Geroa Baik eta EH Bilduk espero dute Saizekin ados jartzea inputazio indizeaz

Ekonomia kontseilaria Uxue Barkosekin batzartuko da etzi, eta Adolfo Araizekin ostiralean, Hitzarmen Ekonomikoaren auzia konpontzeko

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Uxue Barkosekin. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Korapiloa aska daitekeela ematen du. Hitzarmen Ekonomikoaren abenduaren 19ko azken akordioan, Nafarroako eta Espainiako gobernuek erabaki zuten inputazio indizearen zenbatekoa zehazteko ahalmena bien arteko koordinazio batzordearen eskuetan uztea. PSNrentzat legean egindako txikikeria tekniko bat baino ez zena, autogobernuaren aurkako erasotzat jo du Nafarroako Gobernuko beste bazkide nagusiak, Geroa Baik. EH Bilduk bat egin zuen haren irakurketarekin, eta, ikusirik ez zuela babes nahikorik, PSNk erretiratu egin zuen proposamena. Atzo, Geroa Baiko Uxue Barkos baikor azaldu zen akordio bat lortzeko aukerari buruz, eta, zuhurrago azaldu bazen ere, EH Bilduko Adolfo Araizek esan zuen «ados jartzeko aukera» dagoela.

Berez, Elma Saiz etzi bilduko da Geroa Bairen ordezkaritzarekin, eta ostiralean EH Bildurekin. Navarra Sumarekin ere harremanetan jarri da Ekonomia eta Ogasun Departamentua, baina Carlos Perez Nievas eskuineko koalizioko ordezkariak ez zuen zehaztu noiz bilduko diren. Ez zuen argitu elkarrizketa horretan beren posizioa zein izango den.

Akordioaren letra txikia

Abenduaren 23an azaleratu zen arazoa. Egun batzuk lehenago, Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko akordioa erdietsi zuten Madrilek eta Iruñeak. 1990ean legea aurrera atera zenetik, seigarren aldaketa zen hura. Akordioaren arabera, Nafarroak bere gain hartuko zituen Tobin tasa, Google tasa eta merkataritza elektronikoko BEZaren bilketak; gainera, finantza arloan, BEZaren bilketa doitzeko formula berritu zuten. Parlamentuko talde guztiak ados zeuden edukiarekin, baina legeari beste hainbat aldaketa egiteko baliatu zuten bi gobernuek, eta letra txikia irakurtzean piztu zen ekaitz politikoa.

Batetik, bi gobernuen arteko koordinazio batzordearen eskumenak zerrendatzen ditu 67. artikuluak, eta horien artean nagusietako bat ekarpenaren kalkulua hitzartzea da. Aipamen horri aldaketatxo bat gehitu zioten: «Ekarpenaren kalkulurako aldagai bat gehiago da inputazio indizea». Gainera, lehen xedapen iragankorra kendu zuten. Xedapen horretan, zehazten da 2005-2009ko epeko ekarpenaren kalkulurako inputazio indizea %1,6koa zela —legean hitzez hitz ehuneko hori aipatzen den aldi bakarra da—.

Elma Saizen arabera, aldaketa teknikoak baino ez dira: 67. artikuluan gehitutakoa «zehaztapen tekniko hutsa» da, eta xedapen iragankorra kendu egin dute «soilik 2005-2009 urteei» egiten dielako aipamen.

Geroa Bai eta EH Bildu ez datoz bat irakurketa horrekin, inputazio indizeak balio politiko berezia duelako. 1990ean, estatuko aurrekontuetatik bere gain hartu gabeko zerbitzuen %1,6 ordaintzea aukeratu zen —Kontzertu Ekonomikoak, berriz, %6,24koa ezarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat—. Ehuneko hori errentaren arabera markatu zen, eta ez biztanle kopuruaren arabera. Ordutik, ehuneko hori ez da inoiz aldatu negoziazioetan. Horregatik, Geroa Baik eta EH Bilduk ez dute ulertzen zergatik den beharrezkoa hori zehaztea.

Hitzarmen Ekonomikoko auzi teknikoez negoziatzeko gunea da koordinazio batzordea, eta, inputazio indizea zehazteko aukera bere eskuetan utzita, etorkizunean eztabaida hori parlamentutik kanpo uzteko bidea irekitzen dela uste dute Geroa Baik eta EH Bilduk.

«Ez da beharrezkoa»

Asteak iragan dira, eta oraingoz ez dago akordiorik. Atzo, Eledunen Batzordearen osteko agerraldian, gaia hizpide izan zuten berriz. Barkosek gogora ekarri zuenez, Jose Antonio Asiain 1990eko negoziazioan Nafarroako ordezkari izandakoak baieztatu du ez dela beharrezkoa aldaketa hori egitea. Alde guztiak kontent utziko dituen konponbide bat aurki daitekeela uste du. EH Bilduko Adolfo Araizen ustez, «aldaketa hori ez da beharrezkoa». PSNko Ramon Alzorrizen arabera, konponbide bat aurki daiteke, «baina, Espainiako Gobernua ez badago ados, kale itsu batera» helduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.