitu gabe, eta horrek EAJko buruzagiak haserretu ditu. Batzordea martxoaren 11n bildu zen azken aldiz, eta bi aldeek, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, konpromisoa hartu zuten urteko aurreneko seihilekoa amaitu baino lehen berriro batzartzeko, jeltzaleen esanetan. Behin epe hori igarota, Jaurlaritzak «berehala» deitu dezala eskatu zion Madrili lehengo astean, iruditzen baitzaio adostu behar dela COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko zenbateraino zorpetu ahal izango den, eta zenbateko defizita edukiko duen. Baina Aitor Estebanek atzo adierazi zuenez, aurreko asteko eskaerak gorabehera, azken egunetan ez da bi aldeen arteko kontakturik egon horretarako. EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak uste du, horrenbestez, Iñigo Urkullu lehendakaria ez dela joango Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ostiralerako deitu duen Espainiako Erresumako autonomietako presidenteen konferentziara. Estebanek ohartarazi zuen Madrilekin duen harremana ez dagoela «garai onean», eta batzorde mistora «lehenbailehen» deitzeko eskatu zuen. «Hori ez egitea axolagabekeria bat da euskal herritarrei gertatuko zaienari dagokienez».

Donemiliaga Kukulan (Espainia) egitekoa den aurrez aurreko bileran, osasun krisiaren eragin ekonomikoak eta sozialak aztertuko dituzte, eta, Moncloako iturriek joan den astean azpimarratu zutenez, EB Europako Batasunak onartutako suspertze funtsa ere gai zerrendan egongo da —140.000 milioi euro da jasotzekoa Espainiako Gobernua—. Onda Vasca irratian atzo egin zioten elkarrizketan Estebanek esan zuenez, «ez du zentzu handirik» Urkullu «esparru kolektiboko» bilera batera deitzeak, «aldebiko harremana errespetatzen ez bada».

Estebanek pentsatzen du, gainera, ez dela funts horren banaketari buruzko erabakirik hartuko bilera horretan, «ezin delako». Nabarmendu zuenez, dirua ez da banatuko autonomia bakoitzak duen biztanle kopuruaren edo BPG barne produktu gordinaren arabera, baizik eta «proiektu jakinak» hartuko dira kontuan. Horiek EBk markatutako «azpiegiturazko eremuetara egokituta» egon beharko dute, EAJko ordezkariaren hitzetan. «Gobernuak ez du planteamendurik egin. Beraz, zer demontretarako da ostiraleko konferentzia?».

Autonomietako presidenteek alarma egoeran Sanchezekin egindako bilera telematikoak—hamalau izan ziren guztira—«erabat etsigarriak» izan zirela uste du Estebanek, eta Espainiako presidentea kritikatu du: «Sanchezek erabakiak hartzen zituen konferentzia hasi aurretik, eta gero bilera sorta egiten zuen».

Jaurlaritzarako negoziazioez

Jeltzaleek Kongresuan duten bozeramaileari galdetu zioten ea abaguneak eragingo ote dien EAJ eta PSE-EE Jaurlaritzako gobernabiderako hasitako negoziazioei. Iruditzen zaio horiek «dinamika propioa» edukiko dutela, baina nabarmendu zuen PSE-EEk «lehen interesatua» izan beharko lukeela auzian, sailburuek «jakin beharko dutelako zer aurrekontu edukiko duten». Batzorde mistoa berriro biltzen ez den bitartean, EAJk ez du negoziatuko PSOErekin Espainiako Gobernuaren aurrekontuez, Estebanekgehitu zuenez.

Miren Gorrotxategi EP Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiaren iritziz, Urkulluk bilerara joan beharko luke, «eraikitzeko garaia baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.