Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2021-2024 aldirako Boluntariotza Estrategiaren ildo nagusiak aurkeztu zituen atzo, Gasteizen. Estrategia berriak «gizarte ahaldundu eta parte hartzaile bat» sustatuko duela esan zuen. Horrez gain, Amilibiak aurreratu zuen abenduaren 5ean egingo dutela aurtengo boluntariotza eguna: «Egun oso berezia da EAEko Boluntariotza Estrategiaren ildo nagusiak ezagutarazteko».
Gobernu batzuek «gizarte desmobilizatuak, lo daudenak, ekintza soziopolitikotik urruntzen dituen lozorroan murgilduta daudenak» nahiago dituztela aipatu zuen Amilibiak. «Eusko Jaurlaritzak kontrako iritzia du, erabat», azpimarratu zuen. «Gizarte aktibo bat nahi dugu, esna dagoena, mobilizatua, merezi duten kausekin konpromisoa hartzeko prest dagoena». Sailburuordearen ustez, boluntariotza da «sozialki aktiboa den erkidego bat» bultzatzen duen eragile nagusia, «giharra». Hori dela eta, Gizarte Politiketako Sailak nahi du eragile horrek are indar handiagoa hartzea. «EAEko gizartea ahaldundua eta eraldatzailea izan dadin nahi dugu», nabarmendu zuen Amilibiak.
Xede hori lortzeko, estrategiak lau ildo nagusi proposatzen ditu: ekintza boluntarioen gizarte eta politika intzidentzian gora egitea; boluntariotza eta haren erakundeak sendotzea; parte hartzeko eta elkartasunerako kultura sustatzea, eta boluntariotzaren esparru kontzeptualak eta araudizkoak eguneratzea.
Jaurlaritzak «gizarte ahaldundu eta parte hartzaile bat» sustatuko du
2021-2024 aldirako Boluntariotza Estrategiaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte. Abenduaren 5ean, boluntariotza eguna egingo dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu