Gipuzkoako zahar etxeetan greba egin dute aldundiari inplika dadila eskatzeko

ELAk eta LABek gaurko ere grebara deitu dute, baita hilaren 14rako eta 15erako ere. Protesta gisa, LABek Donostiako sarbide bat itxi du

LAB errepidea mozten, atzo. LAB SINDIKATUA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako zahar etxeetako langileak greban daude oraindik ere: ELAk deitutako 259. greba eguna izan zen atzokoa, eta horietako batzuetan LABek ere bat egin du: esaterako, atzo. Gaurko eta hilaren 14rako eta 15erako ere greba deialdiak eginak dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zaizkio bi sindikatuak: negoziazioa bideratzeko, inplikatzeko eskatu diote.

ELAk eta LABek elkarrekin egin dute protesta, Donostiako Txara II eraikinaren aurrean. Izan ere, foru aldundiak bilerara deitu ditu sindikatuak bertan. ELAk adierazi duenez, egoitzetarako Liburu Berdea plana aurkeztu diete. Kritiko agertu da sindikatua: «Enpresek zaintza sektorean negozioa egiten jarraitu ahal izateko aldundiak erabiltzen duen zuriketa bat da». «Propagandarekin» egungo egoera «makurra» ezkutatu nahi izatea egotzi diote.

Baldintza hobeen eskean

Egoera hori iraultzea «borondatearen» araberakoa dela iruditzen zaie. ELAk argi du zein den bidea: langileen baldintzak hobetzea eta langile gehiago hartzea. Horretarako, gaur eta hilaren 14an eta 15ean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, «egoiliarrak eta langileak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publifikatu baten alde egiteko».

LABek, bere aldetik, beste protesta bat ere egin du: Donostiara Amaratik sartzeko errepidea itxi du. Ekintzak izan du sinbolikotik: «Errepidea blokeatu dugu, negoziazioa bera blokeatuta dagoela salatzeko».

Izan ere, azaldu dutenez, negoziatzeko prest dago sindikatua, eta saiatu dira negoziazio mahaia aktibatzen ere, baina patronalari ez diote asmorik ikusten «sektorearen egoerari dagokion irtenbide duin bat» emateko.

Horiek horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen «erantzukizuna» nabarmendu du LABek: «Haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausoak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea». «Proposamen errealak» galdegin dizkiote, hots, «borondateetatik» harago joatea. «Herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.